argia.eus
INPRIMATU
Sortzaileen bila ari dira Gazan hildakoak omentzeko otsailaren 24an egingo den ekimen herritarrerako
  • Zapataz bete nahi dute Laudioko Herriko plaza, Israelek azken hilabeteetan eraildako palestinarren omenez.

Hala Bedi @halabedi 2024ko otsailaren 16a

Aktibo jarraitzen du Palestinaren aurkako sarraskia salatzeko Laudion sortutako herritar sareak. Udalak sustatu zuen talde horren eraketa, eta abenduan egin zuten lehen ekintza publikoa. Ehundik gora lagun biltzea lortu zuten herrigunea alderik alde zeharkatu zuen giza katean.

Orain, aldiz, beste ekimen bat prestatzen ari dira datorren otsailaren 24rako. Zapatez bete nahi dute herriko plaza, Gazan hildakoen omenez, 11:30etatik 13:00etara bitartean.

Horretarako, herriko zein eskualdeko sortzaileen laguntza eskatu dute, “arteari bere tokia egiteko ekitaldi honetan ere”. Artista bakoitzak “kolaborazio txiki bat” egitea dute buruan, “kantu bat, olerki bat, bertso bat, zuzenean margotzea…”.

WhatsApp zenbaki bat jarri dute herritarren eskura, nahi duen orok harremanetan jartzeko aukera izan dezan: 692710520. “Bidali zure izena, telefonoa, arte diziplina eta egingo duzun ekarpenaren azalpen txiki bat, behar dituzun baldintza teknikoak (mikrofonoak, musika ekipoa…) eta zenbat denbora behar duzun”, zehaztu dute antolatzaileek.

Pentsiodunak ere

Atxikimendu kanpaina zabala jarri du abian Laudion martxan jarri den herritar taldeak. Palestinaren aldeko kartelak banatu dituzte herriko saltoki eta tabernetan, eta horietako askok jarri dituzte afixak erakusleihoetan.

Atzo, aldiz, pentsiodunak batu ziren Palestinaren askatasunaren aldeko aldarrira, astelehenero egiten duten elkarretaratzea probestuz.