Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektuak ez ditu bermatzen EHUk dituen finantzazio premiak. Hori salatu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta eskari zuzena egin dio Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailari: aintzat har dezala EHUren premien diagnosia. Bengoetxeak, Ixone Fernandez de Labastida eta Estitxu Garai errektoreordeekin batera egindako agerraldian, adierazi du legebiltzarrean agerraldia egiteko eskariaren erantzunaren zain dagoela, zuzenketen epean unibertsitatearen behar hauek batzordearen aurrean azaltzeko.
Bengoetxea errektoreak azaldu duenez, Jaurlaritzak iragarri arren EHUren finantzazioa %6,3 igo dela, “ez da igoera erreala”. Zehaztu duenez, urtea galerarik gabe ixteko, iaz defizita estaltzeko Jaurlaritzak egin zuen ekarpenaren azpitik geratzen da kopuru hori. Ildo horretan, gogoratu du, “gaur egun unibertsitateak jasotzen duen finantzazioa LOSUk finkatutakoaren erdira ere ez dela iristen; EAEko %1 aintzat hartuta, 980 milioi eurora igoko litzateke Euskal Herriko Unibertsitateko aurrekontua".
Errektoreak argi adierazi du: "Aurrekontu horiek EHU paralisira daramate, argi eta garbi. Ez dira, inondik inora, Euskal Herriko Unibertsitateak dituen egiturazko premiei erantzuteko nahikoa, are gutxiago bikaintasuna bermatzeko". Zehazki hiru arlo aipatu ditu errektoreak. Batetik, digitalizazioa. “Atzo iragarritako diru partidarekin ezingo zaio EHUk hain beharrezko duen digitalizazioari heldu” eta gogoratu duenez; esate baterako, Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) 14.000 nota eskuz banaka sartu behar izaten dira sistemara.
Bigarrenik, aurrekontu hauek “ez dute balio lan baldintzak duintzeko”, errektorearen esanetan. “Ez dute laguntzen unibertsitatea lan eremu erakargarria izan dadin. Horren adibide, esaterako, Batxilergoko irakasle baten hileroko soldata 2.600 euro inguru eta unibertsitateko irakasle atxiki doktore batena 1.900”. Esan du Bengoetxeak EHUko irakasle-ikerlarien soldatak sektore publikokoetatik oso urruti daudela eta parekatzeko “osagarri autonomikoa” beharko litzatekeela. “Lan baldintza eskasak zuzenean lotuta daude karrera akademikoaren prestigio ezarekin eta talentua erakartzeko zailtasunekin”, gehitu du.
Bengoetxeak azaldu duenez, “lan poltsak betetzeko zailtasuna gero eta ezinegon handiagoa sortzen ari da sailetan. Arazo horri garaiz erantzuten ez bazaio, unibertsitate publikoaren etorkizuna kolokan dagoela baiezta dezakegu”.
Horrekin lotuta, gogoratu du Espainiako Estatuko TEKAZEL langile-ratio baxuenetakoa duela EHUk (tekniko bat hiru irakasle/ikerlariko), CRUEk 1-1 ratioa proposatu arren. “Hala bada, zerbitzu askotan teknikarien premia larria da eta eguneroko lana oztopatu eta atzeratzen du eta ondorioz, ikerketa proiektuak ikerketa proiektuak aurrera eramateko aukerak galtzen ditugu, besteak beste”.
Eta hirugarrenik azpiegiturak aipatu ditu errektoreak. Bere esanetan, 2026ko aurrekontuek ez dute bermatuko "unibertsitate bikain batek behar dituen kalitatezko azpiegiturak". Gaur egun, metro koadroko 2 euro bideratzen dira mantenu lanetara (845.854 metro koadro zati 1,8 milioi) eta “30 eurokoa da azpiegiturak egoera onean mantentzeko irizpide teknikoa”, zehaztu du.
Amaitzeko, Bengoetxeak gogoratu duenez, “errektoretza talde hau ez zen kargura iritsi, unibertsitate-komunitatearen % 63,85eko babesarekin, unibertsitate publikoan bizi den prekarietatea kudeatzeko. Bizirautea ezin da helburu izan. Euskal Herriko Unibertsitateak merezi duena eskatu baino ez dugu egiten, bikaintasuna eta herri honek merezi duen kalitatezko unibertsitate publikoa ziurtatzeko. EHU proiektu estrategikoa da gure herriarentzat”.
Ildo horretan, bi eskari egin ditu: Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailari aurrekontu proiektua ontzeko balia dezala Legebiltzarrean proiektuak hasiko duen tramitea; eta Legebiltzarreko taldeei, “aintzat har ditzatela aurrez aurre aurkeztu zaizkien datuak, EHUren finantzazioa hobetzeko proiektuari zuzenketak aurkezteko orduan”.
"Unibertsitate bikaina dugu ikerketari eta hezkuntzari dagokienez, azpiegitura, lan eta digitalizazio baldintzak erabat prekarioak dira. Eta aurrekontu eskasia jarduera kolapsatzen, eta unibertsitatearen etorkizuna baldintzatzen ari da, eta beraz gure gizartearen etorkizuna ”, amaitu du.