Dozenaka herritar mobilizatu dira larunbat eguerdian Zarautzen, turismoaren negozioaren aurka. Turismotik aberasten diren enpresaburuak seinalatu dituzte, uda sasoiko langileen baldintzak negargarriak direlako; turismoari loturiko etxejabeak ere interpelatu dituzte, negozioa egin eta batik bat etxebizitzaren alokairua igotzen laguntzen dutelako; eta azkenik, politikariak ere seinalatu dituzte, "konplize" direla adierazita.
10 etxetik 3, neguan hutsik
Bereziki Zarautzen eta Urola Kosta eskualdean dagoen etxebizitzaren auzia nabarmendu dute manifestariek. Etxebizitza Sindikatuak adierazi duenez, etxe turistikoak hirukoiztu egin dira Zarautzen azken zazpi urtetan, eta herriko hamar etxetatik hiru, gaur egun, hutsik daude edo bigarren etxebizitza dira. Hortaz, herrian ez direla etxeak falta adierazi dute, azken urteotan argudio horrekin mila etxebizitzatik gora eraiki badira ere. Sindikatuak emandako datuen arabera, azken hamar urteotan alokairuaren prezioa %40 garestitu da eta etxe eraiki berriek 500.000 eurotik gora balio dute.
Azken 10 urteotan alokairuaren prezioa %40 garestitu da Zarautzen, eta etxe eraiki berriek 500.000 eurotik gora balio dute
Turismo jasa handiko herri edo hirietan ohikoa den moduan, Urola Kostan ere gertatzen da alokairuan bizi diren "herritar askok" udan euren etxea uztera behartuta egotea, "etxejabeek turistei alokatuta diru gehiago irabazten dutelako". Orioko bizilagun batzuen kasua ekarri dute gogora: aurreko udan etxetik alde egin behar izan zuten, baina aurten, sindikatuarekin antolatuta, jabeari eta higiezinen agentziari planto egin eta etxean geratzea lortu dute. "Horrek erakusten digu antolakuntzaren bidez garaipenak posible direla", nabarmendu du Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak.
Horrez gain, Zarauzko Udala ere interpelatu dute, uda sasoian ekitaldiak biderkatu egiten direla argudiatuta, turismoari bideratuta batik bat, Los 40 Summer Live jaialdia esaterako. Pasa den astean herriko hainbat eragilek protesta egin zuten: hainbat ekitaldiri "erraztasun guztiak" eta "diru partida handiak" bideratzen zaizkien bitartean, herriko eragileei "oztopoak" jartzen zaizkiela salatu zuten, baliabide ekonomikoei zein espazio publikoa erabiltzeko baldintzei dagokienean.