Juan Carlos Monederori erantzuna: Podemos alderdiaren jokabide kolonialista

  • AEBetako Berkeley Unibertsitateko irakaslea eta pentsamendu dekolonialean aditua da Ramón Grosfoguel. Artikulu honetan, Galiziako BNGren eta Euskal Autonomia Erkidegoko EH Bilduren azken hauteskundeetako emaitzez iritzia ematen du, Podemos alderdiko Juan Carlos Monederoren adierazpenei erantzutearekin batera.


2020ko irailaren 01ean - 09:33
Juan Carlos Monederok dio BNG eta EH Bildu Podemizatu egin direla.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Juan Carlos Monederoren adierazpen batzuei erantzun nahi nieke. Telebista saio batean entzun nuen, hauteskundeetan Podemosek izandako porrotari buruz hizketan.

Monedero, Espainiako ezker kolonialista on bat bezala, zeharo galduta dago. Oraindik ez du ulertzen zer nolako estatu inperialista/kolonialistan bizi den, eta modu arinean hartzen du Espainiako Estatuak menpeko nazioengan eragiten duen zapalkuntza. Aipatu telebista saioan adeigabea bezain gezurtia iruditu zitzaidan iruzkin bat egin zuen, eta gogoeta honetara ekarri nahi dut, hitzez hitz:

“Otegi entzun nuen plurinazionalitateaz, Bildu ere bai, Podemosek martxan jarri zuen kontzeptu horri buruz, baina orain Podemosek alde batera baztertuta utzi duela ematen du, eta beste indar politiko batzuek berreskuratu dute, eta ondo atera zaie. Podemizatu egin dira… Irratia entzuten ari nintzen eta nire buruari galdetzen nion: nor da, Podemoseko norena da diskurtso hori? Ez dut ahotsa ezagutzen, Roberto Iriarte izango ote da? Eta azkenik Arnaldo Otegi zela konturatu nintzen. Otegi, Podemosen diskurtsoa egiten, berdin-berdina, esaldiz esaldi. Orduan, zer ari da gertatzen? Ez duela nazionalitateari buruz hitz egin, ezta nortasunari buruz ere, are gutxiago armei, ETAri edo independentziari buruz. Oso diskurtso Podemista egin dute”.

Geroago, Twitter-eko mezu batean, Monederok hurrengoa errepikatzen du: “Euskal eta galiziar ezker abertzaleak Podemizatu egin dira. Egun Bilduren eta BNGren diskurtsoak ez dauka desberdintasunik aurretik kritikatu izan zuten diskurtsotik”.

Plurinazionalitatea ez du Podemosek asmatu; aitzitik, estatu-nazioaren kontzeptuari kritika egiteko Ameriketako herri indigenek aspaldi sortu eta erabilitako kontzeptua da

Kolonizatzaileen harrokeria inperialaren ezaugarrietako bat da uste izatea beraiek bakarrik sortzen dituztela pentsamendua eta ideiak. Uste izaten dute beren politika inperialak menpean dituen herriek ez dutela pentsatzeko gaitasunik, eta itsuak balira bezala imitatzen, kopiatzen eta jarraitzen dutela espainiar kolonizatzaileek diotena. Jakintza-arrazakeria hau (arrazakeria epistemikoa, alegia) ez du inperiala eta espainolista den eskuinak soilik eragiten, tartean daude erregimeneko ezker inperialak ere. Hala ere, pentsamendu kolonialaren makurkeria handiena jakintzaren-erauzketa da; hau da, besteen ideiak bereganatzea, edukiak aldatuz birziklatuz eta berezkoak balira bezala aurkeztuz. Plurinazionalitatea ez du Podemosek asmatu; aitzitik, estatu-nazioaren kontzeptuari kritika egiteko Ameriketako herri indigenek aspaldi sortu eta erabilitako kontzeptua da. Hala bada, “Podemosek martxan jarri zuen kontzeptua” dela esatea, bereganatze eta desitxuratze, hots, erauzketa ekintza da.

Latinoamerikako jatorrizko herriek sortutako plurinazionalitatearen kontzeptu honek bi printzipio erabakigarri ditu estatu berean aurkitzen diren nazioen elkarbizitzarako: bata autodeterminazioa eta bestea herrien burujabetza. Podemosek kontzeptuari edukia aldatzen dio, eta beste bat bilakatzen du: “kulturaniztasun liberala”. Kulturaniztasuna gaur egun ospe txarra duen kontzeptu anglo-amerikar liberala denez, Podemosek nahiago izan du plurinazionalitate kontzeptua erabili, eta horrela bere ikuspegi multikultural, liberal eta burgesa ezkutatzen du. Kulturaniztasun liberalak nazio zapalkuntza pairatzen duten herrien identitateen eta kulturen azaleko ezagutza du, modu arinean hartzen ditu hauen aldarrikapenak, eta larriagoa dena, ez die beren etorkizuna burujabetzaz erabakitzeko eskubidea onartzen, 78ko erregimena ukitu gabe utziz. Hau da, kulturaniztasun liberalak estaturik gabeko nazioen identitateak onartzen ditu, baina beti ere, ez bada zalantzan jartzen nork agintzen duen. Eta herriek beren etorkizuna subiranotasunez erabakitzeko aukerarik ez duten bitartean, ezinezkoa da nazio anitzeko bizikidetza Espainiako Estatuan. Podemosek darabilen kulturaniztasun liberalak estatuko nazio identitateen aniztasuna aitortzen du, baina azaletik, herrien subiranotasuna eta autodeterminazio eskubidea aitortu gabe, eta boterea Madrilen esku utziz. Hau izan da Podemosen porrota.

Podemosek darabilen kulturaniztasun liberalak estatuko nazio identitateen aniztasuna aitortzen du, baina azaletik, herrien subiranotasuna eta autodeterminazio eskubidea aitortu gabe, eta boterea Madrilen esku utziz

Monederok ez du porrota ulertzen. 2015eko eta 2016ko hauteskundeetan, Podemos, Euskadiko eta Kataluniako Autonomia Erkidegoetako lehen indar politikoa izan zen, eta Galiziako bigarrena. Gaur egun, ordea, baliorik gabeko indar politikoa izatera igaro da estaturik gabeko hiru nazio hauetan. Eta porrot honek ezustean harrapatu ditu. Bistakoa da egin duten akatsa. Podemosen jarduera ez dator bat hainbestetan aldarrikatu duten nazioaniztasun-printzipioarekin, eta ondorioz, Madrilgo interes alderdikoiei eman diete lehentasuna, subiranotasunik gabeko nazioen beharrak alboratuz. Kataluniako erreferendumaren aurrean Podemosek hartutako jarrera lotsagarriaren ondotik –espainiar estatu inperialistaren alde eta desobedientzia zibilaren kontra lerratuz–, burujabe izan nahi duten nazioetako boto-emaileen sinesgarritasuna galdu zuten, hautesleek ordura arte uste izan baitzuten Podemosek herrien autodeterminazio eskubidea onartzen zuela. J. C. Monederoren itsutasun espainolista eta kolonialistak, ordea, ez dio ikusten uzten Diputatuen Kongresuan 70 ordezkari baino gehiago izan bazituzten, horiek estaturik gabeko nazioetan erdietsitako hauteskunde emaitzei esker lortu zituztela. Aldi berean, ez du ikusten porrota espainiar zentralismoarekin lankidetzan aritu izanaren ondorioa ere badela, edo erregimenak indarrean duen lurralde ordenamendua aldatzeko zina alboratu izanaren ondorioa, edota estaturik gabeko nazioen aldarrikapenak gutxietsi izanaren ondorioa. “Bai, ahal da” eta gero “Ez, ezin da”; “Bai, ahal dugu” eta gero “Ez, ezin dugu”. Galizia, Katalunia eta Hego Euskal Herrirako aukeratu zituzten ordezkariak Pablo Iglesiasen botere errekurtso soil bilakatu ziren, beti modu zentralistan bozkatuz, Madrileko ezker espainolistaren interesak eta esanak betez.

BNG, EH Bildu eta Otegi “Podemizatu” egin direla esatea, lotsa galtzeaz gain, atzekoz-aurrerako mundu batean bizitzea da. Monederok darabilen historia-gidaliburuaren arabera, Arnaldo Otegik plurinazionalismoaz Elkarrekin Podemos koaliziotik ikasi omen zuen. Benetan ari zara? Benetan uste duzu Arnaldo Otegik Podemos behar zuela plurinazionalitatearen kontzeptua eta estatuko nazio ugarien errealitatea ezagutzeko? Monederoren argudioa benetan patetikoa da. Monederoren paternalismo kolonialista eta lotsagarri hau errespetu falta da. Burujabetza aldarrikatzen duten nazioetako indar politiko ezkertiar eta subiranistek duela mende bat baino gehiago onartu izan dute espainiar estatua nazio ugariz osatua dagoela. Ideia honen sustatzailea Podemos izan dela esateak eta burujabetzaren alde dauden ezkertiarrak ideia hori kopiatzen ari direla adierazteak, bi gauza  uzten ditu argi: batetik, Podemosekoek ez dutela Espainiako Estatuaren historiari buruz ezer ulertzen eta apropos nahasten direla; eta bestetik, harrokeriaz beteriko kontakizun espainolistei jarraitzen dietela eta beren ustetan Madrildik kanpo inor ez dela gai bere kabuz pentsatzeko.  Gehienez ere, eta zehatzagoak izateko, gauzak alderantziz gertatu dira: ezkerreko nazionalismoek ez dute Podemosen aldera jo (ez dira “Podemizatu”), Podemos izan da BNG eta EH Bilduren aldera jo duena, behingoz nazio-aniztasuna onartuta (nazionalismo periferikoek aspaldi egin bezala). Hau da, Podemosek nazionalismo periferikoei ikasi die ideia hori, baina Monederok mundua atzekoz-aurrera aurkezten du, harrokeriaz gainera, eta nahastu nahi gaitu esanez ideia hori beraiena dela jatorriz.

Monederok ez du ulertzen burujabetzaren eskakizuna arlo anitzekoa dela

Monederok ez duenez burujabetza kontzeptuaz deus ere ulertzen, modu arinean hartu eta murriztu egiten ditu haren eskakizunak, soilik identitatearen inguruan sustengatzen diren eskakizunak izango balira bezala. Horregatik dio Monederok –bereizgarri den harrokeria inperialarekin– hauteskunde kanpainan ezkerreko indar nazionalistek ez dutela nazio identitateaz edo nazionalismoaz hitz egin. Hauteskunde kanpainan zehar, Galiziako edo Hego Euskal Herriko lurralde arazoei buruz, arazo sozial, ekonomiko, ekologiko eta patriarkalei buruz hizketan entzun zituen BNG eta EH Bildu. Eta pentsatu zuen, harrotasunez eta barregarriro, bi indar politiko hauek Podemosen diskurtsoa imitatzen ari zirela, ez baitzuten identitateaz eta nazionalismoaz hitz egiten. Monederok ez du ulertzen burujabetzaren eskakizuna arlo anitzekoa dela.

Burujabetzak autodeterminazioa ere barne hartzen du, noski, herri baten egoera politikoaz, ekonomikoaz, sozialaz, ekologikoaz, kulturalaz, hizkuntzaren egoeraz, lurraldearen egoeraz, edo besteak beste,  genero eta klase banaketaz erabaki ahal izateko. Ezker soberanismo hauen aldarrikapenek kontutan izan dituzte arlo soziala eta arlo nazionala. Aspalditik datorren lotura da, eta oso gauza arrunta da burujabeak ez diren nazioen artean. Ezker soberanistek euren herrietako arazo sozialez hitz egiten dutenean, aldi berean arazo nazionalez ari dira; eta alderantziz, arazo nazionalez hitz egitean, arazo sozialez ari dira. Bi errealitate hauek ezin dira banandu: nazioari dagokiona identitate gai bat besterik ez balitz bezala eta gai soziala, berriz, urrutiko zerbait bezala, klaseari soilik lotutako gaia balitz bezala. Nazio-zapalkuntza egoeretan, ordea, klase gatazkek aldarrikapen sozialak erakartzen dituzte eta hauek eskakizun nazionalekin eta identitate eskakizunekin lotuta daude ohikoan. Ezinezkoa da bereiztea. Baina Monederok ez ditu gauza hauek ulertzen, begirada Madrildik pentsatzen duten interes espainolistetan jarrita duelako. Horregatik, hauteskunde kanpainan antolakunde soberanistak nor bere nazioko arazo sozialei eta ekonomikoei buruz ezkerreko ikuspuntu batetik hitz egiten entzun zituenean, uste izan zuen ez zirela nazionalismoaz edo identitateaz ari; eta horregatik pentsatu zuen Arnaldo Otegi eta Ana Ponton “Podemizatu” egin zirela. Baina Monedero ez da konturatzen indar hauen hazkundea Podemosetik aparte izan dela.

Monedero oso adibide ona da nazionalismo espainolista zer nolakoa den ulertzeko. Bere ezaugarririk behinena, burujabeak ez diren nazioen interesak aldarrikatzen dituzten indarrak “nazionalista” izendatzea da, artean bere nazionalismoa ikusteko itsua da. Nazionalista ez balitz bezala hitz egiten du. Nazionalismo espainolistak bere burua pentsatzen du nazionalista ez balitz bezala, izaki neutral eta unibertsala balitz bezala, inongo leku zehatzetatik harago pentsatuko balu bezala. Unibertsaltasun inperial hori oso koloniala da, eta Monederok horregatik uste du Podemosek bezala pentsatzea, nazio-identitatea edo nazionalismoa aldarrikatu gabe pentsatzea dela (eta arreta klase eskakizun sozialetan soilik jartzea). Monedero ez da ohartzen Podemosen logika eta sorkuntza guztia, nazionalismo espainiarrean sustraituta dagoela eta ez dituela kontuan hartzen burujabetzarik gabeko nazioen dinamikak. Horregatik agortu zen bere proiektua. Elkarrekin Podemosen zikloa itxi egin da.

Ez da konturatzen azken hauteskundeetan BNGren eta EH Bilduren arrakasta, tokian tokiko arazo sozialak eta nazioen burujabetza eskakizuna artikulatzen jakin izanaren ondorioa dela

Monederok EH Bilduz eta BNGz egindako iruzkin kolonialistaren atzean dagoena, beraz, Podemosen zikloa itxi egin dela eta indar politikoa azken krisialdi batean sartu dela da. Uztailaren 12an jasandako porrota, iragarritako heriotza baten kronika da. Monederok ez du zer gertatu zaien ulertzea lortzen. Harrokeriak ez dionez bere akatsak onartzen uzten, ezkerreko indar subiranisten arrakasta Podemosen diskurtsoa lapurtu izana dela dio. Gizon hau, nazionalista espainolista eta “chauvinista” bera, ez da konturatzen azken hauteskundeetan indar hauen arrakasta, tokian tokiko arazo sozialak eta nazioen burujabetza eskakizuna artikulatzen jakin izanaren ondorioa dela. Podemos oso urte gutxitan zahartu da. Erabateko norabide aldaketa egin du: politika berriaren alderdia izatetik, politika zaharraren errepikapena izatera igaro da; elkargunearen alderdia izatetik, sektarismoaren alderdia izatera; kastaren aurkako alderdia izatetik, eliteen alderdia izatera (kastaren zerbitzura egotera); 78ko erregimenarekin hautsi behar zuen alderdia izatetik, erregimenaren alderdia izatera; nazio-aniztasuna bermatzen zuen alderdia izatetik, espainolismo inperialistaren alderdia izatera. Galizia eta Hego Euskal Herrian jasotako zartadarekin bezala, estatu mailan ere zurrunbilo bat ari zaie gerturatzen; eta kezkagarriena da ez direla ohartzen. Denbora gutxi geratzen zaie eta jakingo ez balute bezala jokatzen dute. Estatu mailan zerora erortzen direnean, Galizian bezala, errua beste batzuei egotziko diotela susmatzen dut, zer eta Podemosen diskurtsoa lapurtzeagatik. Hori gertatzen denean, nire desiorik hoberena “goian bego” izango da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Maddi Ane Txoperena Iribarren  |  Pikara Magazine
#4
Manuel Casal Lodeiro
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Israelen zuritzea eta ezkutatzea Gasteizko txakur txapelketan

Asteburu honetan jakin dugu, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen bitartez, Israelek 33. FCI/IGP Munduko Txapelketan parte hartu duela, Gasteizen ospatu den nazioarteko txakur lehiaketa batean. Duela egun batzuk izan genuen txapelketaren berri, baina Israel ez zegoen... [+]


2025-09-20 | Iraitz Amor Pla
Dutxa hotz bat denontzat

Badira egun batzuk Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan argitalpen bat agertu zela. Bertan, ama batek adierazten zuen bere alaba Bernedoko euskal udalekuetan egon zela hamabost egunez eta talde mistoetan dutxarazten zituztela 13-15 urte bitarteko nerabeak, aukerarik eman... [+]


2025-09-19 | Haritz Arabaolaza
Kritikoak edo kritikariak

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


2025-09-18 | Josu Iraeta
Noren zerbitzura dago Ertzaintza?

Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.

Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]


Irun ez da Iran

Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]


2025-09-17 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Beste western bat

The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]


Analisia
Trenez, posible bada

Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan... [+]


2025-09-17 | Itxaro Borda
Larrazkena

Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]


2025-09-17 | Iñaki Murua
'Azalapain'

Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten... [+]


2025-09-17 | Mikel Zurbano
Berdintasuna

Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia... [+]


2025-09-17 | Cira Crespo
Modernoak gara?

Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain... [+]


Teknologia
Tescreal

Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak... [+]


Suteak, noren mesederako?

Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?


Eguneraketa berriak daude