Netflix gainbehera, bai harpidetzatan, bai burtsan: zergatik?

  • Netflix plataformak aste honetan iragarri du harpidedun asko galdu duela urte hasieran. Hamar urtean lehenbiziko aldia da ikus-entzunezkoen erraldoiak horrelako albiste bat ematen duela eta notiziak eragina izan du enpresaren burtsako prezioan ere.


2022ko apirilaren 22an - 01:02

200.000 harpidedun gutxiago 2022ko lehen hiru hilabeteetan. Azken urtean harpidedunen hazkundea mantsotzen ari zelako sumatzen hasiak ziren problemak orain begi-bistakoak bihurtu dira. Bukatu dira COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriek Netflixi ekarri zizkioten urrezko urteak?

Momentu batean, 2020ko apirilean, petrolio-enpresen burtsako balioaren pareraino iritsi zen streaming plataforma ezagunena, baina urtea hasi zenez geroztik puxika airea galtzen ari da. Iazko azaroan Netflixek 283.000 milioi euro balio zuen burtsan, orain berriz, 91.800 milioi, ekonomian espezializatutako Bloomberg hedabidean Lucas Shaw kazetariak nabarmendu duenez.

Bezero-galera horrek ondorioak izan ditu aste honetan enpresaren akzioen balioan ere: %35eko galera jasan dute eta horrek gainontzeko streaming plataformen aurkako domino-efektua eragin du: Disney, Warner eta Paramounten akzioen salneurria %5 eta %8 artean erori zen aste honen erdialdean.

Baina beste lehiakide batzuei ez doakie hain gaizki: HBO Max plataformak, adibidez, iragarri du hiru milioi harpidedun gehiago lortu dituela eta notizia horrek Netflixen aste beltza are gehiago ilundu du.

Airean dagoen galdera da: zerk eragin du gainbehera? The Guardian egunkariko Andrew Lawrencen ustez, plataformaren eskaintza bera bihurtu da arazoa: bere burua ikusi du Netflixeko katalogoan barrena, 1990eko hamarkadako kable bidezko telebistaren ikuslea balitz bezala, “helbururik gabe noraezean, zerbait, edozer ikusi nahian”.

Beste arrazoi batzuk aipatu ditu enpresak, Ukrainako gerratik hasi eta erabiltzaileek euren pasahitzak partekatzeko duten joeraraino. Eta horietako batzuen eragina handia izan daitekeen arren –Errusian milaka harpidetza eten dira otsailaren 24az geroztik–, pandemiaren aurkako neurriak lasaitzeak eta, beraz, etxetik kanpoko aisialdi-aukerak ugaritzeak ere eragin handia izan dezake.

Gainera, geroz eta lehia bortitzagoa sumatzen da ikus-entzunezko streaming plataformen artean. Azken bi urteetan hazkunde handia izan dute alor horretako enpresek, pantailen aurrean dauzkagun ohitura berriek eraginda. Baina bezeria berri hori harrapatzeko inbertsio erraldoiak egin behar dituzte etengabe, bai esponentzialki hazi den eskariaren aurrean katalogoa hornitzeko, baita alor teknologikoan ere, hainbeste erabiltzaileri zerbitzu ona eskaini ahal izateko.

Apirileko Netflixen txakalaldia ikusita, bat baino gehiago akordatu da aurtengo otsailean Metak –lehen Facebook– burtsan jasan zuen kolpeaz, antzeko arrazoiengatik –erabiltzaile galera–. Gerrak, inflazioak eta oro har ekonomiaren alorrean nagusitzen ari den segurtasun ezak, beharbada, beste mota bateko negozioetan inbertitzera eraman ditu konpainia erraldoietan dirua sartzeko ahalgoa dutenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Netflix
2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


2022-11-17 | Sustatu
Netflixeko filmei euskarazko azpidatziak gehitzeko plugina

ZerNonIkusi ekimenak Katalunian garatutako plugin baten euskarazko bertsioa kaleratu du Netflixen berez euskarazko azpidatzirik ez dauzkaten filmetan, kasu batzuetan azpidatziak gehitu ahal izateko. Netflix kontu ordaindua eduki behar da erabiltzeko, eta ordenagailuko... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude