Bi urtean laugarren aldiz zeuden deituta bozak Israelen. Behin behineko emaitzen arabera ez dago gobernua osatzeko gehiengorik, ezta gehiengoa osatzeko akordiorik ere.
Gobernu egonkor bat osatzeko ezintasuna dela-eta azken bi urteetan hiru aldiz egin behar izan dituzte hauteskundeak Israelen. Atzo, laugarren aldiz zeuden deituta bozetara Israeldarrak.
Emaitzen %90 inguru zenbatuta, blokeo egoera ez da aldatu. Abstentzioak nabarmen egin du gora eta inoizko parte hartze baxuena izan dute hauteskundeek, deituta zeuden herritarren %67,2 baino ez da joan bozkatzera.
Azken hauteskunde zikloetan, gainera, gobernu akordioek porrot egin ahala, aliantza politikoak desegiten joan dira, eta 2009tik lehen ministro karguan egon den Benjamin Netanyahuk ez du gobernua osatzeko beharrezkoak dituen alderdien babes ziurrik.
Behin behineko emaitzen arabera Israelgo legebiltzarreko 30 eserleku eskuratuko lituzke oraingoz Netanyahuren Likud alderdiak, eta Yesh Atid oposizioko alderdiak, aldiz, 17. Biek ala biek behar dute alderdi txikiagoen babesa 61 eserlekuko gehiengora iritsi eta gobernua osatu ahal izateko, eta oraingoz ez dago akordio argirik.
Gobernua osatu ezean, ziur aski berriz ere egin beharko dituzte hauteskundeak, eta ziurgabetasun egoera luzatu egingo da.