Bidasoaldeko suhiltzaileek salatu dute “irla” bat direla Gipuzkoako parkeen sarean

  • Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Bidasoaldeko suhiltzaileen ordezkariek azaldu dute disfuntzio bat dagoela Irungo suhiltzaileen parkeko eta Gipuzkoako gainerakoen artean, udal eskumenekoa den Donostiako parkekoak ez direlako modu automatikoan irteten euren eskualdera, gertuen daudenak izanik ere: "Bizitzak daude jokoan".

Bidasoaldeko suhiltzaileen parkea. Anaka Kofradia

2025eko azaroaren 28an - 11:00
Azken eguneraketa: 15:48
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gipuzkoako suhiltzaile parkeen sarea ez dago bateratua. Alde batetik dago Donostiako parkea, udalaren zerbitzupean, eta bestetik Gipuzkoako gainerakoak, Aldundiaren zerbitzupean. Bidasoaldekoa azken horretan dago, Irunen kokaturik, baina "irla" moduan geratzen da, bakarturik. Hala salatu dute eskualde hartako suhiltzaileek Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteazkenean egindako agerraldian.

Irungo parkeak, 137.000 biztanleri zerbitzua eman behar die, eta hain zuzen, parke hori da Gipuzkoako sarean urtean irteera eta esku hartze gehien egiten dituena. Baina suhiltzaileek azaldu dutenez, "irla" egoera horrek desabantaila eta arrisku ugari dakartza. Izan ere, maila bateko larrialdia dagoenean, Donostiako suhiltzaileak ez dira "automatikoki" mugitzen ondoko eskualdera laguntza eskaintzera. 

Gipuzkoako Aldundiko suhiltzaileen parkeen sarea eta Donostiako udal parkea. Irungoa bakartuta geratzen da. Bidasoaldeko suhiltzaileak

Adibide bat jarri dute: "Errenteriako Don Bosco ikastetxean sute bat gertatuko balitz, Bidasoaldekoak 10 minututan egongo ginateke, Zarauzkoak 21 minututan, eta Tolosakoak 25 minututuan. Baina Donostiakoak modu automatikoan aterako balira, lehenak iritsiko lirateke, 6 minututan".

Argi utzi nahi izan dute ez direla zerbitzua bateratzeaz ari, "hori utopia litzateke –azaldu dio hedabide honi Urko Barbarin suhiltzaileak– baina bai eskatzen duguna da  sistema operatibo bateratu eraginkor bat ezartzea, elkarrekin lan egiteko".

Borondate falta

Donostiako parkeak, gaur egun, hiriburuaz gain, Usurbil, Lasarte, Hernani, Pasai San Pedro eta Pasai Antxori ere ematen die zerbitzua, Aldundiarekin bere garaian egindako hitzarmen baten ondorioz. 2018an Batzar Nagusietan onartutako Gipuzkoa Babestu 20-30 planean, parke hori Gipuzkoako sarean integratzea edo "bateratze operatibo" bat egitea jasotzen da, baina gaur gaurkoz ez dago koordinazio eraginkorrik eta "borondate falta" ikusten dute zentzu horretan.

Donostiako suhiltzaileak ez dira modu automatikoan irteten larrialdi bat dagoenean: "Deitzen badiegu etortzen dira, noski, beti etorri izan dira, eta gustu handiz. Baina denbora ikaragarri galtzen da tarte horretan"

Agerraldian emandako datuen arabera, 2024an Zarauzko parketik 84 aldiz irten ziren Bidasoaldera esku hartzera modu automatikoan, Tolosatik bost aldiz, eta Donostiatik ere bost aldiz, baina kasu honetan modu ez automatikoan. "Deitzen badiegu etortzen dira, noski, beti etorri izan dira, eta gustu handiz. Baina denbora ikaragarri galtzen da tarte horretan", azaldu du Asier Goikoetxea suhiltzaileen sarjentuak.

Horregatik, eskatzen dutena da gutxienez Donostiako Udalarekin hitzarmen bat egitea hango suhiltzaileei modu automatikoan irtetea ahalbidetuko diena: "Hori oso erraz lortu daiteke sinadura batekin". 

Asier Goikoetxea Bidasoaldeko parkeko suhiltzailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan azalpenak ematen. Gipuzkoako Batzar Nagusiak

"Guk daramagun zama, zuek ere daramazue"

"Zein da gure leloa? Bizitzak arriskuan daudenean gertuen dauden suhiltzaileak mobilizatu daitezela –dio Goikoetxeak–. Berdin zaigu ze eskudo daukaten, ze kolorekoak diren edo ze naziotakoak diren. Berdin zaigu. Joan daitezela gertuenekoak. Zeren eta herritarrek ez dute beste ezer ulertuko". 

Unai Baiola suhiltzaileak, zein larrialdi zerbitzu nahi dugun hausnartzea eskatzen du: "Ikusten ari gara, kanpoko arrazoi desberdinengatik, izan aldaketa klimatikoa edo beste, hausnarketa hori eman beharko litzatekeela eta, erantzunaren arabera, zein emergentzia eredu nahi dugun definitu beharko genuke". 

"Zein da gure leloa? Bizitzak arriskuan daudenean gertuen dauden suhiltzaileak mobilizatu daitezela"
(Asier Goikoetxea, suhiltzailea) 

Batzar Nagusietako agerraldia euren egoera eta kezka zein den ezagutarazteko baliatu dute suhiltzaileek, beraiek duten "zama" elkarbanatzeko: "Orain guk daramangun zama hori zuek ere daramazue, eta egunen batean zerbait gertatuz gero esango dugu, 'zuek ere bazenekiten'", halaxe zuzendu zaie Goikoetxea talde politikoetako ordezkariei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.