Robin Hood Wall Streeten aurka

  • Reddit plataformaren bidez antolatu den gazte talde batek Wall Street kolokan jarri eta aberats askoren porrota eragin du. Sekulako oihartzuna izan du ekintzak, dagoeneko "XXI. mendeko Robin Hood" izendatu dituzte. Baina, nola lortu dute kapitalismo ahalguztiduna menderatzea? Bada, haien jokoan parte hartuta, haien joko-arauekin.


2021eko otsailaren 02an - 10:05
Argazkia: Getty Images.

Ezer kontatzen hasi aurretik, finantza-merkatuaren funtzionamendua, azaletik bada ere, ulertzea komeni da: enpresek burtsan kotizatzen dute eta beren balioek gorabeherak jasaten dituzte inbertsioen arabera. Hain arrotzak ez zaizkigun kirol apustuekin alderatuz: pilotariak frontoian nola, enpresek burtsan lehiatzen dute. Ikusleek baten edo bestearen aldeko apustua egin dezakete pilotarien ezaugarrien arabera, partida nork irabaziko duen asmatu nahian. Burtsaren kasuan, eskaintza eta eskariaren arabera: enpresa bateko akzioen eskaria handitzean, akzio hauen prezioek gora egiten dute; eskaria jaistean, behera.

Publiko zabalarentzat hain ezaguna ez den eragiketa bat short selling edo zorpeko salmenta da. Akzioak erostean hauen prezioen gorakadaren alde apustu egiten bada, short selling eginaz beherakadaren alde jokatzen da. Laburbilduz, akzioak interes oso baxuarekin maileguan hartu, hasiera batean saldu eta, prezioak eroriko diren aurreikuspenarekin, itzuli aurretik merkeago erostean datza. Diru asko eskuratu daiteke, baina badu bere arriskua: irabazi mugatua dute, maileguan hartutako akzioen balio osoa irabazi daiteke hau hondoratuz gero; baina galera mugagabea da, akzioa infiniturantz hazi baitaiteke. Hau da, akzioen ohiko salerosketa batean gertatzen denaren kontrakoa. Eragiketa hau hain da etikoki zalantzazkoa, ezen herrialde askotan debekatuta baitago, Europako gehienetan, kasu. Ez, ordea, AEBetan.

Beheranzko joera duten enpresak identifikatzea hain zaila ere ez da, beren negozio-eredua zaharkituta geratu delako, adibidez. Hauek dira, hain zuzen, zorpeko salmenta kantitate handiena pairatu eta are gehiago jaisten direnak. Inbertsore batzuek hauen gainbeherarekin negozioa egiten dihardute urteetan. Hauxe da GameStop enpresarekin gertatzen ari zena. Bideo-jokoak saltzen dituen denda-kate honek garai hobeak bizi izan zituen. Online joko zein erosketak medio, enpresa honen kotizazioa aldapan behera zihoan aspalditik. Beraz, inbertsio-funtsek haren kontra egiten zituzten short selling operazioek osatzen zuten bere akzioen gehiengoa.

David eta Goliat

Goazen, bada, aste honetako gertakaria kontatzera: Wall Streeteko stablishmentaren aurka altxatu eta erasoa jotzeko ideia Reddit webgunean sortu zen. Bertako Wall Street Bets foroan, bi milioi erabiltzaile baino gehiagok bat egin zuten, ekintza koordinatua antolatu eta GameStopen akzioak masiboki erosteari ekiteko. Erosle-kuadrila hau ez dute profesionalek osatzen; jende arrunta da, ikasleak asko. Diru xehea izan arren, beren sosak aurreztuta dauzkatenak. Inbertsore xumeak izanagatik ere, hain da talde handia, eta hain sinkronizatuta egin dute aurrera, espero zuten emaitza lortu dutela. Enpresa honen kapitalizazioa ikaragarri hazi da aste honetan: %18 astelehenean, %93 asteartean, %134 asteazkenean…

 

 

 

GameStopen akzioen kotizazioaren bilakaera azken 6 hilabetetan.

 

 

 

Ezusteko mugimendu honek hondamena ekarri die pilotu automatikoa jarrita short selling operazioak eginez amildegira zuzentzen ari ziren hainbat putre-funts eta inbertsore handiri. Bat-bateko joera aldaketa hau dela-eta, galerak murrizteko ahal bezain bizkorren akzioak atzera ere erosteari ekin behar izan diote. Halabeharrezko kitapen honek (short squeeze) akzio hauen balioa are gehiago igotzea eragin du. Ondorioz, egun gutxitan milioi askok egin die ihes poltsikotik. Baina, joko-arauak garbiak izan arren, erantzukizunik onartu ez eta, kasketak emanda, gazte talde honen egitasmoa salatu dute.

