Israelgo polizia eskuak lotuta dituen gizon palestinar bati hainbat aldiz deskarga elektrikoak ematen ikus daiteke YouTubera abuztuaren 22an igotako bideoan. Jerusalem ekialdeko auzo okupatu bateko parke batean kokatu dute ekintza webgune palestinarrek. Inguruetan jendea ikus daiteke ikusitakoarekin harrituta.
42 urteko Talal Siad lurrean etzanda ikusten da, deskarga elektrikoek eragiten dioten agoniaz garrasika. Israelgo poliziek deskargak botatzen dituzten pistolarekin egin zioten tiro, eta eskumuturrak lotuta izanda ere, deskargak ematen dizkiote, nahiz eta inongo arriskurik ez izan agenteentzat.
Siad atxilotu eta egun argiz horrela tratatu zuten, bere hitzak jaso dituen Electronic Intifada webgunearen arabera, poliziei aurpegiratu zielako beste palestinarrak gaizki tratatzen zituztela parkean.
Bideoko protagonistak azaldu du hiru urteko semea eskuan zeramala ikusi zituela poliziak gazte palestinar batekin gehiegikeriatan, gertutik piper spraya botatzen eta deskarga elektrikoak ematen. Umea albo batean utzi eta poliziengana joan zenean geratzeko eskatzera, bera erasotu zuten. Bideoaren amaieran ikusten dira bi pertsona hauek lurrean etzanda.
Siadek esandakoaren arabera, bere aurkako erasoak "Jerusalemgo ume eta emakumeen artean izua zabaldu zuen, eta jendea poliziei gelditzeko erreguka hasi ziren, baita familia juduak ere".