Duela hilabete batzuk Lur jota Parisen eta Londresen irakurri nuen, Orwellen eleberria. Esperientzia oso bitxia izan zen. Asteburu hartan azterketa batzuk zaintzen aritu nintzen, sos batzuk irabaztearren. Lan aspergarri baino aspergarriagoa da, ordu pila bat gela batean sartuta, ezertan ez, beste batzuei begira baino. Liburu hori hartu nuen eta osoa irentsi nuen. Esperientzia bitxia izan zen, gela aseptiko horretatik, Londres eta Parisko azpialdeak bisitatzera joatea. Antza, autobiografikoa da liburua; George Orwell bizi izan zen pobrezia gorrian bi hiriburu europarrotan. Bi gauza errepikatzen ziren liburu osoan: gosea eta kiratsa... eta lo kamutsa, eta nekea, eta gosea, eta kiratsa, infernuzko ziklo batean. Orwellek hitz egiten zuen gure gizartetik kanpo zegoen mundu bati buruz. Liburuan jende masa bat ageri da, bizitzeko zirkuitu arruntetatik ihes egindakoak, edo kanporatu zituztenak.
Uda honetan irakurri dudan beste liburu bat, printzipioz bestearekin harremanik ez daukana, Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna izenburukoa da, Iñigo Aranbarrirena. Liburu hartan, El borracho burlado antzezlanaren garaiari buruz hitz egiten du, Azpeitiari buruz, eta lotzen du XVIII. mendeko matxinadekin. Oso interesgarria da liburua, eta erakusten digu garai hartan zer nolako mespretxu gordina zioten klase altuek herri xeheari.
Bartzelonako nire etxea Born auzoaren ondoan zegoen, eta askotan ibiltzen ginen kale haietan. Han dago Moncada kalea, adibidez. Bartzelonako harresiak bota zituzten arte, jauregiz betetako kale hartan bizi izan zen hiriko klase altua. Azpeitian bezala, han ere egiten ziren “aberastasun erakustaldiak”. Mila modutan markatuko ziren, han ere, klase arteko ezberdintasunak; baina, Orwellen gizartearekin konparatuta, garai hartako klase altuak eta baxuak kirats bera usaintzen zuten, auzo berberetan egiten zutelako lo. Klase altu horrek bazekien ondokoa gose zela. Gero harresiak bota egin zituzten Bartzelonan, eta gosea begi bistatik galduz joan zen. Euskal Herriko aberatsak ere joango ziren bere herritarrengandik aldentzen. Modernitatearekin batera, distantziak (fisikoak) gordetzen ikasi genuen.
Mila modutan markatuko ziren klase arteko ezberdintasunak; baina garai hartako klase altuak eta baxuak kirats bera usaintzen zuten, auzo berberetan egiten zutelako lo
Tarteak handitu egin dira, eta suposatzen dugu, esan digute, badagoela txiro multzo bat, agian auzo batzuetan beste batzuetan baino gehiago, eta pentsatzekoa da hiri handietan jende gehiago bizi dela gizarte “arruntetik” kanpo. Batzuek aterpeetan egiten dute lo, beste batzuek gaur egun esaten den “infraetxeetan”. Gaur egun, gizartetik kanpoko mundu hartara migranteak ere joaten dira, eta pentsatzen dut hori ere aldatzen ari dela.
Ez naiz aditua, baina Marxek definitu zuen lumpen gizartea ez da hori? Pasa den astean Twitterren hari batean irakurri nuen: “Marxek eta Engelsek honela definitzen dute 'lumpenproletariotza': estratu desklasetu bat, produkzio-lanetik aldendua, errenta irregularrez (legezkoak edo ez) bizi dena eta sistema eraldatzeko interes objektiborik ez duena”.
Ez dakit zer esango zukeen Marxek Mataroko nire lagunak kontatu zidan pasadizoari buruz. Lagunak gizarte zerbitzuetan egiten du lan, hain zuzen, kalean bizi den jendearekin. Behin, gizon bati pisu bat aurkitu zion. Gizona bere neska-lagunarekin pisu hartara bizitzera joan zen. Handik egun gutxira nire laguna ikustera joan zen ea zer moduz zeuden, eta gizona hilik aurkitu zuen. Neska-laguna ez zegoen burutik ondo, eta ez zen konturatu-edo bere bikotekidearen heriotzaz. Bi astez egon zen nire laguna lan egitera itzuli ezinik, pisu horretako kiratsa sudurrean sartuta.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.