Bigarren erasoa Gazara doan flotillaren aurka, oraingoan ere drone bidez


2025eko irailaren 10ean - 06:15
Alma ontzian dronearen erasoak piztutako sua. Global Sumud Flotilla
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Global Sumud Flotillak ohar bidez jakinarazi du irailaren 9an, Alma izeneko bere itsasontzietako bati drone bidez eraso egin diotela Tunisiako uretan geldirik zela. Britainia Handiko banderarekin nabigatzen duen ontziaren gainaldean sutea sortu du horrek. Itzaltzea lortu dute eta tripulazioa salbu da, antolakuntzak informatu duenez. Gertatutakoa ikertzen ari direla eta informazio gehiago izatean publikatuko dutela esan dute.

Herritarrek grabatutako eta sare sozialetan zabaldutako bideo honetan ikus daiteke sua Alma ontzian.

"Bi egunetan jasaten dugun horrelako bigarren erasoa da. Eraso errepikatu hauek egin dituzte Gazako palestinarren aurkako oldarraldia indartzen ari diren egunetan, eta arreta desbideratzeko eta gure misioa zapuzteko saiakerak dira. Global Sumud Flotillak kikildu gabe jarraituko du aurrera. Israel egiten ari den Gazaren legez kanpoko setioa hausteko eta bertako herritarrekin elkartasuna mantentzeko gure bidaia baketsuak aurrera jarraitzen du irmo eta tinko", adierazi dute.

Ordu batzuk lehenago, milaka pertsonak harrera beroa egin zioten flotillari Tunisiako Sidi Bou Said hirian, azpiko bideoan ikus daitekeenez.

 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.