El Correon 2025eko urriaren 18an Teresa Peralesek eta José Manuel Dopozok idatzitako iritzi-artikuluaren kokapena erabat okerra da, funtsezkoa ahaztu zaie, osasun arretaren kalitatea.
Aurrera jarraitu aurretik, beste zehaztapen garrantzitsu bat. Euskal Herria administratiboki zatituta dugu eta ondorioz, gehienetan, gure hausnarketak nahiz proposamenak bereizita egitera behartuta gaude. Izan ere, eremu administratibo bakoitzak egoera, lege eta jardunbide propioak ditu, baita osasun esparruari dagokionez ere. Peralesek eta Dopozok EAE hartu dute subjektu gisa; gure hausnarketa, ordea, Euskal Herri osoari begirakoa da.
Perales eta Dopozok diotenez osasun profesionalen zeregina herritarren beharrei erantzutea da, eta ez beren lankideen euskara-maila ziurtatzea. Hala ere, baieztapen horrek erabat desbideratzen du Euskal Herrian lan egin behar duen osasun profesionalaren zeregina.
Euskara jakitea Euskal Herrian asistentzia sanitarioa emateko ezinbesteko tresna da, euskara baita bertako berezko hizkuntza, eta euskal hiztunak ditugun bitartean eremu horretan lan egingo duten osasun profesionalen betebehar profesionala da euskaraz lanbideak eskatzen dituen funtzio guztiak gaitasun nahikoaz betetzeko maila linguistikoa izatea (gutxienez C1 maila eta ez lanpostuetarako eskatzen den B2 maila). Baina zergatik diogu hori? Non jarri behar da fokua?
Kulturalki homogeneoa eta erdal-elebakarra den osasun-sistema eraiki da; ez dator bat lege edo kode deontologikoarekin, ezta ebidentzia zientifikoarekin ere
Hasteko, ez dugu ahaztu behar pazientearengan zentratutako osasun sistema dela gure ardatza, eta ez langilean ardaztutako osasun sistema. Hainbat ikerketek agerian uzten dute hizkuntza-oztopoen eta osasun-arretaren kalitatearen arteko lotura. Hainbat azterlanetan deskribatzen den bezala, hizkuntza-oztopoek ekitaterik eza eragiten dute osasunean eta osasun-arretaren kalitatea okertzen dute. Beraz, hizkuntza-eskubideez haratago, arreta integrala (ahozkoa eta idatzizkoa) pazienteak aukeratutako hizkuntzan egiteak zerikusi zuzena du eskainitako arretaren kalitatearekin. Perales eta Dopozok planteatzen dutenak ez dio erantzuten pazientearengan zentratutako sistema bati, osasun langile euskara gabeen pribilegioak defendatzen ditu eta posta-kutxatilan oinarritutako politika proposatzen du.
Horrez gain, kontuan izan behar da Euskal Herriko osasun-arreta eremu elebidun diglosiko batean kokatzen dela, non gaztelania edo frantsesa diren hizkuntza hegemonikoak. Egoera horrek eguneroko osasun-jardueran zalantzan jar daitezkeen hizkuntza-ohiturak ezarri ditu, naturaltasunez eta normaltasunez asimilatzen direnak, osasun-esparruko berezko sozializazio-prozesu eta -espazioen bidez (unibertsitatea, komunitate-osasuna, ospitalea, lanbide-elkargoak, etab.). Adibidez, osasun-profesionalek, beren osasun-jarduera kalitatez egiteko, ahozko komunikazioaz gain, historia klinikoa pazientearen aukerako hizkuntzan idatzi beharko lukete, eta hori oso ohitura ezohikoa da Euskal Herriko osasun-profesionalen artean (historia kliniko guztiak, salbuespenak salbuespen, erdaretan bakarrik idazten dituztelako). Horrek, bestalde, erabiltzaileen eta osasun profesionalen hizkuntza-pertzepzioa baldintzatu du, eta errotik kendu du osasun-arretan pazienteak hautatutako hizkuntzak duen garrantzia.
Kulturalki homogeneoa eta erdal-elebakarra den osasun-sistema eraiki da; ez dator bat lege edo kode deontologikoarekin, ezta ebidentzia zientifikoarekin ere, baina mendeko hizkuntzaren (euskara) gutxiagotasuna barneratu eta indartzen du, ohiturak ezarritako arau sozialen eta hierarkien bidez. Euskara erabat bereizi da osasun-arretatik, osasun-jarduerarekin zerikusirik ez balu bezala. Oraindik geure buruari galdetzen diogu mediku on bat edo mediku euskaldun bat nahi dugun. Baina galdera tranpa horren aurrean, komeni da gogoratzea asistentzia-kalitatean eragiten duten parametro garrantzitsuenetako bat pazientearen gogobetetasun-adierazlea dela, eta adierazle horrek berebiziko garrantzia duela osasun-sistemaren funtzionamendu eraginkorrean.
Beraz, Perales eta Dopozoren planteamendua sustraitik okerra da eta euskal osasun-sistemaren helburuetatik aldentzen da. Berek jarritako adibideen artean aipatzen dute Tolosaldean arreta euskaraz aukeratu dutenen portzentajea %50 ingurukoa den bitartean, familia medikuen plazen %96k dutela euskara eskakizuna (bi plaza daude euskara eskakizunik gabe). Aipatu bezala, planteamendu horren norabideak urrundu egiten gaitu osasun sistementzako kalitatearen estandarren eskakizunetatik. Baina ez hori bakarrik; gainera, ahaztu egiten zaie esatea euskara eskakizuna zehaztuta duten lanpostuetan B2 maila eskatzen dela eta maila horrekin oso zaila dela osasun-profesionalak bere funtzioak maila txukunean betetzea. Eta azkenik, euskara ez dakiten osasun-profesionalek pazienteen segurtasun klinikoa kolokan jarri dezaketela.
Jon Zarate Sesma, Euskal Herrian Euskarazeko kidea eta EHUko irakasle-ikertzaile doktorea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.