Musu-truk

MAIDER LETURIAGA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Les Glorieuses informazio orriaren arabera, azaroaren 10az geroztik eta urte zibilaren bukaerarainoko tartean, Frantziako Estatuan, "emazteok urririk lan eginen" dutelako berria zabaldu da. Molde horretan, irudi horren bidez, irudikatzen eta adierazten da emazteen eta gizonen arteko lan sarien ezberdintasuna.

Urririk, dohainik, debalde, doan, hutsean, musu-truk. Irudia ezin adierazgarriagoa da.

Auzo-lotsa eragin lezakeen lema urtero sasoi bertsuan zabaltzen da, azken hamar urteetan. Sasoi bertsuan diot, ororen buru hiruzpalau eguneko tartea "irabazi" dutelako emazteek. Bilakaera erlatibo hori zenbakitan adierazita, 2016an 56 egunez urririk lan egitetik, 52 egunetara iragan dira emazteak 2025ean; edo beste gisaz erranik, urtean %15,3tik %14,2ra iragan garela. Edo, alderantziz, gizonen saria emazteena baino %28az goragokoa dela erran daiteke. Erritmo honetan, emazteek gizonek bezainbateko lan-saria eskuratuko dutenerako, mende eta erdi iragana izanen da: hitzordua 2175erako jarriko dugu, beraz.

Gizarteari komeni zaio emazteak (ahalaz) etxean egotea eta langileak, oro har, gaizki ordainduak izatea. Eta denak eramaten gaitu hori onartzera den bezala eta ez lasterregi aldatzera

Baliteke lan-sari berdintasunaren politika duten enpresetan lan egiten duena harritzea, edo sinpleki zaila izatea ulertzea nondik datorren ezberdintasun hori, batez ere aitzinatua dela dioen estatu batean. Arazoaren iturriak askotarikoak dira. Lehenik, emazte anitzek ez dituzte denbora osoko lanaldiak. Bigarrenik, lan tipologia beste arrazoietarik bat da: zaintza, garbiketa edo salmenta sektoreetan emazte-langileak direlako nagusiki, lan sari apalekin, eta alderantziz, kategoria sozio-profesional altuetan, gorago eta emazte gutxiago baizik ez baita. Hortik ondoriozta daiteke, nolabait, emazteak etxean eta sukaldean, eta gizonak buruzagi izateko sortu direlako kontzeptua oraindik bizi-bizirik dagoela. Ideia hori baieztatu du Ezberdintasunen Behatokiak berriki egin duen lanak, horrek ondorioztatzen baitu emazte anitzek ez dituztela denbora osoko jardunak, etxeaz eta haurrez duten lan-ardurarengatik. Hirugarrenik, lanbide negoziazioetan, errazago igotzen omen dira kategoria eta genero jakin bateko lan-sariak besteak baino; nahiz eta lan bera eta prestakuntza maila bera ukan, generoaren arabera, emendioak onartzen dira edo ez. Hots, aurreiritzi sexistak hor dira, eta emazteek gizonek baino errendimendu gutxiago dutelako ideiak bizirik dirau: lan bera-sari bera lemak bere aurkariak ditu lan-munduan.

Kontua da arrazoi horiek baizik ez balira, aterabideak ere errazak liratekeela: emazteak nagusiki diren lanbideetako lan sariak igoko balira eta gizon-emazte berdintasuna ez errespetatzea zigortua balitz, adibidez, hamar urte gehiegi lirateke auzia konpontzeko.

Bizkitartean, ez da misteriorik; ez du arazorik sortzen ideia progresisten eskasak edo existentziak, baizik eta gizarteak eta lan-munduak bestelakotzeko dituzten ezintasunak: gizarteari komeni zaio emazteak (ahalaz) etxean egotea eta langileak, oro har, gaizki ordainduak izatea. Eta denak eramaten gaitu hori onartzera den bezala eta ez lasterregi aldatzera.

Artetik erran, aurten #10novembre11h31 deitu ekimena, Les Glorieuses informazio orriak bultzatua dela, eta horren buru da Rebecca Amsellem, ekonomialaria, ekimen feminista bultzatzailea, emazteen eskubideen dibulgatzaile edota salatzailea. Alta, Gloria Media-k, Amsellemek sortu enpresak, zenbait auzi ukan zituen, “ordaindu gabe utzi lan-orduengatik”, edota “lan-ingurunean harreman abusiboengatik” ere. Hura ere gure gizarte eredu suntsiezinaren zepora eroriko zen. Domaia da. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.