Joan den astean Robe abeslariaren heriotzaren berri izan nuenean, gaztetako parranda-lagunekin mezuak partekatu nituen, bere musikarekin bizitakoak oroitzen. Egia esan, gaztea nintzenean ez nion arreta asko jartzen pertsonaiari, ez taldeari, soilik musika eta letrei. Bere heriotzaren berri entzuterakoan, gaur egun zen pertsona motaren inguruan jakin-mina piztu zitzaidan. Interneten bere bizitzaren inguruan kuxkuxeatzen ari nintzela, bere lurraldean, Extremaduran, egin zioten omenaldi batean eman zuen solasaldia entzun nuen. Omenaldi hartara bertaratzeko arrazoi bakarra aurkitu zuela esan zuen, agintariei eskaera bat egitea: "Bideratu mesedez gazteak biltzeko eta sortzeko lokalak".
Aurreko astean, Durangoko Azokaren baitan Game Erauntsia eta Rolariak taldeekin hitz egiten, bideojokoen sorkuntzaren inguruan aritu ginen, lan aukerei lotuta. Ulertu nuenagatik, Euskal Herrian bideojoko munduari loturiko estudio handirik ez da. Badira, ordea, bideojokoen industrian lana aurkitzeko bidean hezkuntza programei loturiko zenbait titulazio. Mundu horretan sartzen diren gazteak badakite bideojokotan lan egiteko kanpora joatea edota telelana dituztela aukera bakarrak. Badirudi, telelanarekin, sorkuntzari loturiko industriek munduko talentua xurgatzeko bideak aurkitu dituztela. Dinamika hori beste industria batzuetara ere zabaltzen ari dela ikusten gabiltza.
Arbolaren sustraiek lurrari heltzen dioten bezala, gure herrian gazte sortzaileen talentuak kanpoan sortzen diren telelanerako aukeren baliabide soilak bilakatu ez daitezen, dugun sorkuntzarako ehundura ereduaren inguruan pentsatzen jarraitzea besterik ez dugu . Roberekin bat nator, bildu eta sortu nahi duten gazteentzako espazio eta azpiegitura digitalak baliatzen jarraitu behar dugu, bizitza eta baliabideen errespetuan erroturiko jokabide eta kode etikoei lotuta. Sarrera errazekoak eta egoteko modu informalak ere onartuko dituztenak.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.