Zergatik daukate preso Jesús Santrich gerrillaria?

  • Isolamenduko 26. ziega da berea. Bogotako segurtasun handiko La Picota espetxean daukate. Itsua da duela hamar urtetik Leber sindromearen ondorioz, eta gainera diabetesa du. Hala ere, erabateko bakardadean daukate isolaturik preso. Bi margolari greziarren izena du jaiotzez, Seuxis Paucias Hernández Solarte, nahiz eta ezagunagoa den gerrillan guda ezizen bezala erabili zuenagatik, Jesús Santrich.


2019ko apirilaren 11n - 16:53
Jesus Santrich Kolonbiako bake akordioen bultzatzaileetako bat izan da eta espetxean da egun.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

FARC-EP gerrillako Karibe Blokeko komandante buruetako bat izan zen hiru hamarkadaz, baita Estado Mayor Central-eko kide ere. Idazle, musikari, margolari eta historialari ere bada Santrich, euskal errealitatea sakon ezagutzen du. Habanako elkarrizketetan negoziatzaileetako bat izateaz gain Akordioen idazketan parte hartu zuen. Atlántico-ko departamendutik Kolonbiako kongresista hautatu zuten. Baina egun hauetan urtebete beteko du isolamenduko ziega batean gatibu Akordioen arkitekto izan zenak. Azal dezagun, labur bada ere, testuingurua.

Habanako Akordioek sustrai sakoneko gatazka politiko bat dute oinarrian. Arrazoi historikoak faktore anitzekoak badira ere, gatazka sozial, politiko eta armatuak lurren eta nekazaritza-garapenean du jatorria. 1964ean Marquetalia-ko nekazarien aurkako errepresio eta bonbardaketen aurrean altxatu ziren 48 nekazarik eman zioten sorrera FARC-EP insurgentzia talde gerrillariari. Bipartidismo antidemokratikoaren eta elite ekonomikoaren oinpean bizi ziren gehiengo sozial horren testuinguruan, miseriari eta errepresioari erantzunez sortu zen gerrilla eta mende erdiz nekazari, afro, indigena eta herritar konprometituenei esker elikatu zen.

FARC erakundea 1964ko maiatzaren 27an sortu zen, Marquetalian, 48 gerrilarik ia 1.000 soldaduri aurre egin ostean.

Bost hamarkadaz, barne-guda ireki bat baino ez dute ezagutu kolonbiar belaunaldi guztiek. Datuak gordinak dira: 262.000 hildako, 80.000 desagertu, 10.000 faltsu positibo, 6 milioi barne-desplazatu… Unean uneko gobernuaren jarrera belizista edo negoziatzaileagoaren arabera.

Hiru negoziaketa prozesutik pasa ondoren (La Uribe 1982-1987, Tlaxcala 1992, San Vicente del Caguan 1999-2002), insurgentziekiko (FARC-EP, ELN, M-19, EPL, Quintin Lame …) indar korrelazioaren araberako gerra estrategiak garatu ditu estatu kolonbiarrak, asimilaziotik anikilaziora. Mende aldaketaren bueltan FARC-EP gerrillaren hedapenarekin, bai gerrillari aldetik (30.000tik gora) bai eta lurraldeen okupazioagatik (Bogota inguratzeraino), Uribismoak “Plan Colombia” jarri zuen martxan AEB-en laguntzaz. Helburu nagusia gerrilla deuseztatzea zen paramilitarismoarekin elkarlanean, eta aldi berean xede geopolitiko argia ere bazeukan, AEB-ei aukera eman baitzion Hego Amerika guztian bere interbentzionismo politikoa, ekonomikoa zein militarra sustraitzeko. Eraiki zituzten zazpi base militarrak horren lekuko. Baina giza-eskubideen urraketa imajinagarri guztiak burututa ere, nekazariak motozerraz erdibitzera helduz, ofentsiba horrek ez zuen lortu matxinatuekin eta beren babesarekin bukatzea.

FARCeko gerrilariak, artxiboko argazki batean.

Ez zituenez bilatzen zituen emaitzak lortu Uribe paramilitarraren erabateko konfrontazioak, ondoren etorri zen Santosen gobernuak ordezkatzen zituen Kolonbiako oligarkia eta enpresari handien hausnarketa eta erabakiz, FARC-EP-ko gerrillariekin bake negoziaketan sartu ziren. Garaipen militarrean etsiturik eta berdinketa amaiezin batek beren klase interesei mesede baino kalte egiten ziela ondorioztatu ondoren.

Habanako Akordioak sinatu eta gutxira, ordea, Uribismoa berriro iritsi zen gobernura, Duqueren eskutik. Honek ordezkatzen duen Centro Democrático-aren eskuin mutur parapolitikoak, Akordioak saboteatzea izan du helburu hasiera-hasieratik, gatazkatik eta gatazkarako bizi direlako eta bestetik, Egiaren batzordea eta Jurisdiccion Especial para la Paz-en (JEP) aurrean beren inplikazio kriminala ezkutatzen jarraitu nahi dutelako.

Santrichen askatasuna eskatuz manifestazioa.

Bi Gobernuen Akordio urraketa konta ezinen testuinguruaren aurrean (zehatzago bigarren artikulu batean azalduko ditudanak) arduradunak gehien seinalatu zituztenen aurkako errepresio makineria abian jarri zuten estatu aparatuek, Ivan Marquez, Oscar Montero, Romaña eta beste batzuk atxilotzeko legez kanpoko eta akordioen aurkako operatibo militarrak burutuz (geroztik “ezkutuan” daude) eta Jesús Santrich akusazio faltsuekin atxilotu eta espetxeratuz.

Kolonbiako fiskal-goren Néstor Humberto Martínez Neirak, ustelkeri kasu askotan nahastua eta zeina La Habanako Akordioen aurkari sutsu ezaguna denak, Santrich jomugan zuen muntai polizial bat burutu zuen, AEBetako DEA agentziako infiltratuen laguntzaz. AEBetara hamar tona kokaina bidali izanaren salaketa faltsupean, Santrich espetxeratu zuten, estradizioaren zain. Ongi dakiten arren Jesús Santrich-en patua Bake Akordioen patuarekin lotua dagoela guztiz, negoziatzaile nagusietako bat izateaz gain, AEBrako bere estradizioak beste gerrillari guztientzat aurrekari bilakatuko bailitzateke.

Santrich marrazkilaria da, irudian berak egindako salaketa lan bat.

Hasieratik, muntaia gezurtatzeko erabakimen osoz eta zin eginez ez dutela bizirik estraditatuko, Santrich gose greba mugagabean egon zen 41 egunez, harik eta, fiskal ustelaren nahien aurka, bere kausa jurisdikzio ordinariotik JEP-era eraman zuten arte. Honek esan nahi zuen JEP-a bere kausa aztertu eta frogen baliozkotasunean sar zitekeela, estradizio prozedura arruntean ez bezala. JEP-ak New York-eko epaitegiko –Kolonbian ez dago kausarik– Santrichen aurkako ustezko frogak aztertu ondoren, fiskalak komunikabideen laguntzaz zabaldutako bideo, audio eta froga guztiak ezerezean gelditu dira, AEBetako enbaxadoreak aitortu behar izan zuenez. Ez zegoen kokainarik, ez Sinaloako kartelik (DEAko infiltratuak ziren), ezta Santrich-en gaiari buruzko aipamen grabaturik ere. Geroztik, Santrich-en askatasuna Akordioen aldeko eta aurkakoen arteko borroka politikoan katramilaturik dirau, Uribismoak gaia JEP-a deslegitimizatu eta berau aldarazteko erabiltzen du.

Bitartean, JEP-aren azken erabakiaren zain Santrich-ek burokrazia judizialean kateaturik segitzen du. Zutik, duin, Kolonbia berri baten ametsaren defendatzaile sutsu bezala eta Bolibarren Aberri Handitik ez dutela bizirik aterako zin eginez. Santrich da egun, ezabatu nahiko luketenentzat, La Habanan adostatukoaren memoriaren adierazlea.

Guzti honengatik ere, Frantziako kaiola hauetatik AEB-etan lurpean kartzelaratua duten Simón Trinidad, Kolonbiako preso politiko guztien eta La Picota-ko 26. ziegako Jesús Santrich-en askatasuna nire aldarri bilakatzen dut. Ozeano oso batek urruntzen bagaitu ere, internazionalismoak eta ideal justu batzuek batzen gaituzte.

Jesús Santrichek Euskal Herriko egoera politikoa gertutik jarraitu izan du.

Kurduentzako egun latz bezain eredugarri hauetan ezin aipatu gabe utzi PKK eta PAJK-ko zazpi mila preso politiko burutzen ari diren gose greba mugagabea Öçalanen isolamenduarekin bukatzeko exijituz, AKP-ren gobernu faxismoa hautsi eta Kurdistanen askatasunaren alde. Historia erresistentziaz idatzia da.

* Iurdan Martitegi Lizaso euskal preso politikoa da. Bihar bigarren artikulua argitaratuko dugu, Habanako akordioen ibilbide tragikoaz.

