Landazuri eta Santa Maria ikastetxeen fusioa baliatu nahi dute segregazioari aurre egin eta auzoko familiak erakartzeko

  • Eraikin eta patio bera elkarbanatzen duten bi eskola “erabat segregatu” fusionatzear direla baliatuz, eskola proiektu berriko ikasgeletan auzoko errealitatea islatzea nahi dute. Errotan Errotu sarea sortu dute auzoko eragileek, eta denen indarrez, eragileak eskolara ekarriz eta eskola auzora zabalduz, familiak erakartzeko ekintzak egingo dituzte datozen hilabeteetan.

Errotan Errotu sarea

2025eko urriaren 29an - 10:18
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gasteizko Errota auzoan dauden Landazuri eta Santa Maria ikastetxeak fusionatzeko planteamendua egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Bien bateratzeak ekarriko du Errota eskola publikoa, eta proiektu berrian hasieratik bai auzoko eragileak, bai hezkuntza komunitate osoa presente egotea nahi dute. Gasteizko beste auzo bat ekarri digu gogora esperientziak, Judimendi auzoko eskola segregatuak ere dinamika arrakastatsua jarri baitzuen martxan, eskolara auzoko familiak erakartzeko. Errota eskola berriko irakasle eta Errotan Errotu sareko kide Ane Zelaiak azaldu digunez, badira ezberdintasunak bi esperientzien artean: “Judimendin, inflexio puntua izan zen A hizkuntza-eredutik D eredurako saltoa. Hemengo ikastetxeen ibilbidea bestelakoa da: Landazuri erreferentziazko ikastola izan da Gasteizen, baina hamarkada batean guztiz segregatu da; eta eraikin berean, Santa Maria A ereduko eskola izan da, urte luzez auzoko ijito eta migratzaileen seme-alaben erreferentziazko eskola. Bi errealitate horiek eraikin berean egon dira, ate ezberdinekin baina patioa elkarbanatzen”.

Ikastetxeko psikomotrizitate gelan espazio bat eskainiko dute 0-2 urteko haurrak dituzten auzoko familientzat, elkartzeko, harremanak egiteko, zalantzak eta asmoak partekatzeko...

Egoerari buelta emateko, Errotan Errotu sarea jaio da: “Hasieratik ikuspegi ezberdinak dituzten eragileek bat egiten dute eskola berriaren eraikuntzan, eta horrek aberastasuna ekarriko dio proiektuari, zalantzarik gabe. Bakoitzak ekarpena egingo du, beretik, eta eskolako ikas-komunitateari sendotasuna emango digu, babestuta sentitzen garelako”. Landazuri eta Santa Mariako irakasle, langile eta gurasoez gain, sare jaioberrian daude Errota Zaharra auzo elkartea, Baratza aretoa, Errota Anitza ekimena, kale hezitzaileak, Aldabe gizarte etxea, Topa kultur elkartea, Gasteizko Eskola Publikoaz Harro plataforma eta Goian elkartea.

Datozen hilabeteetan, auzoko eragileek ekimenak antolatuko dituzte ikastetxean. Adibidez, Bizilagun topaketak egingo dituzte: bazkarien bueltan eskolako familiak eta irakasleak elkartuko dituzte, eta Errota Anitzak truke azoka eta tailerra antolatuko ditu bertan. Aldabeko gizarte etxetik ere gerturatuko dira eskolara, eta Olentzerok, aurten, auzoko plazan beharrean eskolan amaituko du ibilbidea. Gainera, Judimendin arrakasta izan duen ekimena errepikatuko dute: Goian elkartearekin batera, ikastetxeko psikomotrizitate gelan espazio bat eskainiko dute 0-2 urteko haurrak dituzten familientzat. Judimendiren kasuan, espazio horretan saretutako harremanetatik osatu zen ondoren 2 urteko gela, eta familiak elkartzeko, harremanak egiteko, zalantzak eta asmoak partekatzeko espazio bilakatu zen.

“Asmoa da eskola ere auzoko baliabide gisa aurkeztea, eta auzoko eragileek egiten duten lana eskolan sartzeaz gain, eskolan ikasleek egiten duten lana auzora ere irekitzea”, dio Zelaiak. Esaterako, ikasleek bideoklipa grabatuko dute Topa kultur elkartearekin.

"Segregazioaren alde kezkagarriena da nolako jendarte mota ari garen marrazten etorkizunerako". Horren aurrean, auzoko errealitatea islatuko duen eskola berria eraikitzea dute amets eta helburu

Eskola-segregazioa Euskal Herri osoan arazo handia dela argi du Ane Zelaiak. “Segregatuta dauden ikastetxeetan, errealitatea zaila da eta bertan dauden familiak eta haurrak desberdinkeria egoeran daude. Aldi berean, beste haur batzuk guztiz segregatuta daude beste ikastetxe batzuetan, bertan jaiotako guraso zurien seme-alabez osatutako ikasgeletan. Segregazioaren alde kezkagarriena da nolako jendarte mota ari garen marrazten etorkizunerako”. Horren aurrean, auzoko errealitatea islatuko duen eskola berria eraikitzea dute amets eta helburu.

Bestalde, eskolen bateratze prozesuan bi zentroetako hezkuntza profesionalak egiten ari diren lana azpimarratu du sareak, “hezkuntza proiektu bakoitzaren onena eskola berriaren mesedetan jartzeko”, eta eskaera egin die instituzioei, benetako apustua egin dezaten: “Behar-beharrezkoa da instituzioetatik hezkuntza proiektuan oinarritutako birgaitzea egitea, behar besteko inbertsioa eginez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025-10-29
Joxerramon Bengoetxea, EHU-ko errektorea
“Jaurlaritzaren aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”

Eguneraketa berriak daude