Erantzuna kaleak du

  • Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30ean, Hegoaldeko lau lurraldeetan. Azken urteetan kendutakoa berreskuratzeko etengabeko borrokan ari diren kolektibo zabalek eskatzen zuten “mobilizazio handia” badator. Ibilbide baten amaiera ala hasiera izango ote den, kaleak esango du.

Urtarrilaren 30eko grebaren aurretik makina bat ekitaldi egin dituzte sindikatuek (arg.: Foku / Marisol Ramirez)
Urtarrilaren 30eko grebaren aurretik makina bat ekitaldi egin dituzte sindikatuek (arg.: Foku / Marisol Ramirez)

Benetako pobrezian bizi den jende kopurua %46 hazi da hamarkada batean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren azken inkestaren arabera –Nafarroan, azken urteetan tasa hori arindu egin da, baina menpekotasuna handitu delako, Pobrezia eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Sareak salatu duenez–. Hamarkada horretan, krisialdi ekonomikoak hauspotuta, murrizketak eta erreformak egin dituzte gobernuek, eta goiko klaseek behekoak espoliatu dituzte beste behin.

Josep Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak azaldu du neoliberalismoak nola jo digun flauta azken berrogei urteotan, esanez goikoak aberastea onuragarria izango dela behekoentzat ere, “baina bitartean langileak soldata baxuagoekin konformatu eta herritarrek murrizketak onartu beharko zituztela”. Politika horrek pobreziara eta prekarietatera jausi arazi ditu milaka lagun. Gure posibilitateen gainetik bizi izanaren apoa irentsarazi digute, baina gero eta jende gehiago dago gainez eginda diruak –eta ongizateak– beti kontrako norabidean egiten duelako igeri.

Gurean, goitik beherako eskema irauli eta erasora pasatzeko greba orokorrera deitu du urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (EHESK) –dozenaka eragile sozial eta sindikatu biltzen ditu–, “jauzi kualitatiboa” emateko pentsiodunen mugimenduak egindako eskariari erantzunez. 2008an Atzeraldi Handia hasi zenean, greba orokor ugari egin ziren murrizketen aurka; borroka erreaktibo hura beharrezkoa izan zen. Horregatik, orain zenbaitzuk ez daude ohituta halako larru berrietara. “Errespetatzen dugu, baina ez dago arrazoi objektiborik greba orokorrerako” esan du Josu Erkoreka EAEko gobernu bozeramaileak.

Euskal Herriko Eskubide sozialen Kartan bildutako sindikatuek erregistratu zuten greba deialdia ofizialki Bilbon (irudian) eta Iruñean urtarrilaren 9an. (arg: EHESK)

Aitzitik, EHESK-k aldarrikapen plataforma zehatza kaleratu du eta hura irakurrita argi geratzen da zenbat kendu dieten beheko klasekoei eta zenbat dagoen irabazteko, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatetik hasita. Laneko lurralde-hitzarmenen aplikazioa, soldata arrakala ezabatzea, zaintza lanak duintzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata irabaztea, prekarizatze formulak eta lanaldi partzialak kentzea, 35 orduko lanaldia… Aldarrikapen horietako bakoitzaren atzean mugimendu anitzak daude, baina denak dira klase be(he)rekoak.

U30eko grebak erronka itzela dauka denak bateratzen eta, batez ere, hurrengo egunetik aurrerako estrategia argitzen. Diego Sztulwark pentsalari argentinarraren arabera, neoliberalismoak intolerantzia die kapitalaren metatzea ez dakarren biziera orori eta “kooperazio bideak automatizatzeko” fenomenoei. Bere egiturazko krisiaren sintomak dira, eta gorroto ditu subjektibitate horiek: “Hori da neoliberalismoa neofaxista bilakatzearen oinarria”. Lubaki sentikor horretan jokatuko da politika beste zentzu batean ulertzeko borrokaldia.

2008an Atzeraldi Handia hasi zenean, greba orokor ugari egin ziren murrizketen aurka; borroka erreaktibo hura beharrezkoa izan zen. Horregatik, orain zenbaitzuk ez daude ohituta halako larru berrietara.

Pentsionistak as(f)altora

450 kilometro asfalto gainean egin ondoren, ia hilabete lehenago Bilbotik abiatutako jubilatuen zutabeak urriaren 15ean jo zuen Madril. 2018ko hastapenetan irten ziren lehen aldiz kalera, eta 105 astelehenetan elkarretaratu dira udaletxeen parean. Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua dago Espainiako Estatuko mobilizazioen abangoardian.