Jesus Santrichi buruzko informazio gehiago:

Santrichen askatasuna eskatzeko kanpainaren webgunea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Arduraz

Palestinan gertatzen ari dena ikaragarria dela erraten du jende orok karrikan barna, “Onartezina da! Genozidioa da!” bilakatu dira azken aldiko entzunenak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egin, ordea, eta bidegabekeria dela pentsatzen duten hamar horietatik lau... [+]


Eskola-segregazioaren aurka, Eskola Publikoa lehenetsi

Eusko Jaurlaritzak "Eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahai" berria osatu duten gizarte-eragileei Euskadiko eskola-segregazioaren hasierako diagnostikoa eta erantzuna izeneko txostena banatu die, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko. Debateak, beraz,... [+]


Biometanizazio plan bat behar dugu Nafarroan espekulazioaren aurrean

Udan zehar, mobilizazio sozial handia izan da eta herritarren plataformak sortu dira Lizarraldean biometanizazio-plantak direla eta: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia... Horietan guztietan erraz identifika daitezke gako berberak: 1/ Nafarroako Aldizkari Ofizialean proiektuak... [+]


Inshallah, Anas

Abuztua da. Iratxen bildu gara Jurramendi igotzeko. Gudarienetik baino, gurutzeen bidetik (via crucis) ekiteko gomendatu digute. Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, horren kontaketa ere isilarazi nahi du: ia 300 kazetari erail ditu, Al Jazeerako Anas... [+]


2025-10-01 | Gorka Menendez
Baso suteak eta begirada kontserbazionista

Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak diren arteek eta ametzek, adibidez. Baita txilar askok eta otea bezalako sastraka... [+]


Palestinarainoko olatua

Ikasturte berriarekin batera, EHU Palestina plataformako kideok berriro batzen hasi gara, ikasgela, ikerketa eta gainerako unibertsitate-jardueretan Palestinan Israel egiten ari den genozidioa eta horren konplizeak salatu eta baztertzeko. Abiatu ginenean oso bakarti sentitu... [+]


Zirrara

Iraila, errutinara buelta, askorentzat ikasturte berria eta horri dagozkion zirrarak: ikasturtea norekin konpartitu, nor izan alboan, zer ikasi, nola eta nora joan… Batzuentzat, esperientzia berriak bizitzeko lehen aldia.

Aldiz, beste batzuentzat esperientzia berririk... [+]


Elkarteen militantziaz

Ez dakit literatura-ikasketak egin ditudanarengatik den, baina nekez onartzen dut hitzen erranahien deformatze ideologikoa. Azken hilabete hauetan, eta bereziki Frantzian Bruno Retailleau Barne ministro denez geroztik, militante hitza zentzu arrunt peioratiboan erabilia da. Nik... [+]


2025-10-01 | Karmelo Landa
Asimilazio estrategiak

Genozidioaren faseak, guztiak larriak izanda ere, une batzuetan eskandalagarriak, zaratatsuak, izan ohi dira, baina beste zenbait unetan isilean garatzen dira, ia oharkabean.

Entzutetsuak dira populu indigenen sarraskia Amerikan, Gernikako bonbardaketa, holokausto nazia... [+]


2025-10-01 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Jaio. Kirola. Hil

Abuztuaren erdian hasi zen eskubaloira entrenatzen seme zaharrena; irailetik aurrera, astean lau entrenamendu ditu (hiru tekniko, bat fisikoa) eta asteburuetan partida. 15 urte ditu. Erdikoak, eskola-kirolaz gain, futbola eta eskubaloia. 9 urte ditu. Etxeko agendan, leku gehiena... [+]


Analisia
Bizigarritasuna helburu

Grebek laguntzen digute ideologizazioan, kontzientziazioan, kolektibizazioan. Greba prozesu bat da, lanuzteaz harago. Epe motzean emaitzak lortu gabe ere –galdetu bestela Gasteizko lorezainei edota Gipuzkoako erresidentzietako langileei–, borrokarako eta... [+]


Teknologia
Fandoma

Interneteko plataforma boteretsuenek fenomeno bat sortu dute: euren sistemen baitan, negozio eredu “burujabeak” sortzearen ilusioa.

Australiako Glitch estudioak Guiniverreko zaldunak 2D animazio telesaila argitaratu berri du Youtube plataforman. Istorioan, Dana... [+]


2025-10-01 | Iraitz Amor Pla
Dutxan dardaraka

Pasa den asteburuaren atarian, eta, oraingoan bai, hainbat hedabidetan Bernedoko udalekuetan gertatutakoa (Dutxa hotz bat denontzat) masiboki hedatu ostean, iritsi zen hezitzaileen adierazpena. Bertan, beraien “oinarri ideologikoak argitzea” eta “egiteko moduen... [+]


Guk Bernedo hautatuko dugu berriro

Euskal Udalekuetan egondako haur eta gazteen guraso edo/eta tutore legal gisa, babes osoa adierazi nahi dizuegu Bernedoko begiraleoi. Guztiz gaitzesten ditugu hezitzaileak jasaten ari zareten jazarpena eta sare sozialen bidez, publikoki zein maila pribatuan, egin zaizkizuen... [+]


Eguneraketa berriak daude