1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta birgizarteratzea. Ospitaleko egoiliarren artean Federico González zegoen, 20 urteko erandioarra, ofizioz tipografoa, eta beste asko bezala gerrara deitua. Gudari ohi baten, ospitalearen eta han atera zituen argazki batzuen historia harrigarria duzu hau.
Altxatuak Bilboko ateetan zirela, milaka euskal borrokalarik Artxandarantz egin zuten 1937ko ekainean, etsaia behin-behinean geldiarazi eta, hala, hiriburua euren esku geldituko zen unea atzeratzeko. Eusko gudarosteak galera izugarriak izan zituen, eta Federico González ez zen salbuespena izan. UGTn afiliatua eta 48. batailoiko kidea, Artxandako San Roke ermitan tiroz zauritu zuten. Odisea bat bizi behar izan zuen hortik aurrera, egunez egun, errepublikarren eremuko osasun etxeetan artatua izateko. Azkenean La Roseraie ospitalean amaitu zuen, eta zauriak sendatu zitzaizkion arren, beso baten mugikortasuna galdu zuen betirako.
Bigarren Mundu Gerra betean, 1940an, lan mundura itzuli zen Federico, zehazki Bordeleko dinamita lantegira, Alemaniako naziek okupatu zuten arte. Erbesteratuentzat oso une zalantzagarria izan zen hura, eta asko etxera itzultzen saiatu ziren. Federicok ere hala egin zuen eta Hendaian Bidasoa gurutzatu zuen beste behin, baina oraingoan alderantzizko noranzkoan.
Mugan, frankistek atxilotu eta Miranda de Ebroko kontzentrazio zelaian sartu zuten. Handik hamabost egunetara aske geratu zen, zaintzapean ordea; horrek esan nahi zuen sarritan Guardia Zibilaren komandantziara joan behar izango zuela ikuskaritza pasatzera. Bederatzi urte luzez egon zen egoera horretan. Kontatzen ari garenak ez du misterio askorik, galtzaileen bandoan geratu ziren beste askoren patu bera da; baina Federicok sekretu txiki bat zeukan gu guztiontzako.
Zortzi hamarkada geroago, 2022. urte hasieran, Federico Gonzálezen semeak –hau ere izenez Federico– Berangon dagoen Burdinazko Gerrikoaren Memoria Museora bisita egin zuen. Haatik, ez zen esku hutsik joan: aitak denbora horretan guztian ganbaran kontserbatutako dokumentazio bat entregatu zuen dohaintzan. Artxibo horretan, gerra garaian eta gerra ostean egindako ibileren aztarnak gordetzen zituen gudari ohiak.
Museoaren zuzendari Aitor Miñambresek eskutan izan orduko xeheki aztertu zuen donazioaren edukia, tartean dokumentuak eta argazkiak baitzeuden. Hala, ohartzen da irudiak argitaragabeak direla, eta artikulu hau sinatzen duen Mauro Saravia argazkilari eta kazetariari deitzen dio aurkikuntzaren berri eman eta bere iritzia jakiteko. Ahoa bete hortz geratuko dira: Federico Bidarteko La Roseraie ospitalean izan zeneko argazkiak daude tartean; Jose Antonio Agirreren gobernuak zabaldutako osasun zentro horren inguruko informazio baliotsua eskaintzen duten froga grafikoak dira.
Momentu horretatik aurrera erabakiko dute ondare hori herritarrei erakutsi behar zaiela eta argazki erakusketa bat antolatzeko lanean hasiko dira. Argazkiak 2024ko urria eta abendua bitartean izan dira ikusgai Zarauzko Photomuseumean, Odisea 1937 izenburupean, eta 2025ean zehar ere hainbat tokitan paratuko dituzte, besteak beste Erandion erakusteko asmoa dute, Federicoren sorterrian.
Art Decó hotel bat, errepublikarren zerbitzura
La Roseraie hotela 1928ko abuztuaren 14an inauguratu zuten Bidarte eta Biarritz arteko toki pribilegiatu batean. Joseph Hiriart arkitektoak diseinatu zuen, eta arte adituek zioten euskal kostaldeko Art Decó arkitektura multzo ederrena zela. Sei solairu zituen eta 150 espazio, logelak, zerbitzuetarako gelak eta aisialdirako eremuak tarteko. Hala ere, instalazio horiek 1930eko erdialdera arte erabili ziren soilik, hotela ez baitzen errentagarria bere akziodunentzat.
Eraikinak ziurgabetasun egoera horretan jarraitu zuen, harik eta 1937ko ekainaren 28an ospitale bezala ireki zuten arte. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak aurretik 100.000 libera ordaindu zituen.
Gaixoak eta elbarriak egoera ezin hobean artatzen zituzten ospitale berrian, hainbesteraino, ezen garaiko prentsak esan baitzuen “euskaldunen antolaketarako dohain hoberenak” adierazten zituela. Testuingurua ere halakoa zen: 1937. eta 1940. urteen artean, gerrak eta gerraosteak euskal herritarren egoera erabat kaskartu zuelarik, 116.000 errefuxiatuk Eusko Jaurlaritzako zerbitzu sozialen laguntza jaso zuten.
La Roseraie ospitalea Juan Otaola getxotarrak kudeatzen zuen, eta haren zuzendari Gonzalo Aranguren mediku zirujaua izan zen, Bilboko urologo jeltzale ezaguna, lehendik ere esperientzia bazuena Basurtuko ospitalean edo Zornotzako odol-ospitale militarrean. 1940an Román Pereiro doktoreak hartu zuen La Roseraieren zuzendaritza. 70 profesionaleko lantaldea zeukaten, emakume zein gizonezkoak, eta urteko aurrekontua bi milioi liberakoa zen.
Jaurlaritzak bere osasun zerbitzuak eskaintzeko Bidarteko esparru hori aukeratu izana ez zen kasualitatea izan. Espazio zabalak zituen bere baitan eta oso egokiak ziren, ospitale bat muntatzeko ez ezik bestelako jarduerak ere egiteko. 1938ko irailean Agirre lehendakariaren eta Telesforo Monzon zein Eliodoro de la Torre sailburuen bisita jaso zuten: “Hemendik aurrera Euskadiko Gobernuaren hiritar izango zarete zuek guztiok”, esan omen zien lehendakariak han zeudenei.
Amaetxea, tailerrak, abesbatza...
Ospitaleak hainbat zerbitzu eskaintzen zituen: kirurgia orokorra, ginekologia, amaetxea, medikuntza orokorra, dermatologia, urologia, otorrinolaringologia, odontologia, analisiak eta masajeak. Arreta eta zerbitzu horiek ez ziren soldaduentzat soilik, mugaren hegoaldetik zetozen errefuxiatu zibil guztientzat baizik.
Baina helburua ez zen osasun arreta soila eskaintzea, errefuxiatuak “birgizarteratzen” ere saiatzen ziren haren bidez, bai sozialki eta baita mundu laboralean ere. Hala, eskola-tailerrak antolatu zituzten: espartingintza, zapatagintza, ebanisteria, arotzeria, grabatua, bitxigintza, ortopedia, saskigintza, mekanika eta elektrizitatea... Eta gai akademiko asko ere erakutsi ziren bertan, hasi oinarrizko irakaskuntza, ortografia eta matematikatik, eta mekanografia, kontabilitatea eta marrazketaraino.
Ospitaleak izan zuen garrantziaren erakusle dira artatu zituzten pertsonen kopuruak: 804 soldadu ospitalizatu zituzten, baita beste 862 herritar ere, irekita egon zen bitartean
Instalazioak hain handiak izanda, beste ekintza batzuk egiteko aukera zeukaten ospitaleko egoiliarrek, igeriketa eta euskal pilota ziren horietako batzuk; baina arrakasta gehien Euskadiko Gerra Zauritu eta Elbarrituen Abesbatzak izan zuen: 75 lagun baino gehiagok hartzen zuen parte eta kontzertu ugari eman zituzten inguruko herrietan.
Ospitaleak izan zuen garrantziaren erakusle dira artatu zituen pertsonen kopuruak. 804 soldadu ospitalizatu zituzten La Roseraien irekita egon zen bitartean, eta beste 862 zibil ere bai, bertan sendatuak izateko. Gainera, denbora horretan 143 haur jaio ziren ospitaleko amaetxean.
Emakumeen lanaren isla
Atzo arte ia ikusezinak izan ziren arren, gaur badakigu emakumeen ekarpena funtsezkoa izan zela gerrak iraun zuen denbora guztian, baita horren ondotik ere. Lekukotza grafikoetan horixe ikus dezakegu, berdin errefuxiatuentzako ospitale bezala funtzionatu zuen La Habana ontzian, nola La Roseraien: emakumeak bereziki zaintza lanetan ageri dira, milaka lagun artatu eta sendatzen laguntzeko inurri lana egiten. Ekarpen hori ospitalearen beraren estatistiketan gelditu da egiaztagiri moduan: artatu zituzten ia 1.700 zauritu eta gaixoetatik 56 baino ez ziren hil.
Baina Ipar Euskal Herrira erbesteratu ziren emakumeen funtzioa harago doa. Faxistei aurre egiteko esfortzu beliko aliatuan ere parte hartu zuten, esaterako armategietan eta fabriketan lan egiten. Federico Gonzálezek utzi dizkigun argazkiek, sarritan ezkutuan geratu den alde ezkutua eskaintzen dute, laneguna amaitu ostean ateratako irudiak baitira.
Tamalez, argazki horietako askok ez dituzte historia pertsonalak islatzen. Zein ziren? Zer pasa zitzaien emakume horiei gerra amaitu ondoren? Nola bizi izan ziren Bigarren Mundu Gerraren erdian? Informazioa falta zaigu, eta hutsune hori ez da soilik sortzen Historia normalean gizonezkoek kontatu izan dutelako –gehienetan irabazleen aldekoek kontatu izan dute gainera–; badago beste faktore funtsezko bat: emakumeen ekintzak ez dira baloratu eta neurtu gizonezkoen epikotasun berarekin.
Amaiera nazien eskuetan
Bigarren Mundu Gerra hastean giroa nahasia da oso. 1940ko maiatzean Alemaniak erasoaldia joko du Frantziaren kontra, eta abagune hori aprobetxatuta Jean Ibarnegaray ministro ultraeskuindarrak Indesirables deituriko errefuxiatu errepublikarrak jomugan jarri eta atxiloketa masiboak aginduko ditu. La Roseraietik pasatako gudari eta borrokalari askok Gurseko kontzentrazio esparruan amaituko dute egun horietan. Alabaina, Frantziak berehalako porrota jasoko du nazien aurrean. 1940ko ekainaren 22an errendiziorako armistizioa sinatu eta, orduan, herrialdea bitan banatuko dute –Ipar Euskal Herria naziek okupatutako zonaldean geratuko da–. Horrek frankisten terroretik ihesi zihoazen milaka lagun egoera larrian jarriko ditu berriz ere, eta askok ez dute beste aukerarik izango: edo muga berriz igaro edo bigarren aldiz oraindik urrunago erbesteratu.
Askok Britainia Handira edo Hego Amerikara ihes egitea erabakiko dute orduan, eta beste asko etxera itzuliko dira, frankisten errepresioa jasan beharko dutela jakinda ere, Federico Gonzálezi gertatu zitzaion bezala. Baina izan ziren, baita ere, frantziar erresistentziaren zerbitzura jarri zirenak, egunen batean euren aberria berreskuratzeko esperantzarik galdu gabe borrokan jarraitu zutenak.
La Roseraiek osasun-zentro bezala jarduera eten behar izan zuen, eta alemanek 1940ko ekainaren 27an okupatu zuten eraikina, armistiziotik egun gutxitara. Federico González 2006ko maiatzaren 1ean hil zen 89 urterekin, baina ondare moduan utzi zizkigun erresilientzia eta eskuzabaltasuna oroitarazten dituzten argazkiok, belaunaldi berriek ez dezaten ahaztu handik igarotako errefuxiatuei bigarren aukera ilaun bat eskaini zitzaiela.
1937ko ekainaren 5a: Federico García Artxanda mendiaren defentsan larri zauritu eta Basurtun zegoen Bilboko Gerra Ospitalera eramango dute. Hiria frankisten esku erori baino lehen, Santanderra garraituko dute, Sardineroko Rhin hotelean zegoen ospitalera.
1937ko abuztuaren 20a: Santanderretik Asturiasera eramango dituzte zauritu guztiak.
1937ko urriaren 10a: Villaviciosako La Azucarera 39. ospitale militarrean ingresatuko dute, ukondoan fisioterapia tratamendua jasotzeko.
1937ko urriaren 21a: Motordun txalupa batean ihes egingo du beste sei lagunekin Ipar Euskal Herrirantz. Baina Almirante Cervera gurutzeontzi frankista errefuxiatuen ontziak geldiarazten saiatzen ari da eta txalupa galdu egingo da Bizkaiko Golkoan.
1937ko urriaren 25a: Hiru egun noraezean egon ondoren, frantziar arrantzale batzuek aurkitu eta Arcachonera lagunduko dituzte. Bordele ondoko Bassenen porturaturiko La Habana itsasontzi-ospitalera bidaliko dituzte. Bertan, Bernardino Valle medikuak artatuko ditu.
1938ko urtarrilaren 17a: Euzkadiko Gerra Elbarrituen La Roseraie egoitzan ospitaleratuko dute.
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.
Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
1991n Alpeetako glaziar batean aurkitu zutenetik, hotzak hain ondo kontserbatutako Ötziren gorpuzkinak informazio iturri oparoa izan dira. Berriki Communications Biology aldizkarian aditzera eman dutenez, momia naturalaren kaxa torazikoa digitalki berregin dute, eta Homo... [+]
Historia garaikideko basakeriarik handienetakoak dira Hiroshimaren eta Nagasakiren bonbardaketak. 1945eko abuztuan, hiru eguneko epean, bi bonba atomiko jaurti zituzten lehen aldiz historian eta bi hiritako biztanleak modu indiskriminatuan hil zituzten. 1945aren amaierarako,... [+]
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]
Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]
Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]
Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.
Martxoaren 25ean Arabako Foru Aldundiak (AFA) eta Eusko Jaurlaritzak (EJ) prentsa-ohar bat atera zuten, hedabideetan nahiko zalaparta eragin zuena, Gobierno Vasco remite a la Ertzaintza dos piezas cerámicas del yacimiento de “Las Ermitas” por ver indicios de... [+]