Behin eta berriz, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren e-postak iristen zaizkit eta bertan diote langabezia tasak hobera edo pixka bat okerrera egin duela. Jarraian, sindikatuetakoak heltzen zaizkit, aurreko irakurketa kritikatzen eta datu berberen azalpen negatiboa egiten dutenak. Deigarria egiten zait, zenbaki baten aurrean, kontrajarriak diren errealitateak deskribatzea posible dela. Dena den, ekonomia egoera neurtzeko erremintak ez dira inoiz neutralak, eta adierazle horren mugak aztertzea beharrezkoa da.
Langabezia tasa ongizate ekonomikoaren adierazle gisa aurkeztu ohi da, baina errealitatearen zati bat baino ez du islatzen. Zifra nahiko baxuek (Pirinio Atlantikoetan %5,4, EAEn %6,99, Nafarroan %7,3) ezkutatu egiten dituzte nahi ez diren enplegu partzialen hedapena, autonomo faltsuen gorakada eta langile pobreen hazkundea, besteak beste. Azken hamarkadetako baxuena da, baina ez du erakusten nolakoak diren enplegu horiek.
Industria eta enplegu egonkortasuna sinonimotzat hartzen dira. Kalitatezko enplegua dagoen arren, sektoreak lan eskubideak higatzen dituen zerbitzu azpikontratatu eta prekarizaturen baten beharra du. Langabezia baxuak ez du bereizten enplegu egonkortasunaren eta prekarioen artean. Tasa baxuek enplegu egoera onaren ilusioa sortzen dute, eta ez dator bat egunero kontratu laburrak edo soldata eskasak izaten dituztenen esperientziarekin.
Zaintza-lanak langabeziaren irakurketa itxuragabetzen du. Ordaindu gabeko lanak egiten dituzten emakumeak ez dira langabe gisa agertzen, baina ez dute autonomia ekonomikoa bermatzen duen enplegurik. Gainera, etxeko langile askok baldintza gogorretan eta babes nahikorik gabe lan egiten dute, nahiz eta langabeziaren datu orokorrak haien prekaritatea ez islatu.
Zertarako balio du enplegua izateak, baldin eta ezin baduzu alokairua ordaindu, (...) edo kaleratzearen beldurrez etengabeko antsietatearekin bizi bazara?
Gazteen artean, langabezia tasaren eta errealitatearen arteko aldea oraindik nabarmenagoa da. Prestakuntzarekin jarraitzeak eta kateatutako kontratu prekarioek modu artifizialean murrizten dute gazte langabeen kopurua. Pertsona bat langabetuen zerrendetan ez agertzeak ez du esan nahi bizi-proiektu egonkor bat eraikitzen ari denik. Desitxuratutako irudi horri ostalaritza eta turismo sektoreen sasikotasuna gehitu behar zaie, une batez langabezia murrizten duena, baina enpleguen egitura prekarioa mantendu.
Azken batean, langabezia baxuak ez dakar nahitaez ongizatea. Ez ditu atzematen estresa, etengabeko prestasuna eta negoziatzeko ahalmenik eza, lan egiten dutenei ere eragiten baitie. Magnitude horiek Espainiako batez bestekoarekin alderatzen direnean, lanaren kalitateari buruzko galdera deserosoak saihesteko aitzakia gisa erabiltzen da datua.
Zertarako balio du enplegua izateak, baldin eta ezin baduzu alokairua ordaindu, zure kontratua hiru hilabetetan amaitzen bada, astean 60 orduz bi enpleguren artean lan egiten baduzu, edo kaleratzearen beldurrez etengabeko antsietatearekin bizi bazara?
Langabezia tasak propaganda gisa funtzionatzen du: gobernuari aukera ematen dio (edozein koloretakoa dela ere) arrakasta ekonomikoa aldarrikatzeko, baina langile askoren eguneroko esperientzia da prekaritate normalizatua, nekea eta zalantzazko etorkizuna izatea.
Klase ikuspegitik, beste adierazleak beharko genituzke: zenbat jende bizi da bere lanetik duintasunez? Zenbatek irudikatu dezakete etorkizun egonkorra? Zenbatek dute benetako boterea euren lan-baldintzak negoziatzeko? Perspektiba horiek kontutan hartu gabe, edozein zifra hutsik geratzen da.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.