Ontziratutako platerak, sasoiko eta hurbileko produktuz eginak

  • Nafarroan sortutako ekimen berria da Ondalankoop, burujabetzaren aldeko eragilea eta herri mugimenduko tresna izan nahi duena. Egitasmoaren helburua herritarrei asteroko menuak eskaintzea da: ontziratutako otorduak izanen dira, baina kalitatezko produktuekin osatuak.


2020ko irailaren 25ean - 13:02
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

“Astero menua aldatzen joanen da, eta bertan emanen ditugun elikagaiak sasoikoak, hurbilekoak eta ekologikoak izanen dira”, dio proiektuaren bultzatzaileetakoa den Maider Ondarra-k. Jose Javier Oses “Jotas” du bidelagun eta Daniel Fernandez sukaldaria arituko da haiekin batera.

Hiru herritan frogak

Elikadura burujabetzaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan lanean zebiltzan lehenagotik kooperatibako bi kideak Udalbiltza eta Olatukoopen eskutik, eta kontsumoaren bidez jendartea eraldatzeko tresna berri bat sortzea dute asmo. Garatzen ari diren egitasmoa urrian jarriko dute martxan, hasteko, hiru herritan: Unx, Tafalla eta Burlatan. Nola funtzionatuko dute asteroko menuek? Astero hamasei ontzi ezberdin eginen dituzte, eta astea bi multzotan banatuko: astelehen-astearte-asteazken blokea, eta ostegun-ostiral-larunbat blokea.

Astean bitan egingo dute sukaldean, eta hiru herrietan ontziak biltzeko puntuak egonen dira: lehen blokekoak igandean 18:00etatik aurrera, eta bigarrenekoak asteazkenean 18:00etatik aurrera. Barazki eta lekaleen ontziak lau euroan egonen dira, eta haragi eta arraina sei euroan. “Ondalankoopetik aterako diren etekin guztiak burujabetzaren alde lan egiten duten proiektuetara bideratuko dira”, azaldu du Ondarrak.

Egitasmoa babesteko diru bilketa

Itsulapikoa plataforman diru bilketa kanpaina dute abian OndalanKoopeko kideek: sukaldean beharrezkoa den makinaria ordaintzeko bideratuko dute. “Etxetik at jaten duten pertsonak genituen hasieran buruan, baina segituan ohartu gara jende asko dagoela honetan interesatua: adineko jendea, sukaldean aritzeko denbora gehiegirik ez eta haurrak dituztenak, lantegietako langileak…”.

Dena den, erosotasunarekin bakarrik ez, ongi jateko eskubidearekin ere lotzen dute egitasmoa. Ongi jateko eskubidea denona behar lukeela aldarrikatzen dute, eta horretarako ere ari dira lanean: hainbat herritako gizarte zerbitzuekin harremanean daude, eta OndalanKoopek ontziratutako platerak beharra duten pertsonei iritsaraztea ere bada beraien helburua. Egitasmoari iraunkortasuna emateko, nahitaezkoa izanen da jendearen parte hartzea eta bazkidetza. Informazio gehiagorako eta proiektuari ekarpena egiteko ondalankoop.eus webgunea sortu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude