ARGIA.eus

2020ko uztailaren 11

Burtsek hiru bilioi dolarreko kapitalizazioa galdu dute Brexit osteko bi egunetan

  • Historiako muturrekorik handienetako bat –bi eguneko jaitsierarik gogorrena– hartu dute munduko burtsek Britainia Handiko erreferendumaren ostean: hiru bilioi ("b" hizkiz idatzirik, bai) galdu dute konpainia handienek beren kapitalizazioetan. Kezka handiagoa sortu du planetako aberatsen artean Erresuma Batuari eragiten dioten libra esterlinaren jaitsierak edo zor publikoak A hirukoitzaren maila galtzeak, zer esanik ez eraso arrazistak ugaritzeak baino.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko ekainaren 28a
New Yorkeko burtsako agenteak akiturik atzo, ekainak 27. (Argazkia: Russell Boyce)

Ostiralean bi bilioi dolarretik gora galdu zituzten munduko burtsetako indize nagusiek, konpainia gotorrenen akzioak erakusten dituztenek. Astelehean kasik bilioi bat gehiago. Aditu bakar batek ere ez du zalantzan jarri gainbehera globalaren zioa dela Brexit, Erresuma Batuko herritarrek erreferendumean erabaki izana Europar Batasunetik irtetea. Bai Remain (Europan geratu) eta bai Leave (irten) aukerak sustatu dituzten politikariek, aitortu dute ez zeudela horrelako ekaitz baterako prestaturik.

Astearte goizean Europako burtsa gehienetan igoerak ageri ziren, baina aditu askoren ustean ekaitzak baretzeko itxurarik ez du. Aldagoiaren tamainaren aurrean, Brexit erreferenduma antolatu zutenek eskuak garbitu nahi dituztela esan liteke. Ekonomia ministro George Osbornek esan du, adibidez, irteteko erabakiak irabaziz gero biharamunerako plana edukitzea ez zegokiela haiei. Beste batzuk hasi dira bigarren erreferenduma proposatzen. Bai Alderdi Kontserbadoreko buruzagi batzuk, bai Britainia Handiko ekonomian indarra daukaten oligarka zenbait ere, hala nola Richard Branson.

Bitartean, Erresuma Batua Europar Batasunarengandik dibortziatzeko mekanismoa, Lisboako itunaren 50. atala, abian jartzea inork ez du eskatu, eta gero eta epe luzeagoak aipatzen dira horretarako, goizena hauteskunde berrien osterako. Brexit enbatak atal asko eta nahasi bezain ikusgarriak eduki behar ditu. Euskal Herrian ere bai: nork uste behar zuen ingelesen erabaki batek burtsako astindurik handiena IBEX 35eko konpainiei eragingo zienik?

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Brexit  |  Erresuma Batua  |  Burtsa

Brexit kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude