1920. Herrigunetik urruti den baserrian neska jaio da. Ama ohean geratuta, aita, aitatxi eta amatxi azkar joan dira herriko elizara umea bataiatzera eta, haren aginduz Mª Pilar izena jartzera. Erretoreak, ordea, ezetz, abuztuko 6an jaioa dela, Jaunaren Antzaldatze edo Transfigurazioaren egunean eta horixe jarriko diola izen. Etxera itzuli eta amari esatean, horrek galdetu: “Ze izen jarri dio ba?”. Joandako inor gogoratzen ez, eta atzera berriro elizara aita. Orain paperean idatzi dio apaiz kaskagogorrak. Horrela aurrerantzean eta hil arte emakumea Transfi izan zen etxekoentzat.
1990. Haurra negar batean itzuli da eskolatik etxera. Ikasturtea hasi berria eta irakasleari bururatu zaio umeek pixkana elkar ezagut dezaten, bakoitzak azaltzea bere gurasoen izenak. Miriam txikia harro altxatu da eta bereak bota ditu: Matilde eta Rufino. Baina gelako lagun guztiak barrez lehertu dira entzundakoan. Etxean haurrak gurasoei aurpegiratu die: “Zergatik ez duzue mundu guztiak bezalako izenik?”.
2025. Parkean, ama ari zaio alabari behin eta berriz deitzen: Ma-rí-a A-nun-cia-ción! Jarraian: ez igo horra, ez jaitsi hortik, kontuz iturrian… Halako batean hurreratu zaio eta oso bolumen apalean belarrira esan dio: “Nunsi, zapatak zikindu dituzu”. Eskolako irakasleari agindua dio lehen egunetik Ma-rí-a A-nun-cia-ción deitzea. Nunsi hori soilik etxekoen intimitaterako gorde behar da.
Mendeetan, eguneko santuaren izena jarri ohi zaio jaioberriari, bizitzarako eredu. Alferrik, baina, Frantzisko jarri baitzioten Francori
Mendeetan, eguneko santuaren izena jarri ohi zaio jaioberriari, bizitzarako eredu. Alferrik, baina, Frantzisko jarri baitzioten Francori. Geroago, euskal izenen bolada etorri zen gurean, oraindik santuen izendegiari eta maiz Sabinoren bideari jarraituz: Kepa, Agurtzane, Gotzon, Koldobike… Hurrengo boladan antzinakotasunarekin eta naturarekin lotutakoak hobesten hasi ginen: Aioro, Perkain, Ausa, Gorosti, Haize, Lur, Haritz… Baina ez gara euskaltzaleago ezta ekologistago ere.
Liskarrak ere badira. Amak Iraitz izena jarri nahi alabari eta aitaren familiak onartu ez, ez delako erlijiosoa. Amaren aldeko aiton-amonek ere ez, Satrustegiren arabera Iraitz mutil izena delako. Ainara denari Ainere edo Enara deituta… ai, ai, ai! Asier idatzi, Hasier denari… oi, oi, oi! Pellori Peio esatea, ui, ui, ui!
Orain garrantzitsuena da bisilabikoak izatea. Hiru silabatik gorakoen jartzaileak, PPkoak (Cristobal, Cayetana…) edo etorkinak (Genevieve, Benicio…) omen dira. Mendeetako Dorotea, Nizeforo, Bonifazia, Saturnino, Filomena… bururatu ez. Niri Jose Ignazio jarri zidaten eta Piter, Pitorro, Potor… eta okerragoak ere esaten dizkidate. Izenak beti izen. Eta izana? Haur gaixoak.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.