Konstituzioa aldatu eta betiereko presidente bihurtzeko ateak zabaldu ditu Nayib Bukelek

  • Bigarren aldiz da El Salvadorko presidente Bukele, konstituzioak legegintzaldi bat baino gehiagoz presidente izatea debekatzen badu ere. Orain, konstituzioa aldatu eta nahi beste aldiz hautatu dezakete presidentea.

Nayib Bukele eta bere emazte Gabriela Rodriguez, Buekelek 2024ko hauteskundeak irabazi berritan. Casa Presidencial El Salvador (CC CC0 1.0)

2025eko abuztuaren 4an - 12:41
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nayib Bukelek El Salvadorko presidente izaten jarraitzeko zituen konstituzio mugak bertan behera utzi ditu. Uztailaren 31n El Salvadorko kongresuak konstituzioaren erreforma onartu zuen, 1983tik lehen aldiz, eta horren ondorioz egungo presidenteak ez du izango mugarik hauteskundeetan nahi beste aldiz aurkezteko. Horrez gain, legegintzaldiak bost urtetik seira luzatu dituzte, eta bertan behera utzi dute hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia. Alegia, ez du bozken erdia beharko presidente izateko.

Salbuespen egoeran eta politikaren arauak goitik behera aldatuta lortu du Nayib Bukelek bere boterea betikotzea. Presidente milennial gisa famatu egin zenak 2019an eskuratu zuen boterea, babes nabarmenarekin. Egun, kongresuaren kontrol osoa du: 60 diputatutik 56 dira Bukeleren Nuevas Ideas –Ideia Berriak– alderdikoak eta PDC alderdi demokristauaren babesa ere badu. 57 dira, beraz, Bukeleren edozein erreforma edo lege proposamenen alde bozkatzen dutenak.

Kongresuaren babes hori, ordea, Bukelek berak egindako aldaketen ondorio da. 2023ra arte 84 diputatu zituen kongresuak, baina urte hartan presidenteak legea aldatu eta 60ra jaitsi zuen diputatu kopurua. Gauza bera gertatu zen udalerriekin ere: 2024 aurretik 262 zeuden, egun 44 dira. Zifren jaitsiera horrek gehiengoa eman dio Bukeleren alderdiari, eta bozka gutxiago jaso dituzten alderdiak ordezkaririk gabe utzi dituzte udaletan zein kongresuan.

"Hil da demokrazia"

Bukeleren neurri berriak erreakzio andana sortu ditu, herrialdean zein bertatik kanpo. Bere aldekoek neurriak txalotu dituzten bitartean, oposizioko kideek neurria gaitzetsi dute. “Egun honetan El Salvadorko demokrazia hil da”, adierazi zuen bozketaren unean bertan Marcela Villatoro oposizioko ARENA alderdiko kideak. 

Villatororen iritzi bertsua izan dute nazioarteko zenbait erakunde eta GKEk ere. HRW Human Rights Watcheko zuzendariorde Juan Pappierrek salatu zuen gizartearen babesa erabili duela "konstituzioa deuseztatzeko", eta, hori horrela, "diktadura bihurtzeko" bidean dagoela. Sare sozialetan ere oihartzun zabala izan du erabakiak, eta komunikabide eta erabiltzaile ugarik idatzi dituzte mezuak. "Diktadore" izatea aurpegiratu diote presidenteari, eta berak egindako adierazpenak ekarri dituzte gogora, berriz aukeratzeko aukera baztertzen. 

Pausoz pauso lortutako boterea

2019an heldu zen boterera Nayib Bukele, herritarren babes zabalarekin. Legez, legegintzaldi horretan baino ezin zuen izan presidente, El Salvadorko konstituzioak debekatzen baitzuen aurreko legegintzaldian presidente izandakoa berriz izatea hautagai. Lehen legegintzaldi hartan, ordea, neurriak hartu zituen egoera aldatzeko, eta Konstituzio Auzitegiko epaileak aldatzearekin bat, berriz hautatzea onartu zioten. Horrela izan zen 2024ko hauteskundeetan, eta botoen %84,65 eskuratu zituen Bukelek.

Hauteskunde horiek gauzatu zirenean, ordea, herrialdea salbuespen egoeran zegoen; eta horrela dirau egun ere, 2022ko martxoaren 27tik. Hiru urte pasatxo daramatza, beraz, egoera horretan herrialdeak, indarkeriaren gorakada batek eraginda. Tarte horretan, atxiloketa eta erbeste kasu ugari egon dira. 80.000 atxilotu izan direla diote datu ofizialek, eta giza eskubideen aldeko elkarteek salatu dute 20.000 baino gehiago errugabeak direla, ez dutela zerikusirik talde kriminalekin.

Horrez gain, azken hilabeteetan giza eskubideen aldeko zenbait ekintzaile kartzelaratu dituzte, beste batzuek alde egin behar izan dute, baita zenbait kazetarik ere: APES El Salvadorko Prentsa Elkarteak salatu du 40 kazetarik herrialdetik ihes egin behar izan dutela, zenbaitetan poliziak mehatxu egin dielako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: El Salvador
2025eko abuztuaren 18
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

2024ko abenduaren 23
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
"Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere"

2024ko maiatzaren 2
Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.