U30eko greba orokorraren atzean ere haren bultzada nabari da, nahiz eta ofizialki euskal sindikatuek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, EHNE eta Hiru) deiturikoa izan. CCOOk eta UGTk ez dute bat egin grebarekin eta pentsiodunen mugimendua “zatitzea” egotzi diete deitzaileei. Zenbait pentsiodunek ere ez dute greba babestu, “greba egitea langileei dagokielako”; hori bera esan du Coespek, pentsio publikoen sistemaren aldeko estatu koordinadorak. “Argudio hori erabili dezake enpresari jubilatu batek –erantzun die Cobas sindikatuak–, baina sekula ez aktiboan langile izan garenok”.

Askotariko mugimenduak daude greba orokorraren deialdiaren atzean. Irudian, pentsiodunen asteleheneroko elkarretaratze jendetsuetako bat. (arg: Foku / Marisol Ramirez)

Euskal Herrian, mugimenduko sektore oso zabalen artean grebaren aldeko jarrera irmoa da, abenduaren 12an Gasteizen legebiltzar aurrean milaka lagunek hala oihukatu zuten. Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak azaldu du ez dela laneko greba soil bat, “soziala eta transbertsala” ere bai.

Eta intergenerazionala. Eurei dagokienarekin ez ezik, hurrengo belaunaldiei geratuko zaienarekin arduratuago daude. Hortik doaz eskakizun nagusiak: pentsioak KPIaren arabera igotzea, 1.080 euroko gutxienekoa, genero arrakala amaitzea, berezko sistema publikoa, jasangarritasun faktorea ezabatzea…

Bizkaiko Labe Garaien altzoan lan egindakoa, hilean 700 eurora iristen ez den pentsioa kobratzen duen emakumea, eta bere seme-alaben etorkizunagatik borrokan ari dena. Hori izan liteke egun pentsiodunen mugimendua osatzen dutenen profiletako bat. Baina mugimendu askotarikoa da oso, eta hor datza bere indarra.

EAEko aurrekontu “murriztaileak” salatzeko ekintza Bilbon. (arg: EHESK)

Bitartean, Espainiako Gobernuak pentsioak %0,9 igoko dituela hitz eman du –papur batzuk bizitzaren garestitzea ikusita–, baina exekutibo berriaren inbestidurarekin katramilatu da gaia eta horrek gehiago haserretu ditu jubilatuak. Bidasoaren beste aldean, berriz, Emmanuel Macronen erretreten erreformaren kontrako protestak luze eta gogor doaz, eta honek amore ematea lortu dute hein batean. Ikusi beharko da aldagai horiek nola eragiten duten datozen mobilizazioetan.

“Greba feminista izango da”

U30eko deialdiak, pentsiodunen babesa ez ezik, beste askorena ere jaso du. Esaterako, krisiak bereziki kolpatu dituen gazte eta ikasleena. Poliziak indarrez hustutako Gasteizko Talka espazio feministaren atarian, agerraldi bateratua egin zuten Euskal Herriko gazte eta ikasle erakunde ugarik (Eragin, Gazte Prekarioen Sarea, Euskal Herriko Neska* Gazteak, Ikasle Sindikatua, Gora Ikasleon Borroka…). Azaldu dutenez, egungo gazteei “iraganean eskuratu ziren lorpenak ezabatu” dizkiete eta prekarietatera bultzatu dituzte. Aldarrikapen taula berezko bat ere osatu dute, tartean hezkuntza inklusibo eta feminista, edota aisialdia jokoarekin ez merkantilizatzeko neurriak eskatuz.

Mugimendu feministak ere bat egin du U30eko zitarekin, eta horretarako, Martxoaren 8ko greba orokorren arrakastan giltzarri izan diren sareak eta haien “indarra, ahalmen mobilizatzailea eta eraldatzailea” baliatu nahi dituzte. Sindikatuei eskatu diete bere egin ditzatela euren aldarrikapenak, prekarietate, heteroarau, matxismo eta gerrarik gabeko bizitzaren alde.

Martxoaren 8ko greba orokorren arrakastan giltzarri izan diren sareak eta haien “indarra, ahalmen mobilizatzailea eta eraldatzailea” baliatu nahi ditu mugimendu feministak (arg: Dani Blanco)

Greba aurretik ere egiten da

Zalantzarik gabe, azken urteetan Euskal Herrian mobilizazio indartsu eta jendetsuenak egin dituzten mugimenduen babesa edukitzeak –feministena eta pentsiodunena, alegia–, urtarrilaren 30eko greba orokorrari bultzada handia emango dio.

Baina antolaketa moduek eta aurretik herrietan egindako lanak ere emango diote tamaina egunari. “Dinamika eraikitzen bada poligonoetako asanbladetatik, kolektiboetatik, plazetatik eta biribilguneetatik kanpo, zaila da greba orokorra izatea, hala deitzen bazaio ere”, dio Hor Dago-ren urtarrileko zenbakian agerturiko iritziak.

Macronen politiken kontrako abenduaren 5eko grebak eta haren segidek, aurrelanketa luze bati esker izan dute eraginkortasun ikaragarria –Frantziako Estatu osoan 1,8 milioi lagun mobilizatu zen egun hartan, Baionan 10.000–; besteak beste, Radio France irrati publikoko kazetarien edota auzo nahiz lizeoetako eragileen inplikazioa dago atzean. Akaso ez al dabil “behetik gorako” halako korronterik mugaz hegoaldera?

Antolaketa moduek eta aurretik herrietan egindako lanak ere emango diote tamaina greba egunari. (arg: ELA eta @AZgreban)

Begiratu azkar batean ikus liteke greba batzordeak sortu direla Oñatin, Arrasaten, Leioan, Aiaraldean, Donostiako Intxaurrondon eta Amaran, Bilboko Santutxun, Portugaleten, Busturialdean, Lea-Artibaien, Gasteizko Olarizun…; hitzaldiak eta mahai-inguruak ugaltzen ari dira; mugimendu feministak ekintza ugari egin du urtarrilaren 18an, makinak berotzen hasteko; Eleak Mugimenduak proposatu du Eskubideen Herri Plataformak sortzen hastea tokian-tokian, “antikapitalista guztien konbergentzia” bideratzeko marko lokalean... Ikusiko da jauregiak zorutik sabaira astintzeko moduko dardara sortzen duen honek guztiak eta nolako erreplikak ekartzen dituen.

Ikusiko da jauregiak zorutik sabaira astintzeko moduko dardara sortzen duen honek guztiak eta nolako erreplikak ekartzen dituen.

Abenduaren 27an Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean plantatu ziren hainbat lagun biluzik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta –tartean ziren Barakaldoko Berri Otxoak gizarte bazterketaren kontrako plataformako kideak–. Egun berean Eusko Legebiltzarrean EAEko 2020ko aurrekontuak onartu ziren, Elkarrekin-Podemosen abstentzioaren ondorioz: “Gure kezka handiena Podemosen jarrera aldaketa da, hori izan da aurrekontu hauen diferentzia bakarra”, zioen elkarretaraturiko batek.

Alderdi moreak Urkulluren exekutiboarekin adosturiko diru-partidak “murriztaileak” direla salatu dute. DSBEan, esaterako, %4ko igoera iragarri du Elkarrekin-Podemosek, baina bazterketaren kontrako Argilan plataformak eta Bizkaiko beste hainbat kolektibo sozialek azaldu dutenez, 2012tik aurrera izandako murrizketen ondorioz, egiaz %34 gutxiago jasoko du diru-sarrera hori behar duen familia bakoitzak: “Arrazoi nahikoa badago gaur hemen eta hemendik hilabete barru ere, urtarrilaren 30eko greba orokorrean, kalean egoteko”.

Kalea neurgailu; kalea desfile hutsen toki baino, asaltatzeko espazio gisa ulertuta; kalea herritarra bere buruaren jabe egin dadin alor guztietan; kalea ikusgarri egiteko sukaldean, aldamioan, kutxazainetan itzalean utzi nahi dutena.

Greba orokorrak Hego Euskal Herrian (2009-2020)

M21 (2009/05/21)
Enpleguaren alde, krisi garaiko lehen greba orokorra ELA, LAB eta beste hainbat sindikatuk deituta. Confebaskek “erabateko porrota” izan zela adierazi zuen, sindikatuek berriz %50eko jarraipena izan zuela. Teknologia berriak erabili ziren lehen aldiz, Grebaorokorra.com webgunearen bidez.


E29 (2010/06/29)
Jose Luis Rodriguez Zapateroren lan-erreformaren kontra, hau indarrean jarri aurretik. Sindikatu estatalistek eta Euskal Herrikoek bananduta deitu zuten.


I29 (2010/09/29)
Hiru hilabetean bigarren greba lan-erreformaren kontra, CCOO eta UGTk deituta. Apenas izan zuen eraginik, Nafarroan izan ezik.


U27 (2011/01/27)
Jubilazio adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko saiakera egin zuen PSOEren gobernuak. Euskal gehiengo sindikalak deitu zuen eta industrian %60ko jarraipena izan zuen. Istiluak Bilbon eta Gasteizen.


M29 (2012/03/29)
Mariano Rajoyk lan-erreforma onartu ondoren deitua, azken urteetako indartsuena izan zen, erreforma “basatienaren” aurka, milaka langile kaleratzeko ateak ireki baitzizkien enpresei. Patronalak berak onartu zuen grebaren arrakasta.


I26 (2012/09/26)
Eragile sozialek Espainiako Gobernuaren murrizketen kontra egina, honek bankuen erreskateak 100.000 miloi euro kostako zuela aitortu ostean.


A14 (2012/11/14)
CCOO, UGT eta beste sindikatu batzuen sostenguarekin, murrizketen kontra deitua, Europa mailako mobilizazio egunaren barruan.


M30 (2013/05/30)
Gehiengo sindikalak eredu propio bat eskatuz deitua, sektore publikoan jarraipen zabala izan zuen.


M8 (2018-19/03/08)
Azken bi urteetan mugimendu feministak greba orokor arrakastatsuak egin ditu martxoaren 8an. Manifestazio masiboak egin dira, “bizitza erdigunean” jartzeko eskatuz.


 

Zein da zure greba?

2008an, finantzen krisia mundua astintzen hasi zenean, grebari buruzko tesiak zirkulatzen hasi ziren Frantziako Estatuan, Desmobilizazio Institutuak sorturik. Rennes-en lehenik, eta ondoren Parisen, Thèses sur le concept de grève (Greba kontzeptuaz tesiak) liburua kaleratu zen –gaztelaniaz ere aurkituko du Hegoaldeko irakurleak, Artefaktek argitaraturik–. Grebaren esanahiaz hausnartzeko balio dute tesi horiek. Hemen batzuk:

Greba normaltasuna da
“Reichek dioen bezala, harrigarriena ez da jendeak lapurtzea eta greba egitea, baizik eta gose daudenek ez beti lapurtzea eta esplotaturik daudenak beti greban ez egotea”.

Greba benetako festa da
“Grebak, festak bezala azenturik gabeko fase hori eteten du, lan egiteko denborarena”.

Greba demokrazia da
“Politikaren despolitizazioaren kontra borrokatzen du grebak, publikoa pribatizatzearen kontra”.

Greba ezinezkoa asmatzea da
 “Amildegira jauzi egitea da. Grebak hasieran oraindik ez daki, ezin du jakin, zer nahi duen ere”

Greba poztasuna da
“Erabat aspertzeak eta poztasuna desagertzeak, esan nahiko luke grebak errealitatea galdu duela”.


ASTEKARIA
2020ko urtarrilaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: U-30 Greba Orokorra
2021-06-02 | ARGIA
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira auzipetutako kidearen absoluzioa eskatu dute Gasteizen

Iazko urtarrileko greba orokorrean parte hartu zuen pertsona bat epaitu dute ostegunean Gasteizko Epaitegietan. Autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak leporatzen dizkiote, eta hemezortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta kalte ordainak eskatu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen... [+]


Analisia:
Euskal blokeo politikoa gaindituko dugu

Atzean geratu diren politika sozial eta ekonomiko okerrak aztertuz, Espainiako Estatuak berriki abiatutako aldaketaren euskal deklinazio baten beharra aldarrikatu nahi dugu, egungo blokeo egoera Euskal Herrian ere gaindituz.


2020-02-09 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


2020-02-07 | Topatu.eus
Gazte bat atxilotu dute Burlatan U30eko greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik

Hala salatu dute twitter bidez Burlatako hainbat eragilek. Burlatako greba komiteak deituta asanblada informatiboa egingo dute arratsaldean.


Eguneraketa berriak daude