Rachel Corrie Palestinaren aldeko ekintzailearen heriotza "istripu tamalgarria" izan zela eta Israelgo Estatua eta armada ez direla errudun esan du Haifako (Israel) Auzitegi Gorenak, ekintzailearen familiak ezarritako demanda zibilari erantzunez. Corrie Israelgo armadako hondeatzaile batek azpian harrapatuta hil zen 2003an, 24 urterekin, palestinarren etxeak eraits ez zitzaten aurrean belauniko zegoela.
"Nahita" egoera arriskutsuan ipini zela eta toki militar itxia izanik "ilegalki" zegoela argudiatu du Oded Gershon epaileak. Gaineratu du gidariak ezin izango zuela Corrie ikusi hondeatzaileen kabinatik.
Corrieren familiak 300.000 dolarreko ordaina espero zuen, hondeatzailea gidatzen zuen soldaduak "apropos" hil zuela pentsatzen baitu. Epaia ezagutu ondoren "triste" eta "kezkatuta" azaldu ziren atzo: "Gaurkoa egun txarra izan da, baina ez soilik gure familiarentzat, baita giza eskubideentzat, humanitatearentzat eta Israel berarentzat ere".
Giza eskubideen plataformek "aurrekari arriskutsutzat" jo dute epaiketaren emaitza.
Informazio gehiago, The Guardianek egindako bideoa: