Normaltasun berriak zahar usaina du

  • Jokaldia ondo atera zaie. EAEko hauteskundeak Kataluniakoekin, eta batez ere, erabakitzeko eskubidearekin, talka ez egiteko aurreratu zituzten aurrena. Koronabirusak uztailera arte atzeratu du bozkaketa, baina helburua lortu dute boterean jarraitu nahi zuten alderdiek: orain arte izan ez duten gehiengo absolutua erraz eskuratu dute. Beste lau urtez EAJ eta bere makulu “sozialista”. PSOEk behar du EAJ Espainian eta EAEn EAJk behar du PSOE. Kito.


2020ko uztailaren 13an - 09:51
Iñigo Urkullu hauteskunde kanpainan. Argazkia: Europa Press

Aurreko legegintzaldiko ustelkeria kasuen zerrenda oparoa –De Miguel, Victor Bravo, Alonsotegi, Montai, Osakidetzako azterketak, Marguello, Karrantzako Purines, Hiriko, Epsilon..– Zaldibarko hondamendiak azalarazitako irregularitateak eta oraindik lurperatuta dauden bi gorpuak, koronabirusaren pandemiaren kudeaketa eztabaidagarria, gehiengo sindikalarekin etengabeko talka zuzen eta gordina, Autonomia Estatutua eguneratzeareko enegarren aldiz atzeratutako prozesua, Kataluniako independentzia eta Urkulluren papera… Deseroso eta lotsak agerian ikusi izan da EAJ legegintzaldi honetan, batere ohikoa ez den zerbait. Gainera, horietako kasu batzuk legegintzaldiaren azken hilabeteetan gertatu dira, alderdiek hobekien zaintzen duten hauteskunde atarian. Horrez gain, herritarren ia erdia etxean geratu da abstentzioa maila historikora eramanez: %47,14. 

Hori dena. Baina, halere. Hala eta guztiz ere. Zero higadura. Areago, orain lau urte baino indartuago atera da EAJ-PSE izatezko bikotea. EAJk 3 eserleku irabazi ditu eta botoetan puntu eta erdi gora (%39,12), PSE-EEk eserleku bat eta 1,7 gora (%13,64).

Askoren burutik pasa da galdera: "Hau dena ikusi eta gero, zer gertatu behar du EAJ eta haren eredua higatzeko?". Baina ez al da hori baino kezkagarriagoa hauteskundeak egin aurretik denok jakintzat ematea zeintzuk izango ziren irabazleak?

Alternatiba?

EH Bilduk baditu pozteko arrazoiak. Abstentzioa izugarri puztu bada ere, boto kopurua handitu duen alderdi bakarra izan da EH Bildu (+23.000), Voxekin (+16.800) batera. Lau eserleku gehiago lortu ditu (22) eta sei puntu eta erdiz hobetu ditu 2016ko emaitzak (%27,84). Ez da makala. Baina ez da nahikoa. Politika instituzionalean, boto bilketaz gain, gehiengoen osaketak agintzen du. Eta hauteskunde hauetan ezkerreko blokeak atzera egin du. 2016an EAJk eta PSEk botoen %49,60 lortu zuten eta EH Bilduk eta Podemosek %36,12. Azken hauteskundeetan EAJ-PSE tandemak %52,76 eta EH Bildu - Podemosek %35,87. Jakina, horretan zeresan handia du Miren Gorrotxategiren alderdia barrutik ez ezik hauteskundeetan ere puskatu izanak: 5 parlamentari eta 6 puntu eta erdi (%8,03) galdu dituzte. Hauteskundeotan tamaina horretako galerarik lortzeko gaitasuna Carlos Iturgaitzek baino ez du izan.

Gauzak horrela ezkerreko indarren batuketak jarraitzen du alternatiba osatzeko aukerarik gabe Legebiltzarrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urrun dira 2012ko garaiak, non EH Bilduk hegemonia lehiatu nahi izan zion EAJri edo Podemosen agerpenak balizko koalizioen mapa zabaldu zuen. Badaezpada ere, esan gabe doa, EH BIldu eta PSE elkarrekin dituen gobernu bat gaur gaurkoz ameskeria hutsa dela, “sozialistak” ezkerreko alderditzat definitzea bezainbat.

Hiria, eredu kapitalistaren gotorleku

EAEko herritarren erdia bizi da 45.000 biztanle baino gehiago dituzten zortzi hiritan: Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo, Irun, Portugalete eta Santurtzi. Horietan guztietan EAJk irabazteaz gain, emaitzak batuta batazbeste ia 20 puntuko aldea atera diote jeltzaleek ezker abertzaleari: EAJk botoen  %37,38 eta EH Bilduk %19,62. Hiri eta herri handiek jarraitzen dute izaten ezker independentismoaren gainditu gabeko azterketa, bereziki Bilbon eta Ibaizabalen ezker eta eskuin aldeetan. Horri gehitu beharko genioke EAJren makulu historikoek, PSEk eta PPk, herri txikiagoetan baino emaitza hobeak lortzen dituztela.

Oro har, herriko emaitzei begira, bipartidismoa egonkortu da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri guztietan EAJ ala EH Bildu izan da garaile, salbu Bizkaiko Ermuan (PSE) eta Arabako Navaridasen (PP). Bi alderdien artean Legebiltzarraren bi herenak beteko dituzte.

“Euskadi Zutik”. Hala jarraituko du lau urtez, aurreko lau urteotan izan den bezain bat bederen, baina krisi ekonomikoa ate joka dugula. Europan parekorik ez duen zentralitatearen, egonkortasunaren eta moderazioaren paradigmak beste lau urtez eroso gobernatzeko aukera izango du. Baina tira, abertzale nostalgiko kronikoei beti geratuko zaie EAEko legebiltzarraren osaketa "inoizko abertzaleena dela" dioen matematika ariketa hutsa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2020
2020-09-01 | Ramón Grosfoguel
Juan Carlos Monederori erantzuna: Podemos alderdiaren jokabide kolonialista

AEBetako Berkeley Unibertsitateko irakaslea eta pentsamendu dekolonialean aditua da Ramón Grosfoguel. Artikulu honetan, Galiziako BNGren eta Euskal Autonomia Erkidegoko EH Bilduren azken hauteskundeetako emaitzez iritzia ematen du, Podemos alderdiko Juan Carlos... [+]


2020-07-26 | Karmelo Landa
Non dago, baina, zure garaipena

Hauteskundeak izan dira oraingoan Euskal Herriaren mendebalde honetan, eta horien ondoren gerta ohi denez, erabateko garaipen loriatsua (auto)aldarrikatzera abiatu da prestu irabazten lar ohituta dugun EAJ.

Luza dakioke gaur EAJri esaldi klasikoan egiten den galdera: Non dago... [+]


2020-07-20 | Z. Oleaga
"Penko" kolektiboa EAEko hauteskundeetan

Demokrazian penko, suspentso, kate, gutxiegi. Politika egiteko oinarritzat hauteskundeak eta bozak dituen jendarte batek hori esan beharko lioke bere buruari herritarren erdiak "festan" parte hartu ere egiten ez duenean, ezta?


2020-07-19 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bozkaleku baten agortze saiakera

Data: 2020ko uztailaren 12a (igandea). Ordua: 13:00. Tokia: H. herriko bozkaleku nagusiko kanpoaldean dagoen banku bat. Eguraldia: orduak iraun dituen euri jasa baten azken tantak. Jende mugimendu etengabea atarian. Talde handirik ez. Gehienak banaka, binaka, trioren bat... [+]


2020-07-19 | Juan Mari Arregi
Eskuineko eta ezkerreko politikak daude

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta bere alderdiak hauteskunde kanpainan esan dutenez, “ezkerrekoak eta eskuinekoak jada ez dira existitzen”. Gaur egun EAEn nagusi den politikaren alternatibarik existituko ez balitz bezala, hau da, ez balego bezala... [+]


Eguneraketa berriak daude