Kintsugi

  • "Kintsugi" kontakizunean, Harkaitz Cano idazlea GoiEner Kooperatibaren proiektutik abiatzen da, energiarekiko harremana aldatu duen etorkizuna irudikatzeko. Azala sormen artistikorako guneak abiatutako "Zirriborroak eta gero" proiektuaren parte da kontakizuna. Jarraian irakurriko duzuna ipuinaren hasiera da, eta lana osorik irakurri ahalko da urtarrilaren 29tik aurrera, zirriborroaketagero.net webgunean.


2021eko urtarrilaren 27an - 08:51
Ilustrazioa: Arrate Rodriguez
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Son nata a lagrimar / Son nato a sospirar,

e il dolce mio conforto, 

ah, sempre piangerò.

 

Se il fato ci tradì,

sereno e lieto dì,

mai più sperar potrò.

 

Georg Friedrich Händel, Giulio Cesare in Egitto

 

1

 

—Beste bat. Hirugarrena hilabete honetan.

—Ziur zaudete?

—Etorri eta ikusi zerorrek.

Kontsulta utzi eta neonatoen igaroguneraino egin du, pauso presatian, zaintza berezien gelara heldu arte. Bidean, negutegiko palmondoen artean jarritako hamaketan kulunkatzen dituzte guraso bilakatu berriek beren haragi-egindako-esperantza-hilkorrak, «euskara jatorrean bizitza osoan jaioberri deitu izan zaien horiek», Hamaika Agirrek esango lukeenez. Händelen kantak abesten ari dira Slavoj Žižek Unibertsitate Libreko koruko gazte boluntarioak, guraso hasiberrien lasaigarri eta haur munduratu berrien entzumenaren pizgarri.

—Arazorik gabe bereizi dizkiogu, baina parte eman beharrean gaude. Hemen sei izan baditugu urte hasieratik… Ez da zaila kontuak ateratzea. Gurea baino handiagoak diren jaiolekuetan ere gertatzen ariko da, ez daukat zalantzarik horretaz, Ilargi.

Gorroto du bere izena esatearen limurkeria merke hori; areago, osorik esan beharrean, berak eman ez dien konfiantza hartu eta erdizka esaten dutenean.

—Badakigu familia loturarik baduten?

—Datuak gurutzatzea izan zen egin genuen lehen gauza. Eta ez. Ez daukate inolako harremanik.

—Kasu bakanak dira, honenbestez.

—Bakanak, bakanak… Akaso bai, baina hedatzen hasiak... Hau icebergaren erpina besterik ez da.

Jaioberrien sailekoak beti izan dira apur bat alarmistak. Ohituegi daude dena ongi joan dakien, eta asaldatu egiten dira kontua aurreikuspenetatik milimetro bat apartatu orduko. «Hainbeste negutegi, hainbeste esperantza. Hainbeste Händel eta hainbeste palmondo karibetar…», pentsatu du Ilargiberrik, amorrazio apur batez. «Jarriko nituzke nik hauek polipsikotraumen sailean astebetez lanean; espabilatu beharko lukete ederki».

—Pausorik pauso. Inguruko jaiogune edo sasoiguneek jakinarazi dute antzekorik?

—Ez, baina…

—Espekulazio hutsa da, orduan…

Espekulazio hitz gogorra da. Zuzentasun politikoak eta deontologia kodeak lankideekin halakorik ez erabiltzea galdatzen dute, baina beranduegi jabetu da Ilargiberri. Iraindua sentitu da neonatoetako fakultatiboa. Alarmista izateaz gain, azal leunekoa da, nonbait.

—Logikoa ematen du hori pentsatzeak. Guraso gazteak dira kasu guztietan, Ilargi: genetikoki ez du inolako azalpenik. Sekuentzian irakur daitekeen mutaziorik ere ez dago. Emaitza guztiak normalak dira eta…

—Agian zerbait pasatu zaizue oharkabean. Agian sistema informatikoaren akatsa da. Genomaren irakurketa arazo bat…

—Lehen aldia litzateke. Gainera, bi aldiz ziurtatu dugu.

Ilargiberrik diagonalean irakurri du txostena ninigailuan.

—Eta eztarria behar bezala duela diozu? Patologiarik gabe, dena ondo?

—Guztiz arrunta, anatomikoki eta funtzionalki. Eztarri zein aho. Negarrez lehertu da ezpainak desjosi dizkiogun orduko…

—Seinale ezin hobea… Zein da arazoa, orduan?

—Guztiz ezohikoa dela. Ez da sekula halakorik gertatu.

Ilargiberrik zalantza une bat izan du erantzun aurretik. Txostena nini ertzera bidali eta minimizatu egin du kliska batean. Betazalek olatu batek bezala miazkatu dizkiote begi mintzak. Uhina pasatutakoan, harea leun azaleratu da, eta erabakia, irmo.

—Goizegi da ondorioak ateratzeko. Ez gaitezen txarrenean jarri.

Ilargiberri bulegora itzuli denean, zain dauka Hamaika Agirre, fakultateko lagun zaharra. Minbizia robofarmakologia arruntaren bidez sendatzen hasi eta Onkologia Saila itxi zutenetik, harat-honat ibiltzen da sasoigunean, zer egin oso ongi ez dakiela.

—Egia dun beste kasu bat izan dugula ospitalean?

—Gaurkotu hizkuntza hori, Hamaika. Badituk hogei urte sasoigunean lan egiten duala. Hau aspaldi ez duk ospitale bat.

—Zirikatzeagatik esaten dinat.

Hasperen egin du Ilargiberrik. Ezer argitzen ez duela ikusita, Hamaika Agirrek zuzen galdetu dio:

—Zurrumurrua egia dun, orduan?

—Bai.

—Eta zer egingo dun?

Hausnarrean dabil Ilargiberri.

—Hik zer egingo huke?

Ironiko bezain serio, aurrez aurre esan dio, bere begi grisetan fede osoa izaki, fakultate garaian bezalatsu orain:

—Zer egingo nukeen? Ezpainak desjosi, jaioberri guztiei legez karbono dioxidoaren neurgailua txertatu, eta bizitza krudel honetara ongietorria egin, negarrez, kexaz eta txorakeriaz bete dezan mundu honetan dagokion zatiñoa.

Agian sobera dago esatea Hamaika Agirre doktoreak ez daukala seme-alabarik.

Egia esan, ez da guztiz harritzekoa neonatoetakoen kezka: hozkia ematen du jaioberrien ezpain itxietan laser-esmeraldadun izpia sartzeak. Ilargiberri bere seme-alabek hainbeste gorroto dituzten 3Dko film zaharkitu haietako batekin gogoratu da. XX. mendeko jostunei buruzko dokumental bat, hain zuzen —horrela deitzen zietela uste du, dokumental—. Liluratuta geratu zen ikusi zuenean nola iristen ziren batzuetan trajeetako jakak patrikak lotuta. Nola eten behar izaten ziren puntadak banan-banan oihalean leku egin eta patrikak irekitzeko. Beste bizitza bat eta beste garai bat zen hura. Sastreek eta sendagileek guraizeak erabiltzen zituzten aroa. Sasoiguneei artean ospitale deitzen zitzaien garaia. Bakterioz eta kutsaduraz betetako garaia. Egia da disparate hutsa zela dena Koordinazio Algoritmiko Globalaren Aroaren aurretik, baina, askoren ustez, zoriontsuagoak ziren beren aitona-amonak, ezjakin eta bizizale... Jantziek patrikak zeuzkaten sasoi hartan, eta jendeak germenez betetako gauzak sartzen zituen haietan. Esandakoa: disparate bat. Gaur egun, inork ez daki zer den patrika bat, «patrikak beteta eduki» esamoldea erabili erabiltzen den arren oraindik, doleuroz ongi hornituta daudenei buruz mintzatzeko. Hizkuntzaren fosilak.

Hamaika Agirrek umoretik tiratu nahi luke, lankidea apur bat animatzeko.

—Entzun dun Norvegiako ospitale batek energetikoki beregaina izatea lortu duela gaixoen sukarrak sortutako beroari esker?

—Benetan?

Hamaika Agirre barrez lehertu da.

—Bai zera! Gaur goizean dena sinesten dun.

—Gauza arraroagoak ikusi izan dituk…

—Non daukan burua, Ilar? Zerbaitek kezkatzen hau? Hi ez haiz betikoa.

Hori da urritzea hori: Ilargiberri Ilargi bihurtzea, eta Ilargi Ilar. Baina Hamaikari dena barkatzen dio.

—Egia esan, Doltzane eta biok kezkatuta gaudek etxean Gerizperekin.

—Gazteena dun Gerizpe, ala?

—Bai, Kimu unibertsitatean zagok, baina Gerizpek… ZeroKontsumo taldeetan sartuta dabilenetik ez dik beste ezer buruan.

—Musikazale amorratua ez zunan? Kilimatronic talde batean jotzen zuela uste ninan.

—Argindarrari muzin egiten ziok orain: musika zuzenean baino ez dik entzuten, anplifikaziorik gabe, energia gastua murrizteko… Obsesionatuta zagok bere Karbono Mantxarekin. Kintsugi ikastaro batean ere apuntatu duk.

Kintsugi?

—Gauza apurtuak konpondu ondoren pitzadurak agerian uzten dituen antzinako teknika japoniar bat. ZeroKontsumista guztiak zabiltzak horretan.

—Eskulan bat, beraz. Zer kalte zekarren horrek? Ez huke hainbeste kezkatu behar: belaunaldi bakoitzak bere borrokak. Orain, Karbono Mantxa ttipia izatea dun sexy izateko modua… Gu beganoak egin gintunan denok hogei urte bete orduko… Ez al haiz gogoratzen?

—Ez duk gauza bera.

—A, ez? «Antzararen gibela nire gibela da!». Tolstoiren esaldia ipurmamietan tatuatu genuenekoa ahaztu zain, ala? Nola zunan ba?

Ilargiberrik irribarre egin du estreinakoz. Norvegiako gaixoen sukarrak sortutakoa baino energia gehiagoz, ziur asko.

—«Hiltegiak existitzen diren bitartean, izanen da gudalekurik».

—Horixe bera. Eta hik azpian Tolstoiren izena erantsi huen, egile eskubideez kezkatuta edo! Bakarra izan hintzen tatuajean egilearen sinadura jartzen! Ez esan ezabatu egin dunala…

—Ez, ez diat ezabatu. Hortxe segitzen dik. Eta hik?

—Tolstoi ipurmamietatik kendu? Lehenago hil! Ahaztu al ditun abeltegien aurrean egiten genituen eserialdiak eta sabotajeak?

—Sabotajeak esatea askotxo esatea duk, Hamaika…

—«Jabetza pribatua bortxaz urratzeagatik» epaitu gintiztenan, Ilargi. Epaitu eta erruduntzat jo! Eta ez behin bakarrik… Hire semeak bazakin hori guztia? Kontatu dion Gerizperi? Puntu asko irabaziko hituzke.

—Gureak ekintza baketsuak izaten zituan beti.

—ZeroKontsumistak ere baketsuak ditun, ala? Gehienak, behintzat.

—Hik esan duk… Gehienak. Gehienak ez dituk guztiak.

Hamaika Agirreri erabat mudatu zaio aurpegia. Kezkatuta dagoenean, antxume batenak bilakatzen zaizkio begi grisak. Eta antxumeek ez dute federik beren buruan. Hiltegiak existitzen diren bitartean, izanen da gudalekurik.

—Zer esan nahi dun? BETren* gaztedietan sartuta dagoela?

Ilargiberrik ez du erantzun. Orain bera da ezpainak zigilaturik dauzkana.

 

*Bagenizkio Ekintza Taldea  

 

Entzun kontakizuna audio formatuan:
‘Zirriborroak eta gero’ Azala sormen artistikorako guneak abian jarritako ipuin-bilduma da. Proiektuak idazle ezberdinak gonbidatzen ditu etorkizuna irudikatzera: nolakoa izango litzateke geure bizitza, gure testuinguruko pertsona, kolektibo edota enpresa jakin batzuk erronka ekologiko, ekonomiko, kultural, sozial eta abarrei erantzuteko proposatzen dituzten alternatibak hedatuko balira? «Kintsugi» kontakizunean, Harkaitz Cano idazlea GoiEner Kooperatibaren proiektutik abiatzen da, energiarekiko harremana aldatu duen etorkizuna irudikatzeko. Fabula hau doan izango da eskuragarri urtarrilaren 29tik aurrera herrialde osoko liburu-dendetan, baita Gipuzkoako hainbat herritako tabernetan eta igarobideetan ere. Era berean, ipuina 'zirriborroaketagero.net' webgunean egongo da eskuragarri, eta Whatsapp eta Telegram bidez zabalduko da. Bidalketa horiek hilaren 29an hasiko dira, eta 10 egunez egingo dira. Hauek jasotzeko, izena eman beharko da aipatutako webgune helbidean.
Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babesa du, bai eta ARGIA, Diario de Noticias de Álava, Hala Bedi Irratia eta Kaxildaren laguntza ere.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Gu, jende berria, jende zaharra

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022

-----------------------------------------------------

Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Kontalaritza eskola
Ofizio bat, transmititu eta eraberritzeko

2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]


Negu gorrirako ipuina

Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025

------------------------------------------------------------------------

Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]


2025-07-21 | Behe Banda
barra warroak
Berritu ala hil

Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.

Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]


Bizitzaz eta beste

Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025

---------------------------------------------------------------------
 
Zaila da nobela hau definitzea, abenturazkoa da, iniziatikoa, filosofikoa, ekologista; baina horiek baino gehiago, edo horien guztien ondorioz, nobela... [+]

Agustin Kardaberaz
‘Euskararen berri onak’: dagoenean dale, ez dagoenean bale

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Atera daitezela herriko plazara

Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]


Eguneraketa berriak daude