"Victory Garden": krisiari aurre egiteko, lorategiak baratze bihurtu

  • Larrialdiaren itsumustuan, agintariek erabaki dute –ekonomiaren izozteko neurrietan irakur daitekeenez– laborari profesionalei baimentzen zaizkiela elikagaiak ekoiztu, transformatu eta merkaturatzeko mugimenduak. Poztuko gara baldin eta horrek gure baserritarrei herritarrok elikatzeko lana errazteko balio baldin badu: zuzeneko salmenta, plazetako azokak, komertzioetara erraz iristea... Baina agintariek ez digute eragotzi behar batera edo bestera elikagaiak sortzen ditugun ortuzain amateurroi ere. Aitzitik: agintariak enteratu ez badira ere, krisia elkarrekin gainditzea nahi dugun jende guztiok sustatu behar genuke gure inguruko lorategiak ortu bihurtzea, edertasunari erabilgarritasuna uztartuz.


2020ko martxoaren 30an - 11:40

Krisiak aurrera egin ahala denetik beharko dugu burua jasotzeko. Covid-19ak mundu osoa inarrosi ostean, herritarren sabelak asetzea izango da lehentasun. Agintariok: borroka hau gerra bataiatu baduzue, begiratu zuen artxiboetan nola atzegoardian beti sustatu izan den herritarrek atarian bertan elikagaiak ekoiztea, bai familiaka edo bai auzolanean.

Joan den ostegunez, martxoak 26, Hernaniko baratzezain amateurrok zori oneko izan ginen: asteroko azoka baimendura azaldutako saltzaile urrien artean, bi mintegi etorri zitzaizkigun beren landare eskaintza oparoarekin. Lastima hain erosle gutxi hurbildu izana. Bezperan herritarrei jakinarazi balitzaie... Landarezaleen furia beranduxeago izaten omen da, esan zigun auto-kontsolatuz Ibarrako mintegi historiko baten nagusiak, baina nire ondoan dozena pare bana letxu, erremolatxa eta marrubi landare gehi ziento bat tipulina erostera etorritako lagunak eta biok beste arrazoi batez erantzun genion: beren ortu txikia etxetik aparteko eremu pribatu batean edo udalak eskainitako herri baratzetan daukaten asko haietara iritsi ezinean dabiltzala, indarrean dauden debekuak medio.

Etxe atarian jardin ñimiño bat ortu bihurtuta, barazki, erle, oilo, untxi, ahuntz eta abarrez hornitua, "Dig for Victory" kanpainari erantzunez. 1943an Ingalaterrako prentsan azaldutako irudia.

Izurriari nola edo hala hesia jartzeko ahalegin nahasi honetan txikikeria irudi lukete ortu amateurrok, baina egia baldin bada –eta dagoeneko ez dago Paul Krugman izan beharrik hala dela ohartzeko– izurriak berekin 2008koa baino sakonagoko krisia ekarri duela eta Covid-19aren aurkako gerra luzarako doakigula, datozen arazo berriei aurrea hartuko diegu herritarren artean sustatzen hasita –krisi larri eta gerra guztietan egin den moduan– ahalik eta elikagai gehienak nor bere etxe atarian ekoiztea. Baldintzak zorroztuta, ados: baratzeetan inork inor ez kutsatzea zorrotz zainduta lan egin, baratza amateurretako mozkinak inon saltzeko debekua, egoera gogortuko balitz barazkien ehuneko hainbeste komunitateari entregatu beharra... nahi diren baldintzak jarri, bai, baina sustatu elikagaien ekoizpena. Eta egin bidea itxialdi derrigortu hau arintzen denean –eta arinduko dute– herritar gehiago has daitezen herri lurrak diren parke eta lorategietan baratzeak lantzen. 2008ko krisiarekin eta trantsizio energetikoaren mezua zabaldu ahala udal askok sustatu dituzte urteotan herri baratzeak; ez da atzera egiteko garaia, aurrera jauzi egitekoa baizik.

Hala egin zuten II. Mundu gerra garaian gobernuek AEBetan eta Britainia Handian, sustatuz Victory Garden (Garaipenerako Baratzeak) eta Dig for Victory (Garaitzeko hasi aitzurrean) kanpainekin: zuek elikagaiak etxe ondoan sortu eta horrela erraztu laborari profesionalen laboreak gerrarako erabili ahal izatea. Mike Davis ikerlari amerikarrak emandako azalpenen haritik kontatu genuen 2007ko Net Hurbil batean. Koronabirusak ekarri duen anabasa globalaren erdian, agintarien lehentasunetako bat bihurtu da janariak oso urrundik ekarrita elikatzen diren hiri handietako milioika kaletarren sabelak betetzea. Horra nola behar estrategiko bihurtu den ahal dugun herritarrok elikagaien ekoizpenean parte hartuz hori erraztea, alegia: gerran urruneko fronteetara bezala gaur hirietako janari-basamortuetara irits daitezela laborari profesionalen laboreak, aski eta kalitatezko.

Hona zer zioen 2007ko Net Hurbil hark:

Gure aiton-amonek badakite mundua nola salbatu

Nola liteke Mendebaldean inguruneaz eta aberastasunaren justiziarik gabeko banaketaz ele eta mele jardutea eta kontsumismoak bere gorenean segitzea? Posible ote da herritarrek horri uko egitea? Mike Davisek uste du gerra garaia ezagutu zuten gurasoek erantzuna badutela.

Ekologista moduan mintzo diren gure arteko askok ‘supersize’ bizimodua daramate. (...) Posible ote litzateke amerikarrok geure borondatez uko egitea 4x4ei, etxe handiei, McDonald’sei eta belardi artifizialari?”. Mike Davis kazetari eta idazlearen galdera lotzen zaio duela hamabost eguneko Net Hurbili (“Apirilaren 15etik ingelesak planeta jaten ari dira”) eta badu mamia yankiak ez garen beste mundutar aberatsentzako ere. “Komunikabide nagusiak etengabe mintzo dira karbono kredituez, auto hibridoez, hirigintza berriaz... eta hala ere gure lorratz ekologikoa egunetik egunera handiagoa da”.

Erantzun bat gure aiton-amonek eduki dezaketela idatzi du Mike Davis Kalifornian bizi den ikerlari trostkistak Alternet aldizkari elektroniko iparramerikarrean: “Home-front ecology: What our grandparents can teach us about saving the world”.

Mezuetako bi: "Lur mutur orok balio behar du ekoizteko" eta "Eta zer diozu zure soropilaz?"

II. Mundu Gerraz ari da Davis. “1940etan amerikarrek itsasoz beste aldean faxismoa eta etxean alferrikako xahutzea biak batera borrokatu zituzten. Nire gurasoak, haien bizilagunak eta milioika herritar autoak etxean utzita bizikletaz joaten ziren lanera, etxe aurreko lorategiak aitzurtu eta azak landatu zituzten, hortzetako pastaren tuboak eta sukaldeko olioa birziklatu zuten, boluntario lanean aritu ziren soldaduei laguntzeko zentroetan, etxeak eta otorduak ezezagunekin partikatu zituzten, eta behar zenaz gain ez gastatzen ahalegindu ziren”.

Davisen ustez II. Mundu Gerra izan zen AEBen historian egin den kanpaina berde masibo eta zabalena. Amerikarrek ez zituzten etxean jasan gerraren txikizioak –hil eta zauritu ugari bai fronte guztietan– baina hortzak estutu behar izan zituzten garaipen militarraren bila. Ordurako AEBetako gizartea bete-betean sartuta zegoen eredu kontsumista berrian, baina gerrak behartu zituen agintariak kanpaina egitera xahubidearen kontra eta kontserbatzearen alde.

Estatuak berpiztu zituen, adibidez, “Victory Garden” famatuak, garaipen baratze edo ortuak. I. Mundu Gerran Wilson presidenteak sustatu zituen janari urritasuna erremediatzeko, eta 1929ko krisi handiaren ondoren berriro bultzatu zituzten, langabeziari irtenbidea eman nahian. Pearl Harborreko hondamendiaren ostean AEB berriro gerran sartu zirenean, Nekazaritza Departamenduak “Food Fights for Freedom” (Askatasunaren aldeko Janari Gudua) kanpaina antolatu zuen.

Etxe Zuriaren aurreko lorategian 1943an barazkiak erein ziren, denen eredu. AEBetan 20 milioi ortuzain berri saiatu zen lan berean, eta bertako beharren %30-40 horietan ekoiztu zen, benetako nekazarien fruituak Britainia Handira edo Errusiara bidali ahal izateko.

Hiri barruko baratze haiek famatu egin ziren. John Malcolm Brinnin poeta eta kritiko famatuak The Garden is Political poema liburua idatzi zuen, eta bertan goraipatzen zituen “internazionalismo alorrak”. Boy Scout, sindikatu eta elkarteen artean milaka lur mutur itsusi eta abandonatu bihurtu zituzten auzo baratze, inguruko gaztetxoei ortuzain buruaski denaren harrotasuna eman zietenak. Chicagon bertan 400.000 eskola umek hartzen omen zuten parte “Garaipenerako Garbiketa” operazioetan.

