Confebaskek, CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eragin mugatuko hitzarmenak sinatzeko egindako akordioak tentsioa areagotu du sindikalgintzan. Espainiako erreformek estatu mailako hitzarmenei atea ireki, lan-baldintzak kaskartu eta negoziazio kolektiboa blokeatu dute. Egoera hori gainditzeko akordioa omen. Baina desblokeatu al daiteke ezer ELAk eta LABek EAEn osatzen duten gehiengo sindikala bazterrean utzita? Prekarietateari beste mamu bat gehitu zaio beraz lan harremanen esparruan: defizit demokratikoarena.
Ezohiko irudi batek alarma piztu zuen joan den uztailaren 14an hedabideetako edizio digitaletan. ELAk eta LABek agerraldi bateratua iragarri zuten goiz partean. Egun horretan Berria egunkariak lan harremanei zegokien albiste-bonba plazaratu zuen filtrazio bati esker: enpresari handien interesak biltzen dituen Confebask patronalak, esku artean zuen bi sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osatzen duten gehiengoa saihesteko “formula”. Horren arabera, akordio orokorrik ezean, gutxiengo sindikalarekin adostuko zituen “eragin mugatuko” hitzarmenak, eta –hemen berritasuna– Jaurlaritzak onetsi egingo lituzke.
Confebaskek ukatu egin zuen agiria berea zenik; Enplegu sailak, bere aldetik, “bitartekari” lanak baino ez dituela betetzen adierazi zuen. Baina ELAk eta LABek eginiko agerraldian dokumentu bat erakutsi zuten, Eusko Jaurlaritzak “Elkarrizketa Sozialerako Mahaira” eramandako akordio-zirriborroa ei zena. Dokumentu horrek ere eragin mugatuko hitzarmenak bultzatzeko estrategia proposatzen zuen: “Jaurlaritzak konpromiso horrekin bat egin eta era aktiboan kolaboratuko du bere hedapen eta ezagutza orokorrean –zioen testuak–, akordioak bildu eta argitaratuz, Langileen Estatutuaren Legeak eskatzen duen ordezkaritza mailara iristen ez direnean”.
Hauteskunde bidez lorturiko ordezkaritza sindikalaren kontrako eraso larritzat jo zuten ELAk eta LABek ustezko asmo hori, eta Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren dimisioa eskatu zuten berehalakoan. Ez zebiltzan oker filtrazioari emaniko garrantzian: handik hamar egunera sinatu zuten akordioa UGT, CCOO, Confebask eta Jaurlaritzak.
Negoziazio kolektiboan kosta ahala kosta hitzarmena lortzeko xedea EAEko patronalak ELA eta LABen kontra darabilen estrategiaren barruan kokatu zuten bi sindikatuok: “Eraso soka luze baten azkena da”, zioen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek.
Lehenago ere Confebaskek demokraziaren marra gorriak igarotzen dituen ideia eta asmoak ibili izan ditu buruan oposizioa paretik kentzeko. 2014an EAEko patronalak agiri bat bidali zion Espainiako Estatuko CEOE enpresarien elkarteari, eskatuz sar zezala Lan ministerioaren aurrean helegite harrigarri bat: sindikatuak gordailutik “baja” ematea euren estatutuetan zehaztutako zereginera ez baziren mugatzen. Confebasken ustez ELA eta LAB “ez dagokien izaera” hartzen hasiak daude eta “boikot” dinamika daramate.
Patronalarekiko kritiko diren erakunde sindikalak de facto ilegalizatzea zekarren ideia horrek, eta kalapita handia sortu zuen. Confebaskek orduan ere esan zuen ez zuela zerikusirik –gerora CEOEren helegitean jatorri hori nabarmen ikusi zen arren– eta Eusko Jaurlaritzaren beraren iritziz “astakeria” zen. Edonola ere, aferak erakutsi zuen zein puntutan dauden blokeen arteko erlazioak eta noraino iristeko prest egon daitezkeen botere ekonomikoari loturiko ezkutuko eragile batzuk. Baina nola iritsi da sindikatuen eta enpresa-buruen arteko gatazka horraino?
2007an krisia lehertu zenean, finantza-banku erregulatzaileek langileen eskubideak murrizteko baliatu zuten abagunea, Europan zein Euskal Herrian. Hala, Espainiako gobernuek urteotan egindako lan erreformek erabateko desoreka ekarri dute negoziazio kolektiboan; ELAko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñozek astekari honi gordin azaldu dio erreformen ondorioa: “Patronalak ere ez zuen espero hainbeste botere emango ziotenik”.
Espainiako lan erreformak: patronalak joko-arauak poltsikoan
2011ko ekainean José Luis Rodríguez Zapateroren gobernu sozialistak negoziazio kolektiboa erreformatzeko lege proiektua onartu zuen. Besteak beste ahalmen gehiago eman zion enpresa bakoitzari aurretik adostutako hitzarmenak aldatzeko, sektore-hitzarmenen kalterako. Baina horretaz gain, hemengo lan harremanen esparrua bete betean jo zuen, estatu mailako hitzarmenak probintziakoei lehenetsiz eta aukera emanez Madrilgo sindikatuei (CCOO eta UGT) eta patronalari (CEOE) erkidegoetan adostutakoa galarazi edo mugatzeko. Hitz bakarrean esanda: estatalizazioa.
Eraikuntzaren sektoreko CNC enpresen konfederazio nazionala izan zen lehena mauka profitatzen. 2012ko urtarrilean UGT eta CCOOrekin estatu hitzarmena sinatu zuen, beretzat gordez soldatak, mugikortasuna, lan-orduak eta beste hainbat gai garrantzitsu, eta edukiz hustuz euskal langileentzat askoz hobeak ziren lurraldeetako itunak; “lan baldintzen homogeneizazioa” zuten helburu. Geroztik halako beste asko etorri dira.
2011ko abenduko hauteskundeen ondoren Rajoyk ia hatz bakarrarekin ezarritako lan erreforma basatiari azken hamarkadetako greba orokor indartsuenarekin erantzun zioten langileek Euskal Herrian. Baina hala ere enpresa-buruek hainbeste desio zuten ultraaktibitatearen amaiera ekarri zuen: lehen, hitzarmen berria sinatu ezean, zaharrak jarraitzen zuen indarrean, iraungita egonik ere; orain, automatikoki estatu mailako hitzarmena edo, halakorik izan ezean, Langileen Estatutua aplikatzen zaie beharginei.
Panorama ilun horretan, sindikatu abertzaleak negoziaziorako tresnarik gabe geratu dira joko-arauak poltsikoan dituen Goliat gorbatadunaren aurrean. Erremediorik gabe ekintza sindikala dute orain habaila, eta kalea konfrontaziorako harri.
Estrategia diferentea dute ordea. ELAk, sektore hitzarmenen ahulezia ikusita enpresetan jarri du indarra. LABek, bere aldetik, hitzarmen orokorrak blindatzeko saiakerak egin ditu hainbat forotan, arrakasta askorik gabe baina: “Patronalak hitzarmen merkeak nahi ditu, eta hori askoz errazago lortzen du Madrilen”, dio LABeko negoziazio kolektiborako arduradun Garbiñe Aranburuk. Hitzarmen autonomiko edo sektorialen aldeko ekimenekin segiko dutela ziurtatu du, hala ere, LABeko kideak.
Blokeoa datutan ere zenbatu daiteke. Lan Harremanen Kontseiluaren azken buletin soziolaboralean ikus daitekeenez abuztuan langileen ia erdiak (%46,2) oraindik berritzeko zuen hitzarmena, 253.993 lagunek hain zuzen; beste 110.167 hitzarmenik gabe zeuden (%20) eta soilik heren batek (%33,8) zuen eguneraturik bere lan baldintzak arautzen dituen testua, hau da, 185.472 langilek.
Ultraaktibitatearen amaierak zerikusi zuzena du estatistika horiekin. 2013ko uztailaren 7an 300.000 behargin geratu ziren hitzarmenik gabe, patronalak enpresa-buruei eskatu zielako uztailaren 8ra arte ez negoziatzeko, egun horretan indarrean sartu zen Rajoyren erreformak zekarzkien abantailak poltsikoan izateko. Jokaldi horrekin soldata jaitsierak eta baldintza prekarioagoak inposatu ahal izango zituzten.
Lan gatazkak epaitegietara eramatea ekarri du horrek guztiak, hitzarmen askok ultraaktibitatea blindatzeko klausula espezifikoak dituztelako. Auzitegi Gorenaren epaiek lan erreforma nokeatu dute, baina enpresariek hari helduta segitzen dute negoziazio ororen kartak markatzeko.
Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eseri?
2014ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak “Elkarrizketa Sozialerako Mahaia” jarri zuen martxan, “konfrontazio hutsak etsaia identifikatzeko baino ez du balio”, azaldu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietarako orduko sailburu Juan Mari Aburtok. Baina mahaia herren jaio zen, LABek eta ELAk uko egin diotelako beraiek “ilegalizatzeko azpilanean” ibilitako patronalarekin esertzeari; murrizketak “legitimatzeko” baizik ez du balio izango haien iritziz. CCOOk eta UGTk, ordea, foro horretan parte hartzeko arrazoiak ikusi dituzte hasieratik “enplegua sortu eta pertsonen ongizatea hobetzea helburu” izaki.
Bi urteko ibilbide gorabeheratsuan Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak apenas egin du urratsik lan harremanen arloan –CCOO sindikatua bera ere behin baino gehiagotan altxa da mahaitik, Eusko Jaurlaritzak ez dituelako martxan jarri han adostutako neurriak–. Gehiengo sindikal abertzaleak salatu du CCOO eta UGTren hipokrisia, Euskal Herrian mahai horretan hitzarmen sektoriala defendatzen duten bitartean, Zapateroren erreforma baliatzen ari direlako estatalizazioaren bidez negoziazioa Madrilera eraman, monopolizatu, eta baldintza kaskarragoak dituzten itun orokorrak presaka ezartzeko.
Unai Sordo sindikatuaren idazkari nagusiaren ustez, baina, negoziazio kolektiboaren korapiloa ez dago estatuko legeek eta hitzarmenek esaten dutenagatik harrapatuta, baizik eta ELAk –eta neurri batean LABek– hitzarmen kolektiborik ez izateko estrategia “kaltegarria” darabilelako, konfrontazioa enpresaz enpresa eramateko. Egoera horri irteera emateko sinatu dute, diotenez, eragin mugatuko hitzarmenen akordioa uztailean.
CCOOk eta UGTk Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin negoziazio kolektiboaz egin akordio hori estatalizazioa gerarazteko dela ematen du aditzera onartutako testuak, “lurraldeko sektore hitzarmenaren aldeko apustua” egiten baitu. Besterik da zer nolako berme eta baldintza eskaintzen duten. Defendatu al daiteke euskal lan harremanen esparrua, erabakimena Madrilen baldin badago?
Eragin mugatuko hitzarmenen akordioak “ez du ezer blindatzen”
Enpresa edo sektore batean aplikazio orokorreko itunik ez balego –eta ikusi dugu asko eta asko egoera horretan daudela momentu honetan–, gutxiengoan dauden sindikatuek patronalarekin lan baldintzak adostu ditzakete, eta langileek hitzarmen horretara gehitzeko aukera izango dute. Hori dira “eragin mugatuko hitzarmenak”. Eusko Jaurlaritzak erregistratu eta argitaratu egingo ditu, izaera ofiziala emanez.
“Zidor antidemokratikoa”, “iruzurra”, “aurrekari gabekoa”… LAB eta ELA sindikatuek hitz oso gogorrak erabili dituzte ituna sinatu denetik hura kalifikatzeko. Euren esanetan, langileek botoen bidez aukeratutakoari muzin egiten dio eta gutxiengo baten nahia inposatzen dio gehiengoari.
Irailaren 20an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren erdian Gasteizen manifestazioa egin zuten “euskal langileek modu erabat zilegizkoan” hautatutako ELA eta LABen milaka delegatuk. Amaieran, Muñozek konparaketa ukigarri batekin azaldu zion Iñigo Urkullu lehendakariari nola sentitzen diren: “Baten batek esaten badu zure alderdiaren 27 eserlekuak parlamentuan hutsaren hurrengo direla, ondo irudituko litzaizuke? Ba, hori bera egin nahi dute gurekin”.
Ángel Toña sailburuaren aburuz, aldiz, “maltzurkeria” da akordioa antidemokratikotzat jotzea, langileak indibidualki batzea eskatzen baitu eta ez dio eragiten sinatzen ez duenari. “Demokrazia parte-hartzea da –dio Toñak– baina baita konpromisoa ere, eta akordioak lortzeko beharrezkoa da irtenbideak aurki daitezkeen foroetara jotzea”. Bere esanetan, hitzarmenik eta erreferentziarik gabe geratu diren 380.000 langileei alternatiba eskaini nahi diete. Raúl Arza euskal erkidegoko UGTko idazkari nagusia ere iritzi berekoa da, hots, langile horien guztien lan baldintzak “eguneratu” ahal izango direla.
Zaila dute ordea gehiengo sindikalak apo hori irenstea: “Akordioak ez du ezer blindatzen –diote ELAk eta LABek elkarrekin egindako balorazio dokumentu zabalean–, Confebaskek ez du bertoko negoziazio kolektiboko markoa blindatuko duen egiturazko inolako akordiorik behar”. Euren esanetan, estatalizazioak segitzen du patronalari aukera ematen milaka langileri “xantaia” egiteko.
Ekaitza eta beste lan erreforma bat zerumugan
Eta epe ertainean zer? Ezin esan konponbidea gertu dagoenik, ekaitz hodei trinkoak ikusten dira urrunean. Jadanik hasi dira eragin mugatuko hitzarmenak ezartzen. Araban metalgintzan akordioa sinatu dute duela gutxi SEA enpresaburuen elkarteak, CCOOk eta UGTk; eta Eusko Jaurlaritzak lurralde horretako aldizkari orokorrean argitaratu du, nahiz eta sindikatu horien pisua %30 ere ez den metalaren arloan.
Euskal sindikatuek, bestalde, euren eskura dituzten tresna guztiak erabiliko dituzte estatalizazioari mugak jartzeko. ELAk Europara jotzeko asmoa ere azaldu du estatu mailako ostalaritza ituna dela-eta. Madrilen sinatutako itun horren klausula batek galarazten du sektoreari dagozkionak beste inon negoziatzea kontrol batzorde baten baimenik gabe, eta ondorioz langileek euren soldataren %50 galdu dute, urteko lanaldia 50 orduz luzatu dieten bitartean. ELAk Estrasburgora eramango du kasua, sindikatu bati bere eremuan negoziatzeko ahalmena ukatzea nazioarteko legearen kontra doala uste baitu.
Baina lainorik potoloena beste bat da eta atzean dator. Sindikatuek behin baino gehiagotan adierazi dute kapitalaren botere faktikoak beste lan erreforma bat ari direla prestatzen langileak are gehiago estutzeko. Zantzuak hor daude. Esaterako, Garbiñe Biurrun epailearen ustez, Europako Justizia Auzitegiak behin behineko langileen kaleratze merkeak debekatuz emandako epaia “aitzakia” bezala erabiliko dute, lan kontratuen inguruko legea aldatzeko.
Eta batez ere, Troika eskean ari da berriz. Bruselak azaldu berri du Espainiak 5.500 milioi euro murriztu behar dituela defizit muga betetzeko. Eta ez du ematen, preseski, diru hori aterako denik joko-arauak egiten dituztenen poltsikotik.
Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]
ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]
Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]
Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belar eta sasiek hartuta ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean “zerbitzu... [+]
BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".
Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Boubacar Dioufek, Mbolo Moye Doole Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen elkarteko kideak, Bilboko kaleetan arrazakeria eta abusu poliziala areagotu direla adierazi du.
Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren. Euzkadi egunkariko orrialdeetan maiz irakur zitezkeen sozialisten kontrako diatribak. Harritzekoak ere ez ziren erasook, egia esan, egunkari sozialistetan... [+]
ELAk astearte honetan eman dio amaiera XVI. Kongresuari eta Mitxel Lakuntza aukeratu dute hirugarrenez idazkari nagusi, ordezkarien %90,37ren babesa lortuta. Aurrera begira lantokietako "botere sindikalean eta eragin politikoan" jauzi bat emateko beharra azpimarratu du,... [+]
Correosen bidalketa zerbitzuan "kaosa" eta "kolapsoa" nagusi den bitartean, enpresa publikoak Axa aseguru etxearekin akordio bat iragarri berri du. Ekainaren 1erako, Correosek Espainiako Estatu osoan dituen 800 bulegoetan Axaren aseguruak egin ahal izango dituzte... [+]
Correosen “kaos” egoera salatu zuen Gasteizko LAB sindikatuak apirilaren 16an. Hilabetetan bidalketak “kolapsatuta” egon direla jakinarazi zuen, eta Alde Zaharra, Salburua eta Santa Luzia auzoetarako soilik 10.000 posta bidalketa zeudela pilatuta... [+]
Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.
Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]