"Eztabaida argia da: dirua zertan gastatuko dugu eta nork ordainduko du?"

  • Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa dokumentua aurkeztu du sindikatuak. Osasun krisitik ateratzeko oinarriak ipintzeko une garrantzitsua dela dio. Oinarri horiek gehiengo sozialari erantzun behar diote eta 2008ko krisitik ateratzeko erabili ziren errezetak ez errepikatzea eskatu du. Hiru eztabaida lerro garatzeko deia egin du sindikatuak: sektore publikoa, funtsezko sektoreak eta zaintza. Dokumentua Maialen Aranburuk, Mitxel Lakuntzak eta Mikel Novalek aurkeztu zuten internet bidezko solasaldian, Argiako Lander Arbelaitzen eta Onintza Iruretaren galderak erantzunez.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra:
Urtarrilaren 30eko greba orokorra: "U30-etik gatoz, orduan plazaratu genituen aldarriak pandemian indarberrituta atera dira. Horrek gure alde jokatzen du eta mobilizazio horrek bide bat izango du”. Argazkian, piketeak Donostiako Martutene auzoan. Argazkia: Dani Blanco / Argia.

Sindikatuak uste du ez dela berandu krisiaren irteeraren norabidea zehazteko, nahiz eta aitortzen duen 2008ko krisiaren ondorengo neurri berak hartzen ari direla agintean daudenak. Gaurko krisia aipatzen dutenean, ez dira ari koronabirusak eragindakoaz, aurretik datorren krisi sistemikoari buruz baizik: krisi ekonomikoa, ekologikoa, demokratikoa. Koronabirusa katalizatzailetzat edo lehergarritzat dute, osasun ondorioak nabarmenak dira, baina ekonomian, enpleguan, jendartean, baita bizitzeko eta harremanak izateko moduan ere ondorioak izango ditu.

Aurreko krisietan gertatutakoaz ohartarazi du sindikatuak eta erne ibiltzeko beharra azpimarratu. Beldurrak eta kaosak eraginda, bestelako testuinguru batean onartezinak edo inpopularrak izango liratekeen neurriak edo politikak aplikatu dira. Maialen Aranburuk Naomi Kleinen The Shock Doctrine (shockaren doktrina) liburua ekarri du gogora: “Azken hilabeteetan, oso nabarmen entzuten ari gara traje militarren edo dominen atzean, behin eta berriro errepikatzen diguten arerio komun horren, birus horren, kontrako diskurtsoa. Naomi Kleinek hain ongi azaldu zuen shockaren doktrina edo politika, berriro ere aplikatu nahiko digutela aurreikusten dugu”.

Jada hemen diren eta etorriko diren politika neoliberalak baldintzatzeko alternatibak mahai gainean jartzera dator ELAren irakurketa, “nahi dugun edo behar dugun” eraldaketa sozial, feminista, ekologiko eta demokratikoaren bidean kokatzeko.

2008koa berriz ez

Sindikatuaren dokumentuak 2008ko finantza krisiaren ondorengo egoera aztertu du. Analisiaren arabera, koronabirusaren krisia baino lehenago ere ekonomia gaixo zegoen, termino klasikoetan hazkunde ekonomikoaren datuek hala adierazten zuten. Mikel Novalek azaldu du nola 2008ko krisi haren ondorioz, helburu nagusia bankuak salbatzea zen. Hori egiteko zor publikoa handitu zen eta horren bidetik zerbitzu publikoak murriztu ziren, prestazio sozialek behera egin zuten. Desberdintasunak areagotu eta pobreziak gora egin zuen gizartea marraztu du sindikatuak. Urtarrilaren 30eko greba norabide horri iskin egin eta bestelako paradigma batean kokatzeko ahalegin gisa aurkeztu du Novalek: “Hura ez zen guk nahi genuena, gehiengoaren aurka gutxiengoaren interesak defendatzen ari zirelako, kapitalaren interesak ari ziren defendatzen”. Europako Banku Zentrala jarri du adibide Novalek, orduko gauza bera egiten ari dela dio, interes tipoak jaitsi eta dirua bankuen esku utzi, ez gobernuen esku. Neurri sozialagoak hartu badituzte, presio sozialagatik izan dela dio Novalek, eta murritzak eta epe mugatukoak direla.

Mikel Noval: “Argi dago, hemengo sistema produktiboa aldatu behar da eta horrek birlokalizatzea dakar”

ELA sindikatua oso kezkatuta dago gaur egungo krisiaren ondorioengatik eta administrazioak ematen ari diren erantzun kaskarragatik. Espainiako Gobernuak hartutako neurriak murritzak direla diote, eta are gehiago Euskal Herrian hartutakoak. Orain arte mahai gainean jarri ez diren eztabaidak abiatzeko zain daudela diote eta Lakuntzak horietako hiruren garrantzia azpimarratu du: sektore publikoa, funtsezko sektoreak eta zaintza.

Zein da bidea?

ELAren proposamen politikoak aurrera begirako alternatibak ere jaso ditu. Horiei dagokien pasartea galdera-erantzun formatuan eskainiko dugu ondoren.

2008ko krisi ondoren ezarritako austeritate politikak baztertzea proposatu duzue. Indarrean dauden gobernuekin, egin daiteke halakorik?

M. Noval: Atzera egin behar da hartutako bidean, adibidez, konstituzioaren aldaketa. 135. artikulua ezartzearen ondorioz zorraren ordainketa lehenetsi zen gastu sozialaren aurretik. Hor ezarri ziren defizitaren, zorraren edo gastu arauaren mugak ere. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak esaten dutenean defizita handitu behar dutela, Espainiako Gobernuaren baimenaren zain geratzen dira. Hemengo instituzioek beren bidea egin behar dute, beraien aurrekontu politika egin behar dute. Adibidez, esaten badugu hemengo enpresak paradisu fiskaletan aritzen direla, baldintzak jarri beharko dira hala egin ez dezaten. Ez, ez dugu sumatzen borondate politikorik, baina guk presioa egingo dugu erabakiak baldintzatzeko.

“Pertsonak eta Lurra lehenetsi behar zaizkie kapitalaren interesei”, diozue. Aldi berean, Urkulluren gobernua, adibidez, Confebasken zerbitzura dagoela esan izan duzue. Nola egin pertsona eta lurra lehenesteko?

M. Aranburu: Galdera zaila da. Krisi honek oso nabarmen erakutsi du bizitzarako zein diren oinarrizko lanak, gelditu ezinekoak: zaintza, osasungintza, elikagaiak, garbiketa. Interdependenteak eta ekodependenteak gara. Argi geratu da sektore horiek direla prekarizatuenak, eta horrek garbi erakusten du instituzioek enpresen interesak lehenesten dituztela bizitzaren gainetik. Ikusi besterik ez dago, patronalek egin dieten presioaren ondorioz, gobernuek nola jokatu duten funtsezkoak ez diren sektoreak lanera bueltatzeko.

Maialen Aranburu: “Krisiak erakutsi du bizitzarako zein diren oinarrizko lanak, gelditu ezinekoak: zaintza, osasungintza, elikagaiak, garbiketa”

Beharrezkoa da lehentasunak aldatzea, hau da, bizitzak eta zaintzak erdigunean jartzea, eta horretarako, ez da nahikoa txaloekin. Gutxienez bizitzaren sostengagarritasunari egiten dioten ekarpenaren tamainako balioa eman behar zaie. Neurri oso zehatzak proposatzen ditugu, besteak beste, hainbat sektoreren publifikazioa, zaintza sistema publikoa behar dugu , unibertsala eta doakoa. Etxeko langileak oso kolpatuak izan dira krisi honetan, gutxienekoa litzateke beste langileekin parekatzea eta gizarte segurantzako erregimen orokorrean kokatzea.

Hori dena lortzeko momentu klabea da. Iruditzen zaigu ezkerreko eragile eta sindikatuek lehentasuna eman beharreko funtsezko elementuak planteatzen ari garela. Gure apustua irmoa da, mobilizatzeko eta gure gobernuek kontrako bidean aplikatzen dituzten politikei aurre egiteko.

Sektore publikoak indartze aldera, administrazioek baliabide gehiago behar dituztela diozue, eta horretarako, hainbat neurri proposatu dituzue. Ez dira proposamen berriak, baina badirudi agintean daudenek ez dutela norabide hau nahi.

M. Lakuntza: Eztabaida nagusietarikoa da ea zerbitzu publikoak defendatu behar diren ala ez. Dena lotuta dago. Aurrerantzean emango den eztabaida oso argia da: zertan gastatuko dugu dirua eta zeinek ordaindu behar du?. Eztabaida xumea dirudi, baina oso sakonekoa da, besteak beste agerian uzten duelako ezkerra non dagoen eta eskuina non. Proposamenean sektore publikoaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Oso agerian geratu da halako krisialdi baten aurrean, gizarte baten defentsa kolektiboa zerbitzu publikoek osatzen dutela. Hor inbertitzea edo ez, ez da gauza bera, ikusi dugu osasungintzan.

Ikusiko dugu ea herri honetan gai izango garen iritzi korronte sendoa osatzeko. Gizarte eragileek eta sindikatuek osatzen dugun korronteak arrakasta izango du baldin eta kultur mundua eta intelektualak batzen badira. Aurrerantzean borroka ideologiko hori ikusiko dugu, ea gai garen sektore publikoa defendatzeko.

Mitxel Lakuntza: “Gizarte eragileen eta sindikatuen korronteak arrakasta izango du baldin eta kultur mundua eta intelektualak batzen badira”

Fiskaltasunari dagokionez, Confebaskek egindako proposamena aipatu nahiko nuke. Zeinek eta patronalak esan du zergak igo behar direla eta gehien dutenek gehiago ordaindu behar dutela. Ikusiko dugu zer-nolako ibilbidea duen horrek, baina oso adierazgarria da. Agerian uzten du beraiek ere, hein handi batean, ikusten dutela hemen ez dagoela beste biderik.

Ekonomia bertokiratu behar dela diozue.

M. Noval: Gure eredu ekonomikoa munduko onena zela saldu digute. Gure ereduaren oinarri bat globalizazioan txertatuta egotea zen, enpresen nazioartekotzea bultzatzea, horiek ziren klabeak. Azken urteetan turismoa gehitu zaio. Gertatu denak begi-bistan utzi du ekonomia eredu horretan zeuden sektoreak direla orain okerren daudenak. Argi dago, hemengo sistema produktiboa aldatu behar da eta horrek birlokalizatzea dakar.

Bestalde, oinarrizkoak diren osasun eta farmazia produktuak ekoizteko gai ez gara izan. Horregatik, sektore estrategikoak eta subiranotasuna berreskuratzea ezinbestekoak dira hurrengo urteei begira. Politika publikoetan indartu behar da hori eta horrek osoko zuzenketa eskatzen du Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eredu ekonomikoei dagokienez.

Lanari duintasuna aitortzea da zuen beste proposamen bat, batik bat sektore prekarizatu eta feminizatuetan.

M. Lakuntza: Sektore prekarioek aitortza soziala lortu dute, baina horrek ez du esan nahi aitortza politikorik dutenik eta lan baldintzak konpontzen direnik aitortza soziala dutelako. Neurri zehatzak planteatu ditugu sektore horietan (zahar egoitzak, osasungintza, elikadura komertzioa, garbiketa) lan baldintzak duintzeko. Adibidez, erresidentzietan gertatu dena eta gero, aldaketarik egin behar da beste eredu bat martxan jartzeko? Eredu publiko bat, non gutxienez bi orduko arreta eskainiko zaien egoiliarrei? Gogoratu Gipuzkoako egoitzen sektorea greban zegoela pandemia iritsi zenean.

Gure borrokek ildo horri jarraituko diote: publifikazioa funtsezko sektoreetan. Osakidetzan eta Osasunbidean murrizketen aurka egin dute borroka, garbiketa sektorean ere aritu dira, egunotan elikadura komertzioetan gabiltza greban. Gehienetan sektore feminizatuak dira, eta gaur egun sindikatuaren abangoardia emakumeek defendatzen dute, eta sektore horietan ari da ematen benetako borroka. Gure lehentasuna langile horiek antolatzea eta beraiena dena defendatzea da. Orain abantaila bat dugu, aitortza soziala lortu dute. Eta berriz azpimarratu nahi ditut zerbitzu publikoak, gogoratu behar da 100.000 lagun azpikontratatuta ari direla lanean. Oso identifikatuta dauzkagu aldarriak.

Kontatu duzuena ez denez berez etorriko, mobilizazio soziala ezinbestekotzat jo duzue. Zer egin manifestatzea ere zaildu diguten garaiotan?

M. Lakuntza: Urtarrilaren 30eko greba orokorretik gatoz, orduan plazaratu genituen aldarriak pandemia garaian indarberrituta atera dira. Horrek gure alde jokatzen du eta mobilizazio horrek bide bat izango du, izan ere, ELA, beste sindikatuekin batera, Euskal Herriko Eskubideen Kartan dabil lanean. Alabaina, ea herri honetan ireki behar den iritzi korronteak sendotasun nahikoa izango duen. Ez da nahikoa sindikatuok eta eragile sozialok egindako indarra, instituzioetan behar dugu zeinek jaso gure aldarriak eta zeinek egin bidea gure aldarriei.

Zailtasunak izango ditugu, zorra handituko da, diru bilketa jaitsiko da, langabeziari eta pobreziari aurre egin beharko diegu, baina aukerak ere izango dira. Financial Times-eko buru horietako batek esan du aldaketa erradikalen garaia dela, eta beharbada, krisiak momentu egokiak direla horretarako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude