Joe Saccoren trilogia itzela, euskaraz

Jatorrizko bertsioan (ingelesez) 'Palestine' argitaratu zen 1993-1995 artean, 'Footnotes in Gaza' 2009an eta 'War in Gaza' iaz. Euskaraz, 'Gazako oin-oharrak' izango da hirugarrena.
Jatorrizko bertsioan (ingelesez) 'Palestine' argitaratu zen 1993-1995 artean, 'Footnotes in Gaza' 2009an eta 'War in Gaza' iaz. Euskaraz, 'Gazako oin-oharrak' izango da hirugarrena.

2025eko irailaren 23an
Artikulu hau Palestinari buruzko zenbaki berezian argitaratu dugu. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, tipula paperarekin eginiko azal bikoitzarekin, ahotsa altxatzea erabaki dugu. Paperean eskuratu nahi bazenu, astelehena baino lehen harpidetuz gero, etxera bidaliko dizugu.

Palestina, Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak
Joe Sacco
Itzulpena: Julen Gabiria
Astiberri, 2023-2025

---------------------------------------------------

Duela bi urte Palestina erreferentziazko kazetaritza-komikia euskaraz plazaratu zuen Astiberrik, Gerra Gaza-n 32 orrialdeko garrasi labur baina gordina iaz, eta Gazako oin-oharrak liburutzarra argitaratuko du udazken honetan, Palestinan gertatzen ari dena hobeto ulertzen lagunduko gaituen Joe Saccoren trilogia osatuta. Julen Gabiria galdakoztarrak itzuli ditu hiruak. “Palestinari buruz hitz egiten jarraitu behar dugu, eskura dauzkagun tresna eta bozgorailu guztiekin”, dio. “Hori ere erresistentzia da”.

Duela 30 urte baino gehiago publikatu zuen Joe Sacco kazetari, gidoigile eta komikigileak Palestina obra, 1991ko abendua eta 1992ko urtarrila artean Zisjordanian eta Gazako zerrendan bizi izandakoak oinarri dituena. Manifestari, preso, ospitaleetako gaixo edota nekazariekin hitz egin zuen Albanian sortutako autoreak, haien testigantzen bidez 286 orrialdeko kronika garratz bezain dokumentu etonografiko ederra osatzeko.

“Gazara begira gaude denok, baina Zisjordanian gertatutakoa ikaragarria da”, esan digu Gabiriak, ondoren gehitzeko gertatzen ari den “basakeria” ez zela 2023ko urriaren 7ko Hamasen atentatuekin hasi: “Norbaitek jakin nahi badu gatazkaren sustraiak non dauden, horrelako ikerketa-liburu sakonetara jotzea besterik ez dauka”. Urriko egun hartan komikiaren euskarazko bertsioaren maketarekin ari zen lanean, eta ongi gogoan du ondorengoak nola bizi izan zituen: “Twitter-en nengoen orduan, gauza serio edo arinagoak publikatzen nituen, baina hura gertatzean isildu egin nintzen, beste jende asko bezala, pentsatzen dut. Nola jarraituko nuen ba tontakeriak idazten, kalean topatutako euskarazko kartel bat txarto itzulita zegoela, adibidez, sekulako izugarrikeriak gertatzen ari zirenean?”.

Oihu egiteko modu bat izan zen esku artean zuen komikiarekin lanean segitzea. “Ikaragarri gogorra” izan zela dio Gabiriak, baina aberasgarria ere bai: “Komiki hura eta gero beste bi itzultzeak, eta aurretik Art Spiegelman-en Maus euskaratzeak, bultzatu nau gatazkan sakondu eta jatorrietara joatera, eta baieztatzera ezer ez zela hasi urriaren 7 hartan”. Mundu mailako gatazken artean, Palestina eta Israelen artekoak jarraitzen ditu bereziki: “Lehen Intifada gertatu zenean 15 urte nituen, institutuan nengoen... Kurduez-edo galdetuz gero ez nuke jakingo zer esan, baina honek gehiago ukitzen nau, eta komikiak itzultzeko enkargua iristean ez nuen ia zalantzarik izan”.

Pasa den astean, Mastodon.eus-en zabaldutako mezuan, Gabiriak jakinarazi zuen Palestina komikiaren 1. edizioa agorturik dagoela eta beste 2.000 ale plazaratuko dituela Astiberrik. Horrekin batera, iragarri zuen aurki Gazako oin-oharrak kaleratuko duela Bilboko argitaletxeak, kazetaritza-komikia bigarren hori ere, historian atzera egiten duena 1956ra arte, Gazako Jan Yunis eta Rafah hirietako gertaera odoltsuak kontatzeko. “Honetatik, bi irakurketa xume”, zioen Gabiriak aipatu mezuan: “Batetik, euskarara itzulitako liburuak ere saldu daitezkeela. Eta, batez ere, Palestinari buruz hitz egiten jarraitu behar dugula, eskura dauzkagun tresna eta bozgorailu guztiekin. Hori ere erresistentzia da”.

Erantzuna, herritarrengandik

“Palestinaren alde egoteko modu bakarra sionismoaren kontra egotea da; Palestinaren alde mintzo direnak, baina Israelen kontra hitz erdirik ere esan gabe... nik horiek ez ditut alboan nahi”, idatzi zuen astebete lehenago Gabiriak, sare sozial berean.
Espainiako Vueltan gertatutakoen harira, uste du ilargia seinalatuta ere hatzari begiratu diola jende batek, baina balio izan duela behintzat genozidioari buruz hitz egiteko, “baita jende askori mozorroa kentzeko” ere. Olatua geroz eta handiagoa da, gainera: Bartzelonako Udalak adierazi du ez duela 2026ko Frantziako Tourraren hasieran Israel Premier Tech taldea izaterik nahi, eta antzeko terminoetan hitz egin du Kanaria Handiko Gobernuak, datorren urteko Espainiako Vueltaren harira. “Nork daki, agian, Bilbon gertatutakoen harira esandakoak irentsi beharko ditu Juan Mari Aburto alkateak”, esan digu itzultzaile galdakoztarrak. Agintariek “jendeari kasu” egin behar diotela uste du, kalean zer egosten ari den ikusi... “Begira Pedro Sanchez, agian hauteskundeak galduko ditu, baina bere hitzak historiarako geratu dira”. Hain justu, “historiak jarriko du bakoitza bere lekuan”, dio. 

“Argi dagoena da gasolina guztia herrian dagoela”, esan digu. “Jada pasa dira bi urte, eta instituzioak... Oso atzetik doaz. NBEk, adibidez, pasa den astean erabili zuen aurrenekoz ‘genozidio’ hitza. ‘Herriak salbatuko du herria’, ba duda barik”.

Kanta punk bat

2022an Maus komikiaren euskarazko edizioa publikatuta, urtean horrelako “liburu izugarri” bat argitaratzen jarraitzea erabaki zuen Astiberrik. Esan dugu jada, Palestina heldu zen 2023an, Gerra Gazan iaz eta Gazako oin-oharrak udazken honetan. “Logikoa da trilogia osatzea”, Gabiriaren hitzetan: “Bizitzen ari garen hau guztia... olatua hartu beharra zegoen, seguruenik ez Astiberriri diru-sarrera handiak ekarriko dizkiolako, aktibismoaren zeragatik baizik”. 

“32 orrialdeko garrasia”. Hitz horiekin definitu du argitaletxeak iaz plazaratu zuen Gerra Gazan komikia. Egileari barren-barrenetik ateratako orroa, abesti punk bat bezain zorrotz, bezain gordin, lepora zuzenean. Haren barne gogoetek gidatuko gaituzte zuri-beltzezko infernuan zehar, zeinaren ateetan Genozidioa hizki larriz pintatua ageri den.

Badakigu nola bukatuko den hau”, idatzi du Saccok, munduko goi agintari eta munstroek –nor da, baina, benetan munstroa?– bat egiten duten infernuko zirkuluan: “Gerrazaleak bakegile gisa agertuko dira eta, apaltasunez, beren buruak Nobel Sarirako hautagai izendatuko dituzte. Bitartean, zertan ari gara nazioarteko gorte baten edo bestearen epaien zain? Ez al genuke zerbait egin behar geure kabuz? Adibidez, Dante Alighieri berpizteko kanpaina bat? Zeren soilik poeta batek konjura lezake honelako infernu bat, genozidioa sustatu eta armaz hornitu dutenen neurrikoa. Eta Gazako hildakoek ziurrenik badakite espero dezaketen justizia bakarra fikzioaren lurraldean bizi dela”.

“Ez-fikziozko” trilogia eder hau izan dadila, bere txiki-handian, hildakoek merezi duten justiziaren bozgorailu. 

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Eguneraketa berriak daude