70 eragile baino gehiagok bat egin du Baionako larunbateko Palestinaren aldeko manifestaziorekin

  • Ipar Euskal Herria Palestinarekin kolektiboak deituta, manifestazioa 11:00etan abiatuko da Baionako geltokitik.

Iparraldea palestinarekin kolektiboak abenduaren 15ean egindako prentsaurrekoan, Baionan. Iparraldea Palestinarekin

2025eko abenduaren 18an - 11:32
Azken eguneraketa: 14:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

"Ozen adierazi nahi diegu: zuekin gara, eta ibaitik itsasora Palestina libre izatearen aldeko aldarria zabaltzen segituko dugu. Mendebaldeko estatuek eta egiturek Israeli erakutsitako babesa jasanezina den honetan, gure betebeharra dugu elkartasun mezu horrekin segitzea", adierazita luzatu zuen Iparraldea Palestinarekin kolektiboak manifestaziorako deia. Larunbat honetan abiatuko da 11:00etan Baionako geltokitik. Azken egunetan 75 bat eragilek bat egin du deiarekin, besteak beste, EHZk, hainbat gaztetxek, ELB sindikatuak, Kontseilu Sozialistak, Stop Arming Israel taldeak, Euskal Herri mailako Solidaires sindikatuak, Sutan koletibo transfeministak, Ostia sareak, Altxa Lilik, BDZk, Askapenak eta Usopop-ek –babesle guztien zerrenda albistearen bukaeran–.

Palestinarren erresistentziari sostengua adierazteko hitzordu gisa aurkeztu dute antolatzaileek manifestazioa: "Kolonizazio urrats oro, palestinarrek bertan segitzen dute, erresistituz, eta gure betebehar internazionalistari segi, sustengua adieraztea dagokigu". Proiektu sionista jomugan hartu eta honen bukaera eskatzeko unea ere izanen da, izan ere, antolatzaileen hitzetan, azken bi urteetako gertaerak helburu orokorrago baten parte direlako: "Proiektu sionistaren gauzapena, Israelen sorrerarekin gorpuzturikoa 1948an eta palestinar herriaren garbiketa etnikoa oinarrian duena, aitzina doa urratsez urrats". Gazarako bideraturiko "bake akordio inperialista eta kolonizatzailea" aitzina doan honetan,  bere baitan dakartzan "palestinarren hitzaren ukapena, kanpoko esku-sartzea, eta oro har, proiektu sionista" borrokatzeko deia luzatu dute antolatzaileek.

Gabonen garaia hautatu dute Palestinaren aldeko aldarria entzunarazteko, hitzordu horri ikuspegi dekolonialetik begiratuta: "Kontsumismo garai honetan, ez gaitezen tronpatu: mendebaldeko erosotasuna kolonialismotik dator". Hori horrela, genozidioan parte hartzen duten enpresak boikotatzeko deia ere entzunaraziko dute larunbatean, helburutzat izanda "Israelekiko lotura oro mozteko presioa eragitea".

Hemen manifestaziora deitzen duten eragileen zerrenda osoa: AFPS Pays Basque - Sud Landes; Aldaka Gaztetxea; Altxalili; Antirep kolektiboa; Arranoak; Artotekafe; Askapena; Atxik!; Axut!; Basaizea elkartea; BDZ Euskal Herria; Bidasoa Etorkinekin; BitxiBitxi; Bixenta; Bloñ; Borderline Fabrika; Daraçiyê; Des Vents et Marées; Dizkobolo; DJ Bull; Donibane Ziburuko Gaztetxea; EHZ; ELB; Emaitza Gaztetxea; Enbata Gaztetxea; Epaiska; Errobiko Kaskarotak; Frigo; Gaga Gaztetxea; GKS Ipar EH; Goxoki Gaztetxea; Habia; Hitzopen Gaztetxea; IAS Ipar EH; Indar Beltza; Itaia Ipar EH; Jardun IEH; Kalume: Kilika Gaztetxea; Kontseilu Sozialista Ipar EH; La Fabrique Affamée; Lagundu; Marta elkartea; Mizanbu Gaztetxea; NPA Baiona; Observatoire Pays Basque de l'extrême droite; Odei; Ostia; PAF; Palestinarekin Elkartasuna; Papa Cumbia; Pitxu Gaztetxea; Rouge Elea; RTZ; Sare Antifaxista; Solidaires Pays Basque; Stop Arming Israël (IEH); Sutan: Taganga; Tokia Théâtre.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2025eko abenduaren 4
Ez da eten

Eguneraketa berriak daude