Politika neoliberalak eta distantzia soziala

  • Legegintzaldi bat baina gehiago egin beharko genuke atzera, Eusko Jaurlaritzaren eta gehiengo sindikala osatzen duten ELAren eta LABen arteko ezin eramana analizatzeko. Baina ondorio bat garbia da: agintari politikoen eta langileen ordezkarien arteko arrakala handitzen ari da urtetik urtera. Eta bistan da, baita ere, alde batek bestearen eragiteko gaitasuna mugatzeko maniobratu duen neurrian, beste horrek kalera jo behar izan duela eragile sozialen laguntzaz denon eskubideak aldarrikatzera, U-30ean ikusi genuen gisan.


2020ko uztailaren 08an - 08:38
Herri ugaritan mobilizazioak egin zituen Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 19an, 'Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz' lelopean (arg.: EHESK)

Aurreko legegintzaldia amaitu zen Confebaskek, CCOOk eta UGTk, Jaurlaritzaren babesaz eragin mugatuko lan hitzarmenak sinatzeko akordioarekin. Aurrekaririk gabeko “zidor antidemokratikoa” zela salatu zuten sindikatu abertzaleek eta EAEko bozak baino bost egun lehenago manifestazio jendetsua egin zuten Gasteizen.

Bada, honako legegintzaldia amaituko da Lakuan “Elkarrizketa Sozialerako Mahaia” deiturikoa bilduta; hori bai, gehiengo sindikala bertan egon gabe. Ondo irakurri duzu. Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 15ean onartutako dekretu batek, “organo iraunkor” gisa aitortu zuen mahai hori, eta sindikatu bakarra ados egotea nahikoa da orain, hara eramandako proposamenak onartzeko. Berriz ere legitimitatearen marra gorriak auzitan.

Azkeneko bileraren argazkian, mahaian eserita ageri dira –elkarren arteko bi metroko distantzia mantenduta– CCOO eta UGTko ordezkariak, Jon Azkue Lan sailburuordea eta Confebaskeko zuzendari nagusia lagun dituztela. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari orokorrarentzat “euskal oasiaren zikinkeria ezkutatzeko alfonbra” baino ez da organo hori.

Covid-19ari  aurre egiteko sorturiko eragile sozialen krisi mahairekin ere “argazki  bila joatea” egotzi zioten alderdi abertzaleek Iñigo Urkulluri; berehala gelditu zen herren mahai hura ere.

Pandemiak erretratatuak

Pandemiak oso agerian utzi du zeinen ondoan dagoen zein. Industria jarduera ez eteteko Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuaren eginahalak, bete-betean bat etorri ziren Confebasken nahiarekin –honen presidente Eduardo Zubiaurrek EiTBn azaldu zuen “suizidio enpresariala” izango zela hori–; aldiz, langile askok planto egin eta osasuna lehenetsi zuten fabriketan.

Iñigo Urkullu Esko Jaurlaritzako lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidente berriari harrera egin zioten 2019ko uztailean.

Koronabirusari nola aurre egin soilik ez, hark eragindako shockari zein irteera eman ere ez daude ados administrazio autonomoa eta sindikatu nagusiak. Zaila da pentsatzea Urkulluk kanpaina honetan darabilen “lana, ausardia eta gestioa” leloaren atzean sindikatu horien ideia berak daudenik.

LABek “trantsizio ekosozialista eta feminista” planteatu du eta sistema errotik aldatu behar dela dio. ELAk “benetako irteera” batentzako proposamena egin du, eta bere ustez beharrezkoa da “aterabide sozialeko agertoki bat taxutzea, zeinak eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketari helduko dion”. Batak zein besteak nabarmendu dute zerbitzu publikoak indartu eta prekarizaturik dagoen zaintza sektorea duindu behar direla.

Mobilizazio soziala, ezinbestean

Hausnarketarako bide ere eman du pandemiak sorturiko egoerak. ELAren ustez, halako krisialdiak baliatu izan dituzte botere politiko eta ekonomikoek, itun handien aitzakiapean eragile sozialak “neutralizatu” eta doikuntzak onar ditzaten. Bere aburuz, hori ez gertatzeko ezinbestekoa da mobilizazio soziala bultzatzea.

Hein handi batean bide hori urratzen hasi ziren U-30eko grebarekin, pentsionisten, ekologisten eta mugimendu feministaren aldarriekin bat eginez. Eta horretan dihardute, ekainaren 19an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 45 herritan egindako manifestazio jendetsuak lekuko.

Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiekin bilera erronda egin du Karta Sozialak. Salatu du PPk eta PSE-EEk ez dutela bildu nahi izan, eta EAJri dagokionean, gobernuan dagoen alderdi nagusi bezala ez duela “inolako autokritikarik egin”. Hala, karta osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek ohartarazi dute adi egongo direla, “orain arteko politika neoliberaletan sakontzeko arriskuaren aurrean”.

Beraz, U-12 osteko gobernuaren politikek eta hemendik aurrerako mobilizazioek erakutsiko digute haien arteko distantzia soziala norainokoa izango ote den. Baina gauza bat garbi dago, bi metroko tartea ez da aski izango.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2020
2020-09-01 | Ramón Grosfoguel
Juan Carlos Monederori erantzuna: Podemos alderdiaren jokabide kolonialista

AEBetako Berkeley Unibertsitateko irakaslea eta pentsamendu dekolonialean aditua da Ramón Grosfoguel. Artikulu honetan, Galiziako BNGren eta Euskal Autonomia Erkidegoko EH Bilduren azken hauteskundeetako emaitzez iritzia ematen du, Podemos alderdiko Juan Carlos... [+]


2020-07-26 | Karmelo Landa
Non dago, baina, zure garaipena

Hauteskundeak izan dira oraingoan Euskal Herriaren mendebalde honetan, eta horien ondoren gerta ohi denez, erabateko garaipen loriatsua (auto)aldarrikatzera abiatu da prestu irabazten lar ohituta dugun EAJ.

Luza dakioke gaur EAJri esaldi klasikoan egiten den galdera: Non dago... [+]


2020-07-20 | Z. Oleaga
"Penko" kolektiboa EAEko hauteskundeetan

Demokrazian penko, suspentso, kate, gutxiegi. Politika egiteko oinarritzat hauteskundeak eta bozak dituen jendarte batek hori esan beharko lioke bere buruari herritarren erdiak "festan" parte hartu ere egiten ez duenean, ezta?


2020-07-19 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bozkaleku baten agortze saiakera

Data: 2020ko uztailaren 12a (igandea). Ordua: 13:00. Tokia: H. herriko bozkaleku nagusiko kanpoaldean dagoen banku bat. Eguraldia: orduak iraun dituen euri jasa baten azken tantak. Jende mugimendu etengabea atarian. Talde handirik ez. Gehienak banaka, binaka, trioren bat... [+]


2020-07-19 | Juan Mari Arregi
Eskuineko eta ezkerreko politikak daude

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta bere alderdiak hauteskunde kanpainan esan dutenez, “ezkerrekoak eta eskuinekoak jada ez dira existitzen”. Gaur egun EAEn nagusi den politikaren alternatibarik existituko ez balitz bezala, hau da, ez balego bezala... [+]


Eguneraketa berriak daude