Polizia-agente izateko udaran lan eskaintza publikora (ELP) aurkeztutako pertsonen %90ek ez zuen gainditu. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurreratu du azterketa gainditzea erraztuko duela hilabete barru egingo diren oposizioetan.
Ertzaina edo udaltzaina izateko lan eskaintza publiko bateratura 3.609 pertsona aurkeztu ziren uztailean 650 lanpostu betetzeko. Azterketara bertaratu zirenen artean 380k soilik gainditu zituzten proba teoriko eta psikoteknikoa. Hau da, %90ek ez zuen gainditu, eta 270 postu hutsik geratu ziren. Ez ohiko egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ELP gainditzeko exijentzia maila erraztuko du.
Azterketa psikoteknikoan emango da aldaketa, proba horretan izan baitziren kalifikazio okerrenak. Orain arteko deialdietan, gainditu ahal izateko fase bakoitzeko azterketa guztiak gainditu behar ziren. Hilabete barru Barakaldon egingo den oposizioan, aldiz, lau faseetako azterketen batez bestekoa egingo da, eta gainditzeko 120 puntutik 60 atera beharko dira. Ez da gainditu beharko fase bakoitza. Probak jarraituko du proba parte hartzailea eta nahitaezkoa izaten, polizia-agente izateko prozesuan dituen gainerako proben antzera.
Udarako ELPko suspentsoen ostean, Ertzaintzaren Arkautiko akademia zuzendari Miren Dobaranek kargua utzi zuen. Vocento taldeak zabaldu zuenez, akademian zeuden zenbait irregulartasun aldatzeko asmoa zeukan Dobaranek, baina zenbait barne oztopo zirela medio, dimisioa eman zuen. Hedabide horren arabera, Arkautiko eta Segurtasun Saileko hainbat boteregunek desadostasunak izan zituzten. Hamar irakasle inguru kargutik “era irregularrean” kentzeko erabakia Ertzaintzako hainbat goi karguk ez zuten ongi ikusi, ezta ELPko azterketak ez filtratzeko hartutako neurriak ere.