Nola banatzen dira herri-lurra, eta nola kudeatu?

  • LeitzEKO Kontsumo Taldeak Izan burujabe jardunaldiak antolatu zituen eta horien baitan, NPB Nekazaritza Politika Bateratuari –PAC delakoari– buruzko mahai-inguru interesgarria izan zen azaroaren 6an Leitzako Atekabeltz Herrigunean. Elikadura politikak. Nora doa gure dirua? izenburupean, NPBren funtzionamenduaz aritu ziren EHNE Bizkaiako, EHNE Nafarroako eta Etxaldeko kide bana. Ekimenaren bukaeran, Habelarte Mendialdeko baserritar elkarteak eskualdeko udalei eta kontzejuei helarazi dien dokumentua aurkeztu zuen, hain zuzen, diru laguntzak kobratzeko herri-lurren banaketarako zenbait irizpide proposatuz. 

Habelarte eratu zeneko batzarra.

2025eko abenduaren 8an - 05:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Herri-lurren gaia lantzen aritu gara azken urteetan Habelarten, ikusten dugulako arazo bat baino gehiago ditugula alor horretan: lehenengoa da kudeaketa, edo hobeki esanda, kudeaketa eza. Bigarrena, laguntzak kobratzeko hektarea banaketarekin irizpide argirik ez edukitzea”, adierazi zuen Gotzone Sestorain Habelarte elkarteko kideak. Leitzaldea, Larraun, Araitz-Betelu, Imotz, Basaburua ingurua, Goizueta, Arano eta Atetz hartzen ditu Habelartek, eta toki bakoitzeko errealitate bana egon arren, herri-lurren bueltan arazoak denetan suertatu direla adierazi zuen.

“NPBren laguntzak jasotzeko herri-lurren geroz eta eskari handiagoa dago, eta hor udal bakoitzak ahal duena egiten du, baina ezer gutxi dago araututa”, gehitu zuen Maider Agirrebarrenak. Eta, gaineratu zuten, baserritik bizi nahi duen jende berria egonagatik, NPBko laguntzak kobratzeko herri-lurrak ezin erabilita gelditzen direla askotan, hektarearik gelditzen ez delako. “Osatu dugun dokumentu honek eredu izan nahi luke, herri-lurren gaia arautzeko, bai kudeaketari begira eta baita aprobetxamenduari begira ere”, adierazi zuten.

Instalazio berriek lehentasuna

Herri bakoitzean lurrak nola kudeatzen, aprobetxatzen eta banatzen diren aztertu dute elkarteko kideek azken urteetan, eta udalentzat egin duten proposamen bateratuan hainbat irizpide kontuan hartzeko eskatu dute: lehen instalazioetarako lur erreserba izatea eta emakumezkoak eta gazteak sektorean sartzea ahalbidetzea, erabiltzailearen errenta kontuan hartzea eta nekazaritza estentsiboa eta tokiko elikadura sistemari egiten dieten ekarpena baloratzea, besteak beste. “Zenbait herritan ausartak izan dira udalak, Baztanen kasu, herri-lurrak banatzeko irizpideak ezarri baitituzte, instalazio berriei lehentasuna emanda”. Gatazkak sor daitezkeen arren, ausardiaz jokatzea garrantzitsua dela uste dute elkarteko kideek.  

Bestetik, herri-lurren kudeaketa modu egokian egiteko proposamen zerrenda osatu dute, horietako asko "utziak" eta sasitzen hasiak daudela sumatu baitute. Itxiturak egiteko eta bestelako lanak antolatzeko herrietan lantaldeak sortzea proposatu dute. Horrez gain, herri-lurrak ekologiko izendatzea ere eskatu diete udalei, baita hektarea banaketan abelburu kopuruari mugak jartzea ere. “Udal gehienekin elkartu gara, eta dokumentua harrera ona izaten ari da. Ea praktikara eramaten duten aurrera begira”, desio dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude