Kopenhage euskaraz, Copenhagen ingelesez, København danieraz, eta barkatuko didazue lizentzia, Koopenhage baita guretzat hemendik aurrera elkartasunaren hizkuntza kooperatibistan. Lau egun egon gara Olatukoopeko kideen talde bat, hiriko Kooperativt København sareak gonbidatuta, Fabrika festibalean murgilduta, ikasten eta ospatzen.
Fabrika euskal izena jarri diote beraientzat izaera eratzailea izan duen festibalari, izena gustatu zitzaielako Euskal Herriko kooperatibismoa ezagutzeko egin zuten bidaia batean Koopfabrika proiektua ezagutu zutenean. Guri emozio asko sorrarazi dizkigu erabaki horrek, Koopfabrika gure proiektu kuttun eta gakoa izan delako ekintzailetzaren ikuspegi kolektiboak gure lurraldeetan zabaltzean, baina baita Euskal Herritik urrun ere, euskara eta gure kooperatibismo eraldatzailearen erreferentzia presente izatea oso garrantzitsua iruditu zaigulako.
Festibalaren antolatzaile eta Logik&Co kooperatibako langile Balder Johansen-ek azaldu zigunez, festibalaren helburua izan da kooperatibismo eraldatzaile eta komunitarioko proiektu eta ikuspegi politikoak Kopenhageko jendarte askotarikoan zabaltzea, eta ikasteko, saretzeko eta ospatzeko ekimenak uztartzea. Eta lortu dute, bikain gainera, laurehundik gora norbanako, kooperatiba eta eragile baino gehiago elkartu eta saretu baitituzte.
'Fabrika' festibala bera probestu dugu kooperatibismo eraldatzailea internazionalista izan behar dela aldarrikatzeko
Beraiekin batera saretu gara lau euskal kooperatibista ere, solasaldietarako hizkuntza estresak ahaztuta, gure praktika eta pentsamendu kooperatiboak azaldu eta txirikordatuta, jana, festa eta dantzarekin gozatuta. Aipamen berezia egin nahi diot gure ponentzia eta tailerretan euskarari emandako tarteari, eta Fabrika festibala zentzu guztietan gune eroso eta zaintzaile izateko egindako lanari ere bai. Badugu zer ikasi.
Beti da sorpresa gure lurraldeetatik urrun berdinen artean gaudela sentitzea, baina inoiz ez da kasualitatea. Lehenago Katalunia eta Andaluzian saretu garen bezala, Kopenhage, Danimarka, Suedia eta Ukrainako kooperatibistekin sarea josi dugu orain, eta Argentina, Kurdistan, Venezuela, Mexiko eta behar den lurralde kooperatiboetara harremanak zabaltzeko aukera berriak sortu zaizkigu. Nazioartean saretzeak lan handia eskatzen badu ere, lana bera desiragarri egiteko bide bat da.
Koopenhageko fabrikatik dator notizia, Fabrika festibala bera probestu dugulako kooperatibismo eraldatzailea internazionalista izan behar dela aldarrikatzeko, eta horretarako KoopIntern harreman sarea ofizialki sortu dugula ospatzeko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.