Kontraesankorra badirudi ere, orain arte edozein motatako merkatu libre kapitalistaren erregulazio oro baztertu duen finantza-elite hau, honelako ezustekoak ekidin asmotan, esku-hartzearen alde azaldu da egun hauetan komunikabideetan. 2008ko krisiaren ondotik, Chicagoko eskola ekonomikoaren doktrinari jarraiki, deserregulazioa goraipatu ostean, argi geratu da: injerentzia bai, baina haien mesedetan. Ikusteko dago norainoko sinesgarritasuna aitortuko dieten, izan ere, ez dezagun ahaztu urtetan AEBetako botere-sarea erein duten aberatsez ari garela.

Melvin Capital da adibideetako bat, munduko inbertsio-funts handienetako (eta ez bidezkoenetako) bat. Kexu azaldu da, GameStopen akzioen gorakadak, besteak beste, bere kiebra ekar lezakeela, 2.000 milioi dolarreko galera aitortu baitu. Wall Streetek short selling operazioetatik epeak bete gabe, eta beraz kontratuak errespetatu gabe, irtetea baimendu dio. Trikimailu honi esker lurjotzea saihestu du, baita beste funts askok ere.

Hori gutxi balitz, erregulatzaileak GameStopen kotizazioa ikuskatzen hasi ziren. Ostegunean, burtsako artekariek, tartean gazte hauek gehien erabili duten Robinhood bezalako aplikazioek, GameStopen akzioen erosketak geldiarazi zituzten (ez, ordea, salmentak), funts handien aldeko manipulazioa agerian utziz. Ondorioz, enpresa honen balioa %55 erori zen ostegunean. Ostiralean, hori bai, atzera-martxa sartu eta erosketa “mugatuak” baimendu zituzten.

Etorkizunean zer?

Hemendik aurrera zer gertatuko den ikusteko dago. Inbertsore hasiberri hauek beste hamaika enpresa biziberritzen hasi dira, Blackberry, Nokia edota AMC, kasu. Beren eferbeszentziatik oso urruti dauden konpainiak, hauek ere. Eta izan duten gorakadak akuilatuta, milaka lagun elkartu dira. Dena den, ez dezagun ahaztu burbuilak eztanda egiteko arrisku handia duela, GameStopen kotizazioak ez baitu islatzen bere balio erreala. Ezta aipatu enpresenek ere.

Ongi-egile edo Robin Hood garaikide moduan bataiatu dituzte; izango dira, gehiengoak mahai gainean kolpea jo eta putre-inbertsioen hondamendia baizuen helburu. Nostalgikoenek, GameStop eta garai bateko enpresak salbatzea. Dirua egin nahian elkartu denik ere egongo da. Baina, komenigarria litzateke, anekdota isolatu bezala ulertu beharrean, merkatu libre kapitalistaren ahulgune moduan aztertu eta sakontzea. Izan ere, gertatutakoak erakusten du, jende txikiak, antolatuta, jende handiaren jokoan parte hartu eta haien joko-arauak errespetatuz garaipena eskuratu dezakeela. Nahiz eta eliteek arau hauek egun batetik bestera aldatzea lortu, nahiz eta hainbeste aipatzen duten aukera berdintasuna zapaldu, boterea zalantzan jarri daitekeela.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Burtsa
Silicon Valley Bank-en porrota
Zer gertatu da eta zergatik da dena hain desegonkorra?

Kalifornian du egoitza Silicon Valley Bank-ek (SVB), munduko teknologia enpresa handienek egoitza duten eremu horretan. Teknologia eta start-up enpresen paradisua dela esan daiteke. Bertan daude, besteak beste, enpresa handi hauen egoitzak: Google, Apple, Meta, Twitter, Intel,... [+]


Iberdrolak 2.075 milioi euroko irabaziak izan ditu lehen seihilekoan, iaz baino %36 gehiago

Aurten 4.200 milioi euro irabaztea espero du Iberdrolak eta Ibex35ean gehien irabaziko duena izatea.


Kripto-txanponen prezioak behera egiten jarraitzen du

Azken sei hilabeteetan 48.884 dolarretik 20.694 dolarrera jaitsi da kripto-txanponen prezioa.


Netflix gainbehera, bai harpidetzatan, bai burtsan: zergatik?

Netflix plataformak aste honetan iragarri du harpidedun asko galdu duela urte hasieran. Hamar urtean lehenbiziko aldia da ikus-entzunezkoen erraldoiak horrelako albiste bat ematen duela eta notiziak eragina izan du enpresaren burtsako prezioan ere.


2021-04-08 | Juan Mari Arregi
Euskaltel: espekulatzeko pizgarriak

MasMovil taldearen bidez Euskaltelen lanpostuak suntsitu eta enpresa deslokalizatuko dute. Une hori iristen denean, zeren eta iritsiko da, orduan ere jasoko dute milioi askoko saria bere zuzendariek. Kapitalaren legea da.


Eguneraketa berriak daude