“Victory garden” kanpaina horiek, Mike Davisen iritzian, janari beharrak asetzetik harago iritsi nahi zuten. Hiriguneen ikuspegi berdeago bat bazen herrietako zabortegiak ortu bihurtu eta milaka irakasle baratzezain maisu bilakatzeko ahalegin hartan.

Austeritatea hitz arrotza da

II. Mundu Gerrak koroa kendu zion errege bati: ordurako iparramerikarren bizimoduan jainko bilakatu zen automobilari. Detroiteko kotxe fabrikak egokitu zituzten tankeak eta hegazkin militarrak egiteko. Gasolina murriztu egin zen, kautxoa berdin. Horiek gabe herritarren garraioa eromena bihurtu zenez, agintariek kanpainak egin zituzten gidariek beste oinezkoak har zitzaten beren autoetan.

Arrazionamendu garaiko eslogan bitxi horren berri eman digu Mike Davisek: “Autoan bakarrik zoazenean, Hitlerrekin zoaz!”. Hori entzunik, nola ez partekatu autoa... Gasolina ere autoak zeramatzan bidaiarien arabera banatzen zen zenbait lekutan. Auto-stop egitea sustatu zen. Propagandak herritarrei dei egiten zien bus geltokietan zain zeudenak etxera hurbildu zitzaten, soldaduak baldin baziren batez ere.

Galdua zen garraiobide zahar bat berpiztu zen: zaldi-karroa. Hirietako auzo urrunetan bizi zirenen artean, batik bat. Hala ere, benetan modan jarri zena bizikleta izan zen, urte haietan –urrezko aro baten ondoren– desagertuz joan zena. Komunikabideek asko aipatu zuten Britainia Handiko langileak bonba alemanen artean bizikletaz zihoazela nor bere fabrikara. Pearl Harborrekoaren ostean, txirringa “garaipen bizikleta” bihurtu zen AEBetan, arma sekretuaren pareko kasik. “Ehunka milaka gerra-langilek –idatzi du Mike Davisek– beren haurrei kendu zizkieten bizikletak gizartearen zerbitzurako, eta hiriek eta auzoek ‘bike day’ ospatzen zuten. (...) Autoentzako gasolina urri zegoenez, familia askok bizikletaz egiten zituen oporrak”.

Defentsa Zibileko Erakundeak (OCD, ingelesezko sigletan) beharrezkoa baizik ez erostea aholkatzen zuen, burubidez kontsumitzea, eta kontsumitzaileentzako informazio guneak ireki zituen, familietan elikadura, janarien kontserbazioa eta etxetresnen konponketa arinak nola egin irakasteko. OCDren idatzi eta afixetan –gerrak hala eskatzen zuelako– masa kontsumoaren balio sagaratuak hankaz gora jartzen ziren, hala nola modaren aldaketa arinak, itxuraren jainkotzea eta publizitatea, eta ordainetan, etxea zorrotz gobernatzen duen emakume mobilizatuaren irudia goraipatzen zuen.

Gerra batek eragiten duen larrialdiaren akuilukadaz, modak ere aldatu ziren, janzkien merkeagotze eta gehiago iraute aldera. Kontsumismoaren kritikarekin batera indartu omen ziren lanetan bezala janzkietan ere gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatzen zuten proposamen erradikalagoak. Oro har luxua harrokeriaz erakustea gaizki ikusia zegoen. Aldiz, aberatsek beren etxeak eta lurrak armadaren beharretarako lagatzea publizitatu egiten zen.

Laburbilduz, II. Mundu Gerran AEBetan lan asko egon zela eta austeritatea gailendu zitzaiela kontsumoari eta modari. Gerra hasierako nahasmenduaren ondoren, hiri eta herrietan bestelako bizimodua antolatu zen: auto gutxiagorekin, luxuak baztertuta, egunerokoari gehiago erreparatuz, bizikletan ibiliz, norbere edo auzoko baratzetik berdurak ekarriz, gutxiago bidaiatuz eta etxeari eta lagunarteari plazerra aurkituz. Pasatu zen gerra, eta laster indartu zen berriro kontsumismo eroa. Europan gerra ostea gogorragoa eta luzeagoa izan zen. Espainian zer esanik ez. Baina Mendebalde osoan berotu zen kontsumitu eta xahutzeko makina. Eta gaur arte. Hurrengo gerrak ondorio berak ekarriko ote ditu?

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude