Zilegi diren borrokak ez dira ebazpen batengatik itzaltzen


2025eko azaroaren 19an - 12:01
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

NBEren Segurtasun Kontseiluak eman duen Mendebaldeko Saharari buruzko 2797 ebazpen zalantzagarriaren aurrean, Marokok ahaleginak eta bi egiten ditu garaipen baten gisara azaltzeko. Hartara, propaganda makina lorpen diplomatiko baten gisara agertu nahian dabil, eta narratiba ofizialak autonomia-proposamena arrakastatsutzat jotzen du. 

Bistan da: ebazpen hau ez da inondik ere sahararrek nahi eta behar dutena, baina, haatik, ebazpena sakonki aztertuz gero, kontua ez dago batere garbi, eta anbiguotasuna agerian da. Egia da autonomia-plana aipatzen dela, orain arte ez bezala; baina “aipatzea” ez da “onartzea”, komunikabide askok Marokoren bertsio interesatua zabaldu arren. Marokoren diskurtso triunfalistak, beraz, ez du oinarri sendorik, ebazpenak ez baitu Marokoren subiranotasuna onartzen Mendebaldeko Sahararen gainean, ezta autonomia-plana bide politiko bakar gisa babesten ere. 

Marokoren bozkario antzeztua —su artifizialak eta guzti, ez da broma—, barne-politikari eta marokoarrei begira egina da. Mohamed VI.ak marokoar guztiei lorpen bat eskaini nahi die barne-arazoetatik atentzioa desbideratzeko: gazte marokoarren protestak desgaitzeko, hurrengo errege nor ote den norgehiagoka dabiltzan anaiaren eta semearen arteko lehia estaltzeko, eta Mohamed beraren gehiegikeriez eta osasun egoera penagarriaz ez dadila fitsik ere erran. 

Bertze fase batean egonagatik, saharar herriaren aldeko engaiamenduari eutsi eta saharar herriarekin bat eginik, atxiki azkar!

Ustezko garaipen hori zabaltzeko estrategiaren beste adibide bat: Marokoko Zerbitzuek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren telebistan Mohamed VI.a bera agertzea lortu zuten segundo batzuk. Saharako telebistari egindako eraso horri neurriko erantzuna emanez, hacker sahararrek Marokoko Estatuko telebistaren bigarren kanalari eraso zibernetikoa egin diote... Hain zuzen ere, ustezko garaipen diplomatikoa puzten tertuliakide marokoarrak hizketan ari zelarik, nor eta Brahim Gali bera agertu zaie pantailetan marokoarrei.

Ghalik salatu du Marokok “desinformazio eta irain sistema bat garatu duela 50 urtez iritzi publikoa manipulatu eta Mendebaldeko Sahararen okupazioa justifikatzeko”.  Ghali-ren hitzetan, “Rabatek NBEren ebazpenen eta Segurtasun Kontseiluaren gomendioen norabidea desbideratzen jarraitzen du”. Bukatzeko, presidenteak azpimarratu du “taktika hauek erakusten dutela beharrezkoa dela justiziazko konponbide politiko bat, nazioarteko zuzenbidearen eta saharar herriaren eskubideen errespetuan oinarritua”.

Oporraldia Bakean programaren bidez udak Nafarroan eman zituen neskatiko batek, gaur emakume bihurtuak, igorri duen mezu batek zioen: “Zilegi diren borrokak ez dira ebazpen batengatik hiltzen”. Madrilgo paktuen etoikeriaz geroztik 50 bete dira hilaren 14an, baina denboraren joanak ere ez du saharar herriaren borrokarako grina itzali, sahararrek euren borrokan sinesten, eta borrokari eusten diotelarik, irmo eta duin. Bertze fase batean egonagatik, saharar herriaren aldeko engaiamenduari eutsi eta saharar herriarekin bat eginik, atxiki azkar! 

Josu Jimenez Maia, idazlea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude