Ohar bateratua argitaratu dute Hamasek, Jihad Islamikoak eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak. Ñabardurak egin dizkiote itxurazko bake-planari: ez daude ados "nazioarteko tutoretza" edo Gazarako aipatzen den "aldi baterako kanpo-administrazioa" ezartzearekin, auzia "erabat palestinarra" delako.
Donald Trumpek eta Benjamin Netanyahuk ondutako proposamenak ez ditu aintzat hartu palestinar erresistentziaren eskariak, Hamasek berak proposamena ezagutu eta berehala salatu moduan, baina nazioarteko presioaren eraginez, hala nola herrialde arabiarrek begi onez jo zutelako proposamena, azkenean Hamasek onartu egin zuen, baldintza batzuk azaletik aipatuta: besteak beste, ez ziren kontent agertu nazioarteko batzordearen existentziarekin, ezta Hamasen armagabetze erabatekoarekin ere.
Ñabardura zehatzagoak ohar bidez helarazi dituzte. Ez soilik Hamasek, baita Jihad Islamikoak eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak ere. Hirurek sinaturiko oharrean, jakinarazi dute ez dutela inola ere onartuko AEBek proposatuta ipini asmo duten "gobernu iraunkorra". Donald Trumpek bere burua aurkeztu zuen "batzorde apolitiko eta teknokratiko" horren buruzagitzat, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blairrekin batera, besteak beste. Planaren arabera, erakunde horrek ezarriko du "Gaza berreraikitzeko markoa", eta hura finantzatzeaz arduratuko da, harik eta Palestinako Agintaritzak "erreforma-programa" osatu eta Gazaren kontrola "modu seguru eta eraginkorrean berreskuratzeko aukera" izan arte.
Hamasek, Jihad Islamikoak eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak honela kritikatu dute AEBen asmoa: "Atzerriko edozein tutoretza erabat gaitzesten dugu, izan ere, etorkizunean Gazako Zerrenda administratzeko modua eta haren funtzionamenduaren oinarriak zehaztea Palestinako bertako gaia da, palestinarroi dagokiguna". Dena dela, azpimarratu dute Gazaren berreraikuntzan eta garapenaren finantzaketan kanpo-laguntza jasotzeko prest daudela, batez ere herrialde arabiarrena.