Europak berriz blokeatu ditu Israelen aurkako zigorrak

  • Atzerri ministroek erabaki dute mugarik gabe atzeratzea estatu genozidaren aurka proposatutako zigorrak, "su-etenaren hauskortasuna" argudiatuta.

The Times of Israel
Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko urriaren 23an - 08:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Europar Batasunak berriro atzeratu du Israelgo Estatuaren aurkako neurriak hartzea. Palestinarren kontrako sarraskiaren konplize diren 27 estatuetako Atzerri ministroek astelehen honetan erabaki dute "aurrera ez egitea" Europako Batzordeak irailean egindako proposamenean. Estatu sionista lehentasunezko merkataritza-kidetzat ez hartzea eta bi ministro sionista (Bezalel Smotrich eta Itamar Ben-Gvir) eta palestinarren aurkako erasoetan parte hartu duten hainbat kolono "zigortu" ahal izatea zeuden neurri posibleen artean. Ez diete aukera horiei helduko, ordea.

Erabakia Kanpo Politikako goi-ordezkari Kaja Kallasek berretsi du, eta hilabete batean bigarren aldiz, aho batez onartu beharreko zigor-neurriak atzera botatzea ekarriko du. "Oraingoz ez dugu neurriekin aurrera egingo, baina ez ditugu erretiratuko ere, egoera hauskorra baita", dio Kallasek, Gazako "su-etenari" erreferentzia eginez. Israel sistematikoki urratzen ari da su-etenerako akordio hori.

Israelgo Estatuak Gazako Zerrenda etengabe bonbardatzen jarraitu duenean mahaigaineratu du berriz zigorren proposamena Europar Batasunak. Hala ere, Batasunak nahiago izan du "neurriak mahai gainean mantentzea" baina horiek ez gauzatzea eta ez aplikatzea, estatu genozidarekiko eta Benjamin Netanyahu buru duen gobernu kriminalarekiko beste konplizitate-keinu batean.

Asteleheneko bileran, hainbat estatu kidek, tartean Madrilek eta Parisek, "EUBAM Rafah eta EUPOL COPPS Europako misioak indartzea" defendatu zuten, Palestinan "zeregin zibilak" egiten dituztelakoan. Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak azpimarratu duenez, "ezin da su-etenaren urraketa errepikatu"; baina, hala ere, ez dute salatutako urraketen aurka neurririk hartuko. Frantziako bere homologo Jean-Noël Barrotek proposatu zuen "EUBAMen manamendua zabaltzea, Gazarako ondasunen joan-etorria ikuskatzeko".

"Laguntza humanitarioari" eta "egonkortzeari" buruzko adierazpen diplomatikoak gorabehera, Europar Batasunak berriro saihestu du genozidioa egiten jarraitzen duen estatu aliatu batekiko neurriak hartzea. Zigor posibleek kolonoen "ondasunak izoztea" aurreikusten zuten, baina Hamaseko buruzagiak ere barne hartzen zituzten, maila berean berdinduz. Hala ere, neurriak blokeatu dituzte beste bozketa-data zehatzik gabe, eta horrek agerian uzten du genozidioaren aurkako ekintza erabakigarriak hartzeko borondate politikorik ez dagoela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israel
Eguneraketa berriak daude