Jerusalengo Harrotasunaren Egunean zauritu zuten gaztea hil egin da

  • Uztailaren 30ean gay eta lesbianen aldeko Jerusalengo manifestazioan parte hartzen ari zen 16 urteko Shira Banki gaztea hil da. Kartzelatik atera berria zen judu ultraortodoxo batek eragin ziozkion zauriak, iturri guztien arabera.


2015eko abuztuaren 3an - 10:24
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Labainkaden zaurien ondorioz igandean hil da Banki, Mann News agentzia palestinarrak zabaldu duenez. Erasoan beste bost pertsona gehiago zauritu ziren eta horietako bat larri dago. Yishai Shlissel judu ultraortodoxoa da ustezko erasotzailea. 10 urte kartzelan eman ditu 2005eko Harrotasunaren Martxan hiru pertsonari eraso egiteagatik. Orain dela hiru aste irten zen kartzelatik./p>

Palestinarren eta israeldarren arteko tentsioa gora

Harrotasunaren Martxaren hurrengo egunean, ostiral arratsaldean, kolono juduek familia palestinar baten etxeari eraso egin zieten. Etxeari su eman zioten eta horren eraginez 18 hilabeteko umea hil zuten. Gurasoek gorputzean 80 eta 90 graduko erredurak dituzte eta oso larri daude. Lau urteko beste semeak ere zauri larriak ditu.

18 hilebeteko Ali Saad Dawabsha umearen
senideak. Israelgo kolonoek hil dute
Zisjordanian. (AFP/ Thomas Coex)

Israeleko lehen ministro Benjamin Netanyahuk erasoa gaitzetsi du eta mota horietako gertakarien aurrean beren politika “tolerantzia zero” izango dela adierazi du. Oraingoz Poliziak ez du atxiloketarik egin.

Egun berean Israelgo Segurtasun Indarrek 17 urteko palestinar bat hil zuten Gaza iparraldean. Zenbait lekukoren arabera, Gaza eta Israel banatzen dituen segurtasun gunearen inguruan ibiltzen ari zela tiro egin zioten poliziek. Eraso berdinean beste gazte bat zauritu zuten.

Eraso hauek sumina piztu du berriz ere palestinarren artean. Larunbatean istilu larriak izan ziren Israelgo Poliziaren eta manifestari palestinarren artean Nablusen. Istiluetan hainbat palestinar zauritu ziren.

Juduen koloniei buruzko artikulua Axier Lopez kazetariaren blogean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Eguneraketa berriak daude