Tuterako kartzela zaharra: 1936ko errepresioaren gune nagusietako bat, proiektu urbanistikoen jomugan

  • 1936ko Gerran kartzela gisa erabili zen Tuterako San Frantzisko komentuaren eraikina. Ehundaka preso errepublikar giltzapetu zituzten leku hartan, eta asko fusilatuak izan ziren. Oroimen Historikoko Leku izendatzeko aukeraren aurrean, Rafael Moneok duela hogei urte egindako proiektua atera dute tiraderatik PSNk eta Navarra Sumak. Bitartean, Tuterako Alde Zaharreko bizilagunek auzoko eremu hori birgaitzeko “behin betiko” proposamen bat eskatu dute.

San Frantzisko komentu zaharrean zegoen Tuterako barrutiko kartzela. Orain, hainbat proiektu urbanistikoren jo-mugan dagoena, 1936ko Gerrako errepresioaren zentro nagusietako bat izan zen Nafarroako Erriberan (argazkia: Urko Apaolaza)

2023ko urtarrilaren 26an - 10:45
Azken eguneraketa: 2023-01-30 16:36:36

Teilatua erdi erorita, hormak bistan, eta barrualdea sasiak hartuta eta altzari zahar herdoilduz josita. San Frantzisko komentu zaharrera gerturatzen denak segituan nabarituko du ukuilu usaina eta iragan ilun baten haize hotza ate zirrikituetatik barrena. Urte luzez Espainiako Ejertzitoaren hazitarako zalditegi gisa erabilia, eta horren aurretik, 1967 urtera arte espetxe munizipal izandakoa, klaustro ikusgarria ezkutatzen duen XIV. mendeko komentuak –Sementales koartela ere deitua– urteak daramatza erabili gabe eta erreforma baten zain.

Pasa den abenduan Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Gizarte Harremanetarako kontseilariak (Geroa Bai) iradoki zuen eraikina Oroimen Historikoko Leku izendatu zitekeela, horretarako eskaera jasoz gero. Izan ere, toki horretan giltzapetu zituzten 1936ko udaran Erriberako ehunka errepublikar eta sozialista, eta horietako askok hobi komunetan amaitu zuten hilda. Ollok gogorarazi zuen izendapenak ez duela espazio baten aipamen soila suposatzen, baizik eta “existitu zen errealitate hori irudikatzea”.

Hala, Tuterako kartzela izandakoak Nafarroako beste eremu batzuek oroimenerako duten izaera bera hartuko luke, Iruñeko kartzela, Otsoportilloko leizea, Elioko Telleria, Bidankotzeko errepidea edo Sartagudako Memoria Parkea kasu.

Barrualdea sasiak janda eta erabat abandonatuta du eraikinak; kanpoaldean, berriz, 2011n grafitigile batzuek kaleko arte sorkuntzarako proiektu bateak egindako irudiz apainduta. (argazkiak: Urko Apalaza) 

Moneo, hub audiobisuala eta milioika euro

Baina hiri hartako PSNren talde politikoa izendapen horren aurka azaldu da eta mozioa aurkeztu du datorren asteleheneko udal-bilkurarako; eraikinean kultur etxe bat eraiki dadila eskatu du, duela 20 urte Rafael Moneo arkitektoak egindako proiektu batean oinarrituta. Proiektu hura 2010ean onartu bazen ere, hurrengo urtean bertan behera geratu zen “UPNren gestio txarrari esker”, sozialistek salatu dutenez. Hala, 11 milioi euroko kostua izango lukeen azpiegitura ez zen sekula eraikitzen hasi eta Moneori 600.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan zitzaizkion. Pareta zartatu ahantziak baino ez ziren geratu alde zaharra birgaitzeko proiektu urbanistiko hartatik.

Moneoren hastapeneko proiektua

Ahanzturatik udal hauteskundeek atera dute, baina, kartzela zaharra. Alejandro Toquero Navarra Sumako alkateak ere iragarri du mozioa aurkeztuko dutela. Tuterako udal gobernuan dagoen koalizio-taldeak proposatu du mahai bat sortzea udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Rafael Moneoren artean, gaia berraztertu eta ikus-entzunezkoen eta bideojokoen hub bat egin dadin espazio horretan. Toqueroren esanetan “pertsonalki” aurkeztu dio proposamena María Chivite Nafarroako presidenteari, baina “ez da bere immobilismotik ateratzen”.

Tuterako udal gobernuak proiektua jadanik idatzita dauka EDER partzuergo publikoaren eskutik, 11,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Europako Next Generation funtsek finantzatzea nahi dute orain. Are gehiago, egitasmoa Espainiako Estatuko eta Nafarroako Erkidegoko 2023ko aurrekontuetan sartzeko helegiteak ere sartu zituzten UPNk eta Navarra Sumak.

11 milioi euroko kostua izango lukeen azpiegitura ez zen sekula eraikitzen hasi eta Moneori 600.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan zitzaizkion

“Mozio gerra Tuteran” idatzi du Diario de Noticiasek; “Tuterako Sementales eraikina eztabaidaren erdigunean”, Navarra Televisión-ek... Boto arrantza kutsua duten adierazpen horietatik harago, alde zaharreko bizilagunek ingurunearentzat “behin betiko proiektu bat” eskatzen dute, eta egoera Marshall plana-rekin konparatu dute: “Seguruenik ez dugu europar funtsetatik euro bakar bat ere ikusiko”, azaldu zuen iritzi gutun batean Eduardo Pina alde zaharreko bizilagunen elkarteko lehendakariak. Principe de Viana elkarteak, bere aldetik, klaustroa kontserbatu beharrekoa dela esan du, baita bere barruan agerturiko musulmanen garaiko merkatu baten arrasto arkeologikoak ere.

1936ko uztailean jende gehien fusilatu zuten atxilotze-gunea

San Frantzisko komentua ez da edozein toki Euskal Herriko historia hurbilean. Monjeak XIX. mendeko desamortizazioekin bota zituztenean, Lehen Gerra Karlistan ospitale funtzioak egin zituen eraikinak, eta 1840tik aurrera Tuterako barruti-kartzela bihurtu zuten. Mende bat geroago, 1936ko udan Nafarroako Erriberan errekete eta faxistek eragindako errepresioaren epizentroetako bat izan zen.

Fernando Mikelarenak Sin Piedad liburuan jasotako datuen arabera, 1936ko uztailaren 18an militarrek kolpea eman zutenetik 1937ko urtarrila arte, gutxienez 614 lagun sartu zituzten kartzela hartako ziegetara. Horietako askok ez zuten gehiago argirik ikusi –zehazki, 185 hil zituzten–. Tuterako udal artxiboan kartzelako estadillo-en edo sartu-irtenen fitxak arakatu ditu Mikelarenak eta datu ikaragarri gehiago eskaintzen ditu historialari nafarrak: soilik uztailean, 301 lagun izan zituzten preso eta horietatik 119 izan ziren fusilatuak, atxilotuen %39,5. Portzentaje horrek Iruñeko probintzia-presondegian hilabete hartan izandako fusilatzeen proportzioa gainditzen du (%33,5).

Uztailean soilik 301 lagun sartu zituzten preso Tuterako kartzelan eta horietatik %39,5 fusilatu egin zuten. (argazkia: Urko Apaolaza)

Tuterako barruti-kartzelatik pasa eta fusilatu zituzten gehienak errepublikar eta ezkertiarrak ziren, Izquierda Republicana, PSOE, UGT, CNT eta PCEko kideak tarteko. Tuteran, udaleko 19 zinegotzi eta kargu publiko hil zituzten gerra garaian –udaletxe atariko plaka batek gogoratzen duen moduan– eta tartean zegoen Aquiles Cuadra alkatea, kartzela hartan giltzapetu eta prozesu luze baten ondoren Iruñeko zitadelan berunez hilotz amaitutakoa.

Presoen jatorriari dagokionez, asko tuterarrak eta corellarrak ziren, baiina bazeuden Alesbes, Cascante, Cadreita, Fitero, Murchante, Cintruenigo, Arguedas eta Ribaforadakoak ere. Adibidez, 1936ko uztailaren 19an  –Iruñeko Gaztelu Plaza Nafarroa osoko erreketez bete zen egun berean– hamasei ribaforadar giltzapetu zituzten Tuterako kartzelan; abuztuaren 7an "askatasuna" eman zietela ageri da dokumentuetan, baina Altafaylla Kultur Elkarteak 80ko hamarkadan egin zuen ikerketari esker dakigu denak hil zituztela. Ribaforadan garai hartan 1.720 herritar bizi zen, eta gutxienez 40 lagun fusilatu zituzten errekete eta falangistek.

Errepresioa ez zen izan kriminal solte batzuek nahieran egindakoa, ondo antolatutako zerbait baizik, jende askoren inplikazioa eskatzen zuena

Basakeria antolatua

Erriberan faxisten eskutik bizi izan zen krudelkeriaren isla baino ez dira kopuru horiek. Beste toki askotan bezala, Nafarroan ere “ateratze” edo “saca” deiturikoak oso ohikoak izan ziren, ondoren presoak klandestinoki hiltzeko. Baina errepresioa ez zen izan kriminal solte batzuek nahieran egindakoa, ondo antolatutako zerbait baizik, jende askoren inplikazioa eskatzen zuena.

Mikelarenak 114 saca kontatu ditu Nafarroan 1936an: udako hainbat egun konkretutan toki desberdinetatik atera zituzten presoak fusilatzera –abuztuaren 3an zazpi herritan gertatu ziren halakoak, gau berean–; hortaz, pentsa liteke egun horietan heriotza-eskoadroi ugari aritu zirela jendea hiltzen.

Terrorea hainbesterainokoa zen, ezen preso asko beren buruaz beste egiten saiatu zen. Francisco Amigot tuterarrak  burua paretaren kontra kolpeka txikitu nahi izan zuen, Tuterako barruti-kartzelatik “atera” behar zutela esan ziotenean. Hara nola jaso zuen giro hura Jose María Jimeno Juriok testigantza baten eskutik: “Azaro hura ikaragarria izan zen. ‘Aske’ uzten zituzten, eta behean kamioia zegoen. Denak kamioira. Barruan geratzen zirenek, ikaraz, esaten zieten: ‘Ez bazaizue ezer gertatzen, zubian piztu pospolotxo bat’. Baina ez zuten piztu, denak hiltzen zituzten!”.

Hainbat presok bere buruaz beste egin nahi izan zuen, besteak beste burua paretaren kontra kolpatuz (argazkia: Urko Apaolaza)

87 urte geroago, Tuterako kartzela zaharrean eta Erriberan gertatutako basakeria haiek apenas gogoratzen ditu inork, eta San Frantzisko plaza ondotik igarotzen denak eraikin zaharkitu abandonatua besterik ez du aurkituko, haize hotzaren txistuak baino hausten ez duen isiltasunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude