9.500 hitz inguru ditu Trumpen bigarren agintaldiko National Security Strategy of USA dokumentuak (normalean, bakarra izaten da agintaldiko), 29 orrialde. Laburra, beraz, aurrekoen aldean. Hala ere, presidentearen izena bi dozena aldiz baino gehiago aipatzeko egokiera aurkitzen du. Auzo-lotsa dezente emanez, batzuetan.
Munduko lehen potentziaren kanpo-politikako estrategiak, orokorrak nahiz atal/partekakoak, aletzen dituen agiri publiko nagusia izaten da. Atzerrian etxean adina, edo gehiago, irakurtzen dena. Ez dakit zer ondorioztatuko ote duten askok eta askok oraingo honetatik. Europan, dagoeneko, bazterrak mindu ditu, amildegi ekonomikoaz harago, guretzat iradokitzen duen prospect of civilizational erasure horrek.
Aldiz, ematen du dokumentuaren ekarpen nagusia litzatekeen “Monroe-doktrinaren Trump-korolario” hori esamolde ulergaitzen apalean jasotzea hobe izango dela, covfefe eta abarrekin batera. Une honetan AEBak benetan egiten ari direna (Venezuelan, Ameriketako hainbat hauteskundetan) edo egin asmo dutena (Panaman, Groenlandian) deitzeko modu aproposa izan badaiteke ere. Baina hamaika aldiz ikusia dugu jada “korolario” hori Trump agertu baino lehen ere.
Estrategiaren baitako 2.000 hitz, edonola, Asiarako dira. Hau da, zuzenean edo zeharka, Txinari buruzkoak. Esaten direnetako batzuk, ebidentzia hutsak, Txinaren potentzia-tasuna aintzat hartzera letozke. “Etsaia” deitu behar ez zaion etsaia (eta dibertigarriak ere badira hartarako egiten diren itzulinguruak). Baina Txinari ezin zaio onartu AEBek bezala jokatu ahal izatea. Bakarra izan behar duelako herri hautatuak. Eta tartean suertatzen diren guztiek gure alde jarri beharko dute. Hargatik. Baita etxekalte ere.
Beste arrazoibide batzuk, ilun irudikatzen den egoeraren zergatiak, adibidez, AEBetako eskuin-eskuineko asmamenetik jasoak dira. “Gure agintariak tentel hutsak izan eta gaiztoak etengabe tranpatan aritu direlako etorri gara abelera honetara; baina akabo!”.
Misterio-ttantta ere ez da falta: Indo-Pazifikoa. Ez da argitzen zertan datzan, zeintzuk osatzen duten, nola uztartzen den estrategiaren gainerako osagaiekin, zergatik... Baina argi dago oso garrantzitsua izango dela: AEBek bere kabuz ezingo lituzketenak egitea dagokiola ematen du.
Berretsi egiten da zuzen edo oker Groucho Marxi egotzi ohi zaiona: “Arazoak bilatu, nonahi aurkitu, gaizki diagnostikatu eta konponbide okerrak aplikatzean datzan artea da politikagintza”.
Imajinatzen dut inolako ezustekorik gabe jaso dela dokumentua Zhongnanhai-n, Txinako Alderdi Komunistaren Pekingo bulego nagusian. Jakinik Txinarekiko merkataritza-elkarrizketek biziro baldintzatu dutela haren argitalpena ere. Aspalditik Pekingo aginte gorenak darabilen ikuspuntu estrategikoa berrestera datorrelako Trumpen estrategia: “Morroi nahi gaituzte. Ahal badute, ez digute parekoak izaten utziko”.
Bistan da ezetz.