Koronabirusak eraso du Italian eta berriro aipatzen dira 'izurri-zabaltzaileak'

  • Idatzi honetan aipatu nahi dut nola ari den erreakzionatzen Italia Covid-19 izurriaren hedatzearen aurrean, hau iparraldeko eskualdeetara iritsi ostean. Beste ondorioez gain, sare sozialetan eragin du gorrotozko uhin bat alderatu dezakeguna Milanen XVII. mendean izurri beltzaren garaian gertatu zenarekin. Jendeen artean epidemiaren errua egotzi zitzaien izurri-banatzaile gaiztoei (untori), pentsa zein neurritaraino ezen eta Lotsaizunaren zutabea izenekoa eraiki baitzen haietako bi exekutatu zituztela ospatzeko.

Lotsaizunaren Zutabea Milanen izurri beltzaren garaian, orduko argitalpen batean. (Irudia: Wikipedia)

2020ko otsailaren 28an - 09:44

Alessandro Manzoni (1785-1873) izan da historiako idazle italiarrik handienetakoa, Italiatik urrun ere I Promessi Sposi [Ezkongaiak, euskaraz argitaratu gabea, itzultzailearen oharra] nobelak famatu egina. Sare sozialik izan baino askotxoz lehenago bizi izan zen Manzoni, egunkariak ere gauza berria ziren garaian. Baina gizartearen behatzaile bikaina zen eta ausartuko nintzateke esatera gaur memetics deitzen dugun zientziaren, meme edo ideien hedapenaren zientziaren sortzaile goiztiarretakoa izan zela.

Ezkongaiak eleberrian eta beranduago idatzi zuen Lotsaizunaren Zutabearen historia saiakera historikoan Manzoni kontatu zun Milan 1629-1631 urteetan astindu zuen izurri beltzaren istorioa. Aurretik goseteak eta 30 urteko gerraren hondamendiak ahuldutako gizartea kolpatuz, izurriteak biztanleen erdia inguru garbitu zituen. Hura bizi izan zuten jendeak etsipenaren hatzaparretan erori ziren eta sinetsi zuten izurria eragin zutela “untori” deitu pertsona gaiztoek.

Untore [pluralean untori]  hitz ezaguna da italieraz baina zaila ingelesera itzultzen. Estu hartuta, esan nahi du igurtzizalea, igurzten duena, eta hitz horrekin deitzen zitzaien ustez pozoi gauzak jendeei edo gauzei eransten omen zietenei gaixotasuna zabaldu nahian, horregatik beste hizkuntzetan itzul genezake izurri-zabaltzaile moduan. [Askok garai hartan sinetsi zutenez, untoreak izurria bere baitan zeraman koipe edo ukendu gisako batez igurzten zituen bai pertsonak eta bai pertsona ezberdinek ukituko zituzten gauzak, ateen maratilak, bazterretako heldulekuak eta beste, izurriak ahalik eta jende gehien kutsa zezan, itzultzailearen oharra] Uste zen igurtzizaleok jendeak gaixotzeko lana hartu zutela deabruak harrapatuta zeudelako, edo interes politiko edo ekonomikoz, edo besterik gabe, gaiztoak zirelako.

Manzoniren nobela eta saiakeretan irakurri dezakegu untoreen memea Milaneko herritarren artean nola zabaldu zen, azkenean zenbait jende errudun karrikan lintxatuak izateraino. Beste batzuk salatu zituzten, torturatu eta bortxatu haien ustezko krimenak aitortzera. Eta ondoren iritsiko ziren epaiketak, funtsean ez zirenak sorgin-ehizak baizik (kasu honetan, igurtzitzaile-ehizak. Batzuk exekutatu egin zituzten eta, kasu batean, harrizko zutabe  bat altxatu zuten haietako biren exekuzioaren oroigarri, Lotsaizunaren Zutabea.

Istorio horretan berehala ezagutu dezakegu gure mundua: izurriaren zabaltzaile gaiztoena da face news adibide klasiko bat. Egunero ari gara ikusten jendearen erreakzio bortitza gure sare sozialetan, nahiz eta zori onez jendea ez duten errealitatean lintxatu (orain arte). Manzonik marrazten dituen fikziozko pertsonaien artean bereziki interesgarria da Don Ferrante, intelektual mediokre bat aurkituko duena bere popularitate aukera hasten denean esaten izurririk ez dagoela, eta egotekotan ere ez dela kutsakorra, izarren lerrokatze batek eragina delako. Pertsonaia horretan ezagutu ditzakegu gaur egungo klima-ukatzaileetako batzuk, antzeko gauzak esaten baitituzte klimaren aldaketaz. Esan dezagun, bide batez, Don Ferrantek uko egiten ziola izurririk izateari, baina azkenera arte jarraitu zuela ukatzen hura bazenik: izarrak madarikatuz hil zen!

Gauza batzuk beti egon dira, begiratu gabe Internetik bazen edo ezta hedabide inprimaturik ere. Baina gaur egun, dudarik gabe Webak abiada sinestezinean zabaldu ditzake gorrotoa eta fake news-ak. Italiara duela egun gutxi iritsi da Covid-19 izurritea eta dagoeneko hedabide sozialak ari dira gainez egiten gorroto uhin batean, gaurko untore berrien kontra: Berdeak, Gobernua, Komunistak, etorkinak, afrikarrak eta oro har “buonisti” edo jende onberen kontra, ez omen dutelako ezer egiten pandemiaren zabaltzeari aurre egiteko oraindik hura gelditzea posible denean.

Koronabirusaren mehatxua urrundik ere ezin da alderatu izurri beltzarekin, baina jende askoren erreakzioa antzekoa da: odola nahi dute. Argi eta garbi diote beren erantzunetan (hona egunotan irakurri dudan bat adibidetzat: “Ama bat naiz eta nire umeek koronabirusa harrapatzen badute, zuek Komunistok hilko zarete lehenago”). Bitxia da, horiek berak dira sarritan klimaren zientzialariei “alarmistak” izatea aurpegiratzen dietenak.

Hasiera batean bazirudien Italiako Eskuineko liderrek nahi zutela olatuaren gainean jarrita zentro-ezkerreko gobernua erori erazi. Baina gero pittin bat atzera egin dutela dirudi, sugarrak auspatzeko lana beren jarraitzaile buru-beroen esku utziz. Hobe buru hotzek hartzen badute gaina eta ez baditugu ikusi behar untore izateaz salatuta jendeak lintxatzen  (nahiz eta ikusi ditugun eraso fisikoak txinatar itxurako jendeen kontra, biktimarik eragin barik, oraingoz). Baina egoera oso azkar ari da aldatzen eta ikusiko dugun zer gertatzen den ondoko egunetan.

Ugo Bardi kimikari eta kliman adituaren artikulu hau haren Cassandra's Legacy blogetik euskaratu dugu. ARGIAren Larrun gehigarrian "Peak civilisation': Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala?" plazaratu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude