Sortzaileen bila ari dira Gazan hildakoak omentzeko otsailaren 24an egingo den ekimen herritarrerako

  • Zapataz bete nahi dute Laudioko Herriko plaza, Israelek azken hilabeteetan eraildako palestinarren omenez.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko otsailaren 16an - 08:15

Aktibo jarraitzen du Palestinaren aurkako sarraskia salatzeko Laudion sortutako herritar sareak. Udalak sustatu zuen talde horren eraketa, eta abenduan egin zuten lehen ekintza publikoa. Ehundik gora lagun biltzea lortu zuten herrigunea alderik alde zeharkatu zuen giza katean.

Orain, aldiz, beste ekimen bat prestatzen ari dira datorren otsailaren 24rako. Zapatez bete nahi dute herriko plaza, Gazan hildakoen omenez, 11:30etatik 13:00etara bitartean.

Horretarako, herriko zein eskualdeko sortzaileen laguntza eskatu dute, “arteari bere tokia egiteko ekitaldi honetan ere”. Artista bakoitzak “kolaborazio txiki bat” egitea dute buruan, “kantu bat, olerki bat, bertso bat, zuzenean margotzea…”.

WhatsApp zenbaki bat jarri dute herritarren eskura, nahi duen orok harremanetan jartzeko aukera izan dezan: 692710520. “Bidali zure izena, telefonoa, arte diziplina eta egingo duzun ekarpenaren azalpen txiki bat, behar dituzun baldintza teknikoak (mikrofonoak, musika ekipoa…) eta zenbat denbora behar duzun”, zehaztu dute antolatzaileek.

Pentsiodunak ere

Atxikimendu kanpaina zabala jarri du abian Laudion martxan jarri den herritar taldeak. Palestinaren aldeko kartelak banatu dituzte herriko saltoki eta tabernetan, eta horietako askok jarri dituzte afixak erakusleihoetan.

Atzo, aldiz, pentsiodunak batu ziren Palestinaren askatasunaren aldeko aldarrira, astelehenero egiten duten elkarretaratzea probestuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Askatasunaren Ontzidiak Israeli leporatu dio irteera gelditu izana

Gazara doan Adkeniz itsasontziaren irteera eragozteko Israelen ahaleginek beste traba bat jarri dute. Gazako itsas-blokeoa hautsi nahi duen misioaren paturako behin betikoa izan liteke.


Eguneraketa berriak daude