Gure aiton-amonek badakite mundua nola salbatu

  • Nola liteke Mendebaldean inguruneaz eta aberastasunaren justiziarik gabeko banaketaz ele eta mele jardutea eta kontsumismoak bere gorenean segitzea? Posible ote da herritarrek horri uko egitea? Mike Davisek uste du gerra garaia ezagutu zuten gurasoek erantzuna badutela.
AEBetako herritarrak
Argazki handian, AEBetako herritarrak "Victory Garden" edo "Garaipen Baratze" batean. Honelako milioika antolatu ziren II. Mundu Gerra garaian, elikagaiak etxe ondoan sortu eta laborari profesionalen laboreak gerrarako erabili ahal izateko. I. Mundu Gerran sortu zuten formula, eta 1929ko krisi handiaren ondorengo urteetan ere erabili zen. Gobernuak publizitate kanpaina handia egin zuen baratze hauen alde. Afixeetako batek zioen: "Landu ezazu Garaipen Baratze bat. Gure janaria ere borroka da. Baratzeari esker, zuri dagokizun janaria urrunago iritsiko da". Xahutzearen kontrako eta aurreztearen aldeko ahaleginak autoen erabileran ere izan zituen ondorioak. Kotxe berririk ez zen egiten "“tanke eta abioiak ekoiztearren"“ eta gasolina arrazionatu egin zuten. Irudi txikiko afixak dio: "Autoan bakarrik bidaiatzean, Hitlerrekin bidaiatzen duzu. Sartu gaur bertan autoak partekatzeko klub batean". Modernoagorik...
Ekologista moduan mintzo diren gure arteko askok ‘supersize’ bizimodua daramate. (...) Posible ote litzateke amerikarrok geure borondatez uko egitea 4x4ei, etxe handiei, McDonald’sei eta belardi artifizialari?” Mike Davis kazetari eta idazlearen galdera lotzen zaio duela hamabost eguneko Net Hurbili (“Apirilaren 15etik ingelesak planeta jaten ari dira”) eta badu mamia yankiak ez garen beste mundutar aberatsentzako ere. “Komunikabide nagusiak etengabe mintzo dira karbono kredituez, auto hibridoez, hirigintza berriaz... eta hala ere gure lorratz ekologikoa egunetik egunera handiagoa da”.

Erantzun bat gure aiton-amonek eduki dezaketela idatzi du Mike Davis Kalifornian bizi den ikerlari trostkistak Alternet aldizkari elektroniko iparramerikarrean: “Home-front ecology: What our grandparents can teach us about saving the world”.
II. Mundu Gerraz ari da Davis. “1940etan amerikarrek itsasoz beste aldean faxismoa eta etxean alferrikako xahutzea biak batera borrokatu zituzten. Nire gurasoak, haien bizilagunak eta milioika herritar autoak etxean utzita bizikletaz joaten ziren lanera, etxe aurreko lorategiak aitzurtu eta azak landatu zituzten, hortzetako pastaren tuboak eta sukaldeko olioa birziklatu zuten, boluntario lanean aritu ziren soldaduei laguntzeko zentroetan, etxeak eta otorduak ezezagunekin partikatu zituzten, eta behar zenaz gain ez gastatzen ahalegindu ziren”.

Davisen ustez II. Mundu Gerra izan zen AEBen historian egin den kanpaina berde masibo eta zabalena. Amerikarrek ez zituzten etxean jasan gerraren txikizioak –hil eta zauritu ugari bai fronte guztietan– baina hortzak estutu behar izan zituzten garaipen militarraren bila. Ordurako AEBetako gizartea bete-betean sartuta zegoen eredu kontsumista berrian, baina gerrak behartu zituen agintariak kanpaina egitera derrotxearen kontra eta kontserbatzearen alde.

Estatuak berpiztu zituen, adibidez, “Victory Garden” famatuak, garaipen baratze edo ortuak. I. Mundu Gerran Wilson presidenteak sustatu zituen janari urritasuna erremediatzeko, eta 1929ko krisi handiaren ondoren berriro bultzatu zituzten, langabeziari irtenbidea eman nahian. Pearl Harborreko hondamendiaren ostean AEB berriro gerran sartu zirenean, Nekazaritza Departamenduak “Food Fights for Freedom” (Askatasunaren aldeko Janari Gudua) kanpaina antolatu zuen.

Etxe Zuriaren aurreko lorategian 1943an barazkiak erein ziren, denen eredu. AEBetan 20 milioi ortuzain berri saiatu zen lan berean, eta bertako beharren %30-40 horietan ekoiztu zen, benetako nekazarien fruituak Britainia Handira edo Errusiara bidali ahal izateko.

Hiri barruko baratze haiek famatu egin ziren. John Malcolm Brinnin poeta eta kritiko famatuak The Garden is Political poema liburua idatzi zuen, eta bertan goraipatzen zituen “internazionalismo alorrak”. Boy Scout, sindikatu eta elkarteen artean milaka lur mutur itsusi eta abandonatu bihurtu zituzten auzo baratze, inguruko gaztetxoei ortuzain buruaski denaren harrotasuna eman zietenak. Chicagon bertan 400.000 eskola umek hartzen omen zuten parte “Garaipenerako Garbiketa” operazioetan.

“Victory gardening” kanpaina horiek, Mike Davisen iritzian, janari beharrak asetzetik harago iritsi nahi zuten. Hiriguneen ikuspegi berdeago bat bazen herrietako zabortegiak ortu bihurtu eta milaka irakasle baratzezain maisu bilakatzeko ahalegin hartan.

Austeritatea hitz arrotza da

II. Mundu Gerrak koroa kendu zion errege bati: ordurako iparramerikarren bizimoduan jainko bilakatu zen automobilari. Detroiteko kotxe fabrikak egokitu zituzten tankeak eta hegazkin militarrak egiteko. Gasolina murriztu egin zen, kautxoa berdin. Horiek gabe herritarren garraioa eromena bihurtu zenez, agintariek kanpainak egin zituzten gidariek beste oinezkoak har zitzaten beren autoetan.

Arrazionamendu garaiko eslogan bitxi honen berri eman digu Mike Davisek: “Autoan bakarrik zoazenean, Hitlerrekin zoaz!”. Hori entzunik, nola ez partikatu autoa... Gasolina ere autoak zeramatzan bidaiarien arabera banatzen zen zenbait lekutan. Auto-stop egitea sustatu zen. Propagandak herritarrei dei egiten zien bus geltokietan zain zeudenak etxera hurbildu zitzaten, soldaduak baldin baziren batez ere.

Galdua zen garraiobide zahar bat berpiztu zen: zaldi-karroa. Hirietako auzo urrunetan bizi zirenen artean, batik bat. Hala ere, benetan modan jarri zena bizikleta izan zen, urte haietan –urrezko aro baten ondoren– desagertuz joan zena. Komunikabideek asko aipatu zuten Britainia Handiko langileak bonba alemanen artean bizikletaz zihoazela nor bere fabrikara. Pearl Harborrekoaren ostean, txirringa “garaipen bizikleta” bihurtu zen AEBetan, arma sekretuaren pareko kasik. “Ehunka milaka gerra-langilek –idatzi du Mike Davisek– beren haurrei kendu zizkieten bizikletak gizartearen zerbitzurako, eta hiriek eta auzoek ‘bike day’ ospatzen zuten. (...) Autoentzako gasolina urri zegoenez, familia askok bizikletaz egiten zituen oporrak”.

Defentsa Zibileko Erakundeak (OCD, ingelesezko sigletan) beharrezkoa baizik ez erostea aholkatzen zuen, burubidez kontsumitzea, eta kontsumitzaileentzako informazio guneak ireki zituen, familietan elikadura, janarien kontserbazioa eta etxetresnen konponketa arinak nola egin irakasteko. OCDren idatzi eta afixetan –gerrak hala eskatzen zuelako– masa kontsumoaren balio sagaratuak hankaz gora jartzen ziren, hala nola modaren aldaketa arinak, itxuraren jainkotzea eta publizitatea, eta ordainetan, etxea zorrotz gobernatzen duen emakume mobilizatuaren irudia goraipatzen zuen.

Gerra batek eragiten duen larrialdiaren akuilukadaz, modak ere aldatu ziren, janzkien merkeagotze eta gehiago iraute aldera. Kontsumismoaren kritikarekin batera indartu omen ziren lanetan bezala janzkietan ere gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatzen zuten proposamen erradikalagoak. Oro har luxua harrokeriaz erakustea gaizki ikusia zegoen. Aldiz, aberatsek beren etxeak eta lurrak armadaren beharretarako lagatzea publizitatu egiten zen.

Laburbilduz, II. Mundu Gerran AEBetan lan asko egon zela eta austeritatea gailendu zitzaiela kontsumoari eta modari. Gerra hasierako nahasmenduaren ondoren, hiri eta herrietan bestelako bizimodua antolatu zen: auto gutxiagorekin, luxuak baztertuta, egunerokoari gehiago erreparatuz, bizikletan ibiliz, norbere edo auzoko baratzetik berdurak ekarriz, gutxiago bidaiatuz eta etxeari eta lagunarteari plazerra aurkituz.

Pasatu zen gerra, eta laster indartu zen berriro kontsumismo eroa. Europan gerra ostea gogorragoa eta luzeagoa izan zen. Espainian zer esanik ez. Baina Mendebalde osoan berotu zen kontsumitu eta xahutzeko makina. Eta gaur arte. Hurrengo gerrak ondorio berak ekarriko ote ditu?

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude