TikTok-en parafernaliatik urrun bizi naizenez, aurreko egunera arte ez nuen jakin Maria Pombo horren berri. Sare sozialek orduero aurkitzen dute kalapitarako gairen bat eta, honakoan, kristorena sortu zuten influencerrak irakurtzearen gainean egindako adierazpenek. "Esango dut. Irakurtzea gustatzen ez zaion jendea dagoela gainditu behar dugu. Eta gainera ez zarete hobeak irakurtzea atsegin duzuelako", esan zuen bere liburuak apaleko apaindura hutsa besterik ez zirela zioen iruzkin bati erantzunez. Hitz arriskutsuak, benetan.
Suposatzen dut jende gutxi harrituko zuela milioika jarraitzaile dituen “sortzaile” batek kontsumismo bizkorrago eta estresagarriagoaren aldeko alegatua egiteak, betiere eduki pausatuagoen eta norberaren arreta osoa eskatzen duten jardueren kaltetan. Horixe baita gaur egungo gizartearen zailtasun handienetako bat: kontzentrazioa mantentzea. Minutuek pantailen aurrean ihes egiten digute.
Argi dago belaunaldi berrien kontsumo-ohiturak bateraezinak direla 600 orrialdeko liburuki bat irakurtzearekin edota zinema-areto batean bi orduz abstraitzeko esertzearekin
Ez naiz sartuko irakurketak ematen dizkigun alderdi positibo guztietan, soberan frogatuta baitaude. Argi dago belaunaldi berrien kontsumo-ohiturak bateraezinak direla 600 orrialdeko liburuki bat irakurtzearekin edota zinema-areto batean bi orduz abstraitzeko esertzearekin. Izan ere, hortxe datza arazoaren gako nagusia. Gazteek (eta ez hain gazteek) bideo hutsen ur-jauzi etengabe horretatik aldentzea erabakiko balute, Pombo bezalako pertsonaiak ez lirateke inor izango.
Maria bera eta haren jiteko gehienen background-a ezagutzen ez badut ere, nire inguruan ikus dezaket pertsonek denbora larregi galtzen dutela ekarpenik egiten ez dieten edukietan. Dopamina eta kontsumo bizirako gogo nazkante hori, gure mugikorrarekin txoratuta gauden bitartean denboraren nozioa galduz. Hemen, dena esanda, inor ez dago bekatutik libre. Beraz, ez dezagun ahaztu liburu batek, edozein motatakoa izanda ere, lagundu diezagukeela burmuina estimulatzen, memoria hobetzen, kontzentrazioa handitzen, pentsamendu kritikoa garatzen edota estresa murrizten, beste onura askoren artean.
Bai, Maria, irakurtzeak hobeak egingo gaitu.
Jon Otermin Benito
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.