Jon Landa: «Zuzenbidea, zentzu zibilizatuan borrokatu beharreko eskubidea da»


2021eko uztailaren 19an
«Gai zaila izan arren, erakargarria egiten zait giza eskubideen arloan lan egitea. Gai dramatikoak daude eta sufrimendu asko, baina, niretzat, sail hau zuzentzea pribilegioa da», adierazi digu Giza Eskubideen zuzendariak.

Jon Landak giza eskubideak jorratu ditu irakaskuntzan ere, ikuspegi penaletik: «Zuzenbideko tesi penala giza eskubideen gaia kontuan hartuta gauzatu nuen. Giza Eskubideen Zuzendaritzan berau praktikan landu ahal izateak animatu nau zeregina hartzera».

Gustura ari da, giro ona aurkitu du sailean: «Giza eskubideen hainbat arlo daude, eta berauetan ahalik eta gehien lan egitea da nire asmoa, modu apalean eta gizartea kontuan hartuta betiere».

Giza eskubideez aritu gara solasean, eta hiru esparru bereizi ere. Etorkinen munduaz eta genero indarkeriari buruzko bere ikuspegiak koadroetan paratu ditugu, laburrean. Politika esparruko giza eskubideen urratzea, Estatuaren eta honen kontrakarreko indarkeriaren ondorio gisa planteatu diogu Jon Landari. Kontzeptuak kontzeptu eta euren zehazpenen zailtasuna kontuan hartuta, nazioarteko fenomeno terrorista hizpide abiatu dugu solasaldia.

Zein neurritan eragin du giza eskubideetan nazioarteko fenomeno terroristak, eta honen aurka, ordenamendu juridiko penalean izandako aldaketak?
Zuzenbide arloan izandako aldaketek terrorismoaren fenomenoaren aurrean erantzuteko moduetan eragin dute, txarrerako nire iritziz. Esaterako, apologia delituak estatu demokratikoetan susmagarriak dira, ez dago oso ondo jakiterik apologia debekatuz gero noraino irits gaitezkeen, beraz, gizabanakoaren adierazpen askatasuna urratzen ari da. Adierazpen askatasuna funtsezkoa da, horri ideologia askatasuna lotuta baitago. Izan ere, apologia nolatan izan daiteke delitua? Hitzekin ezin da deliturik egin. Hitza beti izan da susmagarria eta batzuetan ordenamendu juridiko penalean apologiatzat jo dute, ez beti hala ere. Azken aldaketa apologia delitua Lege Organikoan sartzea izan da. Munduko joera orokorrak bere isla du tokian toki eta Euskal Herrian ere bai.

7/2002 Lege Organikoaren aldaketaren eragina Alderdi Legearen aplikazioan edo 18/98 sumarioan lekuko.
Alderdien Legean eta 18/98 makro-sumarioan eragina izan dute lege aldaketa horiek, bistan da. Alderdi Legearen filosofiaren oinarrian apologiaren jarduera dago, apologia jardueretan oinarrituta zigor-neurriak ezartzen ditu eta hori oso da kritikagarria, beraz kritikatu eta salatu beharra dago. 18/98 sumarioaren arazo handiena Kode Penalean "banda terroristarekin elkarlanean jardutea" birdefinitu izana da, horren definizioa handituz, bere barruan kabitu ez ziren hainbat jarduera sartu dute, delitu ez zirenak delitu bihurtu dira, definizioak orokorregiak dira, zuzenbide penalean egon behar den erantzukizun indibidualaren printzipioaren kontra. Honek guztiak euskarri bat eman dio lehen sartzen ez zen hainbat eta hainbat jarduera sumarioetan sartzeko.

Delitu egileen bergizarteratzeko politikara etorriz, giza eskubideak nola daude?
Bergizarteratze printzipioa auzitan jarriz de facto ezabatu nahi dute. Bergizarteratze printzipioa gogoratu beharra ikusten dut: «Zigorra ezartzen dugunean, presoa espetxetik aterata gizartean birtxertatzeko baldintza hobeagoetan egongo dela pentsatu behar dugu». Zigorra ezartzean, zigorrak zertarako balio behar du ez bada gizartean hobeto integratzeko? Helburua hori da. Zigorraren bitartez nahi badugu pertsona bat kartzelatik ez ateratzea, printzipio hori alboratzen ari gara. Kapaza izan beharko genuke, esaterako, Espetxeko Lege Organiko orokorra aldatzeko, baina orduan alda ditzagun Konstituzioa eta ordenamendu juridikoa, esan dezagun horiek ez dutela balio eta proposa dezagun eredu berri bat. Bestela, zuzenbidearen printzipioen araberako eredua bete eta errespeta dezagun.

Euskal preso politikoen kasua hizpide, Igor Angulo hil berria izaki. Zure sailak norainoko eragina du balizko giza urraketa salatu eta eragozteko neurriak hartzerakoan?
Batzuetan, hau da kasua, guk ez daukagu eskuduntzarik. Transferitzeko daude oraindik ere. Beraz, guk ez dugu jardun zuzenik. Kasu hauen aurrean gelditzen zaiguna hitza da, eta ez da nahikoa. Kasuon, baldin eta giza eskubideen urraketa gertatu baldin bada, taxuzkoena da gertatu dena esatea, urkatuta aurkitu badute ikerketa sustraietaraino zabaldu behar da eta gertatua argitu. Urkatu dela frogatzen bada, ez bakarrik urkatu egin dela, baizik norbaitek "lagundu" duela urkatzen, giza hilketa ikaragarria litzateke, giza eskubideen urraketa erabatekoa.

Espetxe politikako giza eskubideen trataeraz zer diozu?
Kartzelako bizi baldintzak zelakoak diren ikusita, giza eskubideen estandarrak urratzen ari dira. Alegia, ez da, besterik gabe, gizarteratzeko printzipioa zaindu beharra dagoela, gizatasun printzipioa ere zaindu behar dugu. Delitua eginagatik nola tratatu duintasuna duten pertsona horiek? Duintasuna ordea, mugatuta dago euren egoeran. Esaterako, lehen gradua modu sistematikoan aplikatzea motibo barik arbitrarioa da, baldintza ez duinak ezartzea. Baldintzak ez dira neutroak giza eskubideen estandarren aurrean, beraz, espetxe politika hau aztertu eta salatu behar da gizatasun printzipioa urratzen duelako.

Euskal auzia hizpide, Espainiako Estatua biktimak eragin dituela onartzeko moduan ikusten al duzu?
Gidarik onena giza eskubideen estandarra da, ez da zuk ez nik edo beste inork interpretatzen duena, Nazioarteko Auzitegiek interpretatzen dutena baizik. Nik ez dakit Estatuak zer egingo duen, baina biktimak nor eta zelakoak diren esateko oinarri sendoa dago giza eskubideen gaineko jurisprudentzian. Irizpide nahikoa dago zertaz ari garen zehazteko, ez dut zalantzarik.

Biktimen artean kategoriak al daude?
Ez lukete egon behar.

Baina badaude.
Batzuentzat agian bai. Bizi dugun dramaren baiezpena da: batzuentzako biktimak batzuk dira eta besteentzako beste batzuk. Bakoitzak, dirudienez, dugun zauritik ikusi nahi dugu egoera, hau da, zauria geurea denean identifikatzen gara biktimarekin. Aldiz, beste bati guri egiten digutena egiten badiote ez dugu ikusi nahi. Urraketa non dagoen jakiteko eta ikusteko kapaz izan behar dugu. Denok bihotza daukagu eta puntu bateraino gizalegezkoa da biktima batzuk hurbilago sentitzea, baina besteen urraketak ukatzea! Aitor dezagun besteena ere, eta horrek ez du ekarri behar sufrimendua erlatibizatzea. Kapaz izan gaitezen kode komuna ipintzeko. Giza eskubideen definiziorako gida berberari heldu behar diogu kasu guztietan. Urratsak eman behar ditugu zentzu horretan.

AVTren jarreraz zein da zure iritzia?
Printzipioz ez ditut baloratuko biktimen talde baten aldarrikapenak edo sentimenduak. Baina hausnarketa hau egin nahi dut: Biktima lur jota dagoenean bere sentimenduak askatu egiten ditu. Beste gauza bat da biktima horien kontrako delitua zein politikarekin artikulatu eta orientatu behar den. Adibidez: gutako norbaiten senitartekoa bortxatzen badute eta galdetzen badigute zer egin behar zaion bortxatzaileari, supituan, ziur aski giza eskubideen urratzea ekarriko luketen hitzak erabiliko ditugu. Horiek esan arren, guk bestelakoa egin behar dugu. Hau da, terrorismoaren ondorioz dauden biktimek sufrimendu ikaragarria dute, eta elkartasun mailako adierazpena eman behar zaie, bat egin behar dugu sufrimenduarekin, horrek gizakiago egiten gaitu. Baina politika egitean, arrazoiz, erantzukizunez eta arretaz jokatu behar dugu, sentimendu hutsekin ezin dugu politikarik egin.

Hiritarrek zein kontzientzia maila dugu giza eskubideez?
Kontziente izan behar dugu eskubideen borroka etengabea dela. Baina zuzenbidea ez da zuk borrokatu gabe norbaitek eman dizuna, zentzu zibilizatuan borrokatu beharreko eskubidea da zuzenbidea. Batzuetan jendeak eskubideak ehunetik ehunean eta berehala nahi ditu. Kontziente izan behar dugu hainbat eskubide edota eskubide guztiak ez direla inoiz betetzen eta betetzen joan behar dugula. Hau da, eskubideak ditugunaren kontzientzia badugu, baina berauek bete daitezen estrategiak diseinatzeko heldutasuna lortu behar dugu. Eta hori ez da lortzen besteen giza eskubideen kontra joz.

Eskubideak eta betebeharrak bereizten al ditugu hiritarrok?
Elkartasun printzipioak beteko dira baldin eta herritar denok militantziaz jarduten badugu. Estatuei eta instituzioei den-dena exijitu behar diegu, baina guk ere zerbait ekarri behar dugu. Ostera ez dugu beharrezko kultura politikoa lortuko behar den azkartasunez.

Zuk zeuk tolerantzia eta errespetu hitzak bereizten al dituzu giza harremanetan?
Nondik begiratzen den, eta juristoi galdetuta areago. Ñabardurak daude bakoitzean. Errespetu hitzak gehiago erakartzen nau. Tolerantzia hitza erabiltzen badugu, batzuetan, zerbait onartzen dugula dirudi, nahiz gustuko ez izan. Errespetu kontzeptuaren barruan hauxe dago niretzat: «Gauza batzuetan ez gara inoiz ados egongo, baina elkar errespetatu behar dugu denok duintasun berbera dugulako». Horrela azalduta gehiago gustatzen zait errespetu hitza.

«Etorkinak arazo bezala hartzea ez da zuzena»

Gaia aspaldikoa da, Euskal Herrira beranduago iritsi den arren. Alboko herrialdeetan etorkinekiko politika hamarkadetan landu dute. Euskaldunon kontzientzia maila handia da, instituzioetan nahiz gizartean. Herritarrok jakitun gara mundua aldatu dela eta gero eta etorkin gehiago etorriko dela. Arazo handiena sortzen da ordenu publikoko arazoa balitz bezala planteatzen denean, hedabideetatik sarritan. Etorkinak arazoa bezala hartzea eta agertzea ez da zuzena. Gu ere emigratzaileak gara. Pentsamolde hori aldatzen lagundu beharraz kontziente gara instituzio honetan. Instituzioek sustapen lana egin behar dugu, baina gizartearen jarduera ere funtsezkoa da, arazo dramatikoak daudenean erreakzioak ere halakoxeak baitira, aldarrikapen sutsuak eta beroak egiten dira. Inmigrazioaren mundua eta etorkinak ondo ezagutu behar ditugu denok. Delitu egilea berezitu behar da, eta horrek ez du etorkin ez genero kolorerik. Etorkin asko ari da lanean familia aurrera ateratzeko, zintzo, eta eskubide osoa dute hori egiteko. Instituzioak lanean ari gara, baina ez instituzioek ez gizarteak, etorkinak oraindik ez ditugu ikusten gu bezala eskubideen ikuspegitik. Hori gure burmuinetan txertatuta dago eta geure buruetatik ateratzea da gure zeregina. Horretan ari gara.

«Batez ere gizonok aldatu behar dugu

Genero indarkeria gaur egun lehen baino gehiago ote dagoen? Aztertu beharko litzateke. Badago datu bat, egun kasu gehiago ikusten da duela hamarkada batzuk baino eta horrek min gehiago egiten digu. Horren kontzientzia hartu behar dugu, baita barneratu ere. Kontzientzia arazoa dagoenean, arazo horren arabera nola jardun barruratu behar dugu eta horren arabera jokatu. Herrialde batetik bestera dauden ohiturak ezagutu eta ikasi behar ditugu, eta hartara iritziak eta moduak aldatu.
Batez ere gizonok aldatu behar dugu jarrera. Kasurik dramatikoenetan, giza hilketak ematen direnean, emakumeek egindako aldarrikapenen aurkako erantzuna da gizonena. Gizon horiek ez dira aldarrikapen horiek ulertzeko eta onartzeko gauza eta zoritxarrez indarkeria dute erantzun modu bakarra. Apalak izan behar dugu, ordea. Bakoitzak egia erabiltzen dugu, egia geurea soilik balitz bezala, bestearena entzuten kostatzen zaigu. Gure seme-alaben heziketa landu behar dugu eta ez soilik mezuetan, praktikan baizik. Familiatik hasi eta hedabideetaraino bitarte, gaia landu behar dugu: Nor da boterean? Nork hartzen ditu erabakiak? Hitz batean, zer-nolako ereduak nahi ditugun planteatu behar diegu gure seme-alabei. Mezuekin batera egitateak gauzatu behar ditugu, denok badugu zer egina.


Azkenak
2024-09-24 | ARGIA
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak

Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko... [+]


NBEko Batzar Orokorrak gehiengo zabalez agindu dio Israeli okupazioa amaitzeko urtebeteko epean

181 estatu kideetatik 124k babestu dute neurria, eta hamalauk soilik bozkatu dute kontra. Ez da erabaki loteslea, eta ez da espero honen ondorioz Israelek jarrera aldatzerik.


2024-09-24 | Mikel Aramendi
Mintegi akademiko batek astindu ote dezake potentzien geoestrategia?

Tximeleta efektua deituaren bertsio eguneratua ematen du: unibertsitate-mintegi arrunt eta ziztrin samarra baino asko gehiago ez lirudikeenak belarri guztiak tentetu arazi ditu Asia Ekialdean, bereziki Japonian. Baita gugandik gertuago ere.


2024-09-24 | ARGIA
6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, gehienak hegoamerikarrak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.158 emakume eta Nafarroan 817 ari dira prostituzioan, orotara 5.975, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan, 18 urtetik gorako emakumeen  %0,56 ari da prostituzioarekin... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Otsoa babesteko neurriak salatu dituzte abeltzainek Amurrion, hildako ardiak jendaurrean erakutsita

Abeltzainek otsoen azken erasoak salatu dituzte igandean ospatutako Amurrioko Artzain Egunean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Iragan astean otsoek Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora, erakusteko artaldeak otsoen erasoetatik... [+]


2024-09-24 | Gedar
Foruzainei ere emango dizkiete taser pistolak

Araudi-aldaketa bat egitean, Foruzaingoan taser pistolak modu progresiboan hedatzea espero da: oraingoz, 150 ematea aurreikusi dute. Beste polizia-indar batzuetan ere ari dira arma hori zabaltzen, tartean, Nafarroako hamaika udaltzaingotan eta Guardia Zibilean.


Ehunka sare komunitarioa martxan da Bilbon

Larunbatean aurkeztu dute Ehunka San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako sare komunitarioa, hiru auzoetako bizi baldintzak hobetzearen alde lanean dabiltzan eragileek osatua.


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


2024-09-24 | Mondraberri
Faxistek fusilatutako arrasatearrak omenduko ditu irailaren 26ko ekitaldiak

88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.


2024-09-24 | Euskal Irratiak
Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.


Ikastetxeetan mugikorra debekatzeko eskatu diote guraso taldeek Jaurlaritzari

Ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izan daitezen araudia sortzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari hainbat guraso taldek, gutun bidez eta sinadura bilketa abiatuta. Gaur gaurkoz, eskola bakoitzaren bizkar dago erabakia: mugikorra onartu ala ez eta zein baldintzatan... [+]


Eguneraketa berriak daude