Israelek Hamaseko negoziatzaileak bonbardatu ditu Qatarreko hiriburuan

  • Erasoaren helburu izan direnak Trumpek proposatutako su-etena negoziatzen ari zirela azaldu du Hamasek, eta bost kide hil dituztela ziurtatu; Qatarreko segurtasun indarretako beste pertsona bat ere hil da bonbardaketan. Israelek erasoa baieztatu du, eta Qatarrek “eraso kriminala” kondenatu.


2025eko irailaren 09an - 17:27
Azken eguneraketa: 2025-09-10 09:40
Erasoan kaltetutako eraikinetako bat. Reuters
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Astearte arratsaldean hainbat leherketa izan dira Qatarreko Doha hiriburuan, Katara bizitegi-gunean, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak militarrek Hamaseko buruak bonbardatu dituztela aitortu du, El Pais-ek argitaratu duenez. Hamasek ziurtatu duenez, haien bost kide hil dituzte erasoan; Qatarreko segurtasun indarretako beste pertsona bat ere hil dute.

Benjamin Netanyahu Israelgo presidentearen bulegoak erasoa bere gain hartu du ohar bidez: “Hainbat urtez, Hamaseko buruzagitzako kide horiek erakunde terroristaren operazioen buru izan dira, urriaren 7ko sarraski bortitzaren erantzule zuzen izanik eta Israelgo Estatuaren aurkako gerra antolatuz eta kudeatuz”.

AEB jakitun?

Hamaseko goi-kargu batek Al Jazeerari ziurtatu dio erasoen jomuga izan diren buruzagiak AEBetako presidente Donald Trumpen su-eten proposamena negoziatzen ari zirela: "Hamaseko ordezkaritza negoziatzailearen aurkako erasoa, Dohan egindako bileran. Trumpen su-eten proposamena eztabaidatzen ari ziren bitartean egin diote eraso bilerari". Hori horrela balitz, erasoak antzekotasunak lituzke Israelek Iraneko Gobernuaren goi-agintarien aurka ekainean burutu zuenarekin, garai hartan Iran energia nuklearraren inguruko AEBen proposamen bat negoziatzen ari baitzen.

Israeleko zenbait hedabidek ziurtatu dute AEBetako Gobernuak aurrez izan duela Israelen erasoaren berri, Naiz-ek argitaratu duenez. Netanyahuren bulegoak hori ukatu du: “Hamaseko buruzagi terrorista nagusien aurkako gaurko ekintza Israelen operazio erabat independentea izan da. Israelek hasi du, gauzatu du, eta erantzukizun osoa bere gain hartzen du”. Al Jaazerako kazetari Hamdah Salhut-ek ondorengoa adierazi du: “Estatu Batuetako iturri militarrek esan didate ez zutela eraso honen berri, eta soilik ondoren jakinarazi dietela. Eta esan dute ezin dutela hitz egin, ea Etxe Zuriak informazio hori zuen edo ez”.

Qatarrek “eraso kriminala” gaitzetsi du

Qatarrek leherketak baieztatu ditu, eta ohar bidez kritikatu du Israelen erasoa: “Qatarko Estatuak gogor gaitzesten du Israelen eraso koldarra, bizitegi eraikinak izan dituenak helburu”. Eraikin horietan ziren “Hamaseko Goi-agintaritza Politikoko kide batzuk”. Nazioarteko legedia urratzea egotzi dio Qatarrek Israeli: “Eraso kriminal hau nazioarteko lege eta arau guztien urraketa nabarmena da, eta mehatxu larria da Qatarren eta Qatarren bizi direnen segurtasunerako”.


Eguneraketa berriak daude