Iruña-Veleiak duen garrantzia

  • Iruña-Veleia modu garbian argitzea euskaldun eta euskaltzale bezala uste baino garrantzi handiagoa daukala pentsatzen dut. Esan beharra daukat Iruña-Veleia kasuan nahikotxo ikertu dudala baina  gehiegi sakondu gabe ere eta ate zehatz batzuk joz edonork ondorioak atera ditzakeela. Hau dena barneratzeko garrantzitsua da ikuspegia zabaltzea eta espero dugun mundu perfektu horretan pertsonen interesak, batzuen egoa, inbidiak, dirua, herri bat asimilatzeko historiaren eraketa eta maite ditugun eta maite ez ditugun politikariak daudela jakitea.


2020ko apirilaren 12an - 08:34

Gure herriak kulturalki hainbeste urtetan zehar sufritu duena ikusita ez dut ulertzen gaur egun ere oraindik jendeak Eliseo Gil-enganako zalantzak izatea. Agian politikarien presiopean dauden hedabideek eman duten informazioa eta erakutsi duten jarrera eskasagatik izan daiteke. Gaia objetiboki aztertuta faltsutasunaren aldeko jarrerak eta jokabideak irregulartasunez beteta daude, erabatekoak eta lotsa gabe egindakoak gainera. Goazen gaia aztertzera.

Lehenik eta behin Arabako Foru Aldundiaren jokaera susmagarria eta zikina. Lorena Lopez de Lacalle orduko Arabako Foru Aldundiko kultura diputatua buru, Eusko Alkartasunekoa (gaur egun Bildu) eta ikertu dudanagatik Opus Deikoa. 2006an Eliseok egindako kata kontrolatuei eta Europako laborategietara eramateko eskaerari entzun gor egin  eta bera kanporatzeko Espainiaren agindupean dagoen UPVko “aditu” batzordea sortu zuen. Batzordekide horren artean UPVko hizkuntza europarrean katedraduna zen Joaquin Gorrochategi zegoen, piezak agertutakoan grabatuta dauden adierazpenetan argi utzi zuen benetakoak zirela baina 4 egunetara Pirinioetan egonda (hala dio gutunean) iritzia aldatu eta inolako euskarririk gabe, ikertu gabe,  faltsuak zirela adierazi zuen. Niri bederen, jarrera hori oso susmagarria egiten zait.

Une horretatik aurrera pertsona horrek faltsutasunaren alde sutsu borrokatu zuen eta Lorena Lopez de Lacallek osatutako batzorde horretan pisu handia hartu zuen. Izan ere, 2008ko azaroaren 19an batzordekideak azkenengoz batzartu zirenean eta Eliseo kanporatzeko erabakia hartu zutenean batzordekideek entregatu beharreko txostenetatik Gorrochateguirena soilik zegoen entregatuta, AFAko webgunean konprobatu dezakegun bezala gainontzeko txostenak 3 aste edo hilabete beranduago entregatu ziren. Egun horretan bertan Foru Agindu batekin Eliseo Gil eta bere lan taldea euren burua defendatzeko aukera barik kanporatuak izan ziren.

"Eliseo kanporatuta, aztarnategian nahi zutena egiteko bidea zabaldu zuten, lehen helburua lortuta. Lotsa barik eta susmoak aldentzeko neurriak hartu gabe UPVk aztarnategiko kudeatzeko ardura hartu zuen, hori gutxi balitz UPVko arkeologia saileko Julio Nuñez batzordekidea zuzendari izendatu zuten"

Behin Eliseo kanporatuta aztarnategian nahi zutena egiteko bidea zabaldu zuten, lehen helburua lortuta. Lotsa barik eta susmoak aldentzeko neurriak hartu gabe UPVk aztarnategiko kudeatzeko ardura hartu zuen, hori gutxi balitz, UPVko arkeologia saileko Julio Nuñez batzordekidea zuzendari izendatu zuten. Baina pertsona honek faltsutasunaren aldeko txostena garatu zuen ezta? Bai, epailea eta onuraduna izan zen. Bere profesionaltasuna eta jarrera zintzoa adierazteko Eliseok pieza asko ateratako gunean kontrol barik hondeamakina sartu zuen 8.000m karratuko arloa suntsituz (YouTuben bideoa). Plataforma batek salaketa jarri zuen baina epaitegiak egun batean artxibatu egin zuen. Guztion ondarea gupida barik eta Eliseok bere errugabetasuna frogatzeko baliagarriak zituen frogak suntsitzeagatik zerbait esan du erakunderen edo politikariren batek? Ez, batek ere ez.

Bigarrenik, Eliseo kanporatzeko erabilitako frogak aztertuko ditugu. UPVko batzordekideek garatutako txostenak hain zuzen ere. Aktan agertzen denaren arabera aholkularitza batzordea zen baina eurek egindako txosten baragarri eta inondik inora ere sostengatzen ez diren oinarririk gabeko horiek izan ziren Eliseo kanporatzeko arma preziatuak. Inongo interes barik eta euro bat ere kobratu gabe munduko hainbat adituk txosten horiek errebatitu eta kasu askotan gezurrez beterik daudela ere publikoki esan dute.

Profesional horietako bat aipatzearren, agian arkeologia gaia izanda esanguratsuena den Edward Harris arkeologoa aipatuko dut, beti ere ausardiaz eta zintzo jokatutako gainontzeko profesionalak gutxiesteko asmorik gabe. Eliseok erabilitako teknikaren sortzailea eta mundu mailako arkeologorik ospetsu eta arkeologoen artean miretsienak Lurmenek egindako lana goraipatu du eta horrelako faltsifikazioa egitea ezinezkoa dela publiko ere egin du. Zuek uste duzue haiek guztiek zentimorik kobratu barik eta inolako interesak lortu barik euren prestigioa eta profesionaltasuna jokoan jarriko luketela? Zertarako marearen aurka arraunean egin? Zertarako iruzurgile baten alde egin inongo etekinik atera gabe? Izan gaitezen zentzudunak! Gaur egun oraindik UPVko batzordekideen eta orain Eliseoren kontra egin duten langileen ahotik lan egiteko modua okerra izan zela entzun behar izan dugu. Badaezpada epaileak Eliseoren eskariz Edward Harris eta UPVko batzordekideek egindako txostenak hankaz gora jarritakoak ez ditu onartu.

Hirugarrenik, zergatik zientziaren bidea aukeratu beharrean ikusten ari garen muntai judiziala aukeratu duten aztertuko dugu. Esan beharra dago Euskal Herrian ezagutu dugun instrukzio faserik luzeena dela hau, herritar batek hamaika urteko itxaronaldia egin behar izan du bere lanbidea burutu ezinik eta denbora luze horretan bere kontra aurkeztutako froga fisiko bat bera ere mahai gainean jarri barik. Hamaika urte? Hilabete batean jakin dezakeguna? Niri behintzat, susmagarria egiten zait.

2006an euskerazko idatziak atera eta gero susmoak zabaltzen hasi zirenetik Eliseok Europako laborategietara eramatea publikoki eskatu zuen baina Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute eraman nahi izan. Lehenik eta behin UPVko laborategira eraman eta Madariaga jaunak, herritarrak engainatzeko, petrolioz egindako osagai moderno bat agertu zela eta beraz grafitoak faltsuak zirela adierazi zuen. Baina zer zen hura? munduko aztarnategi guztietan piezak itsasteko ohikoak diren kolen osagarrietako bat. Eta txostenean zer jarri zuen? Hanka-sartzea ikusita, grafitoak zaharrak ala egin berriak ziren ezin zela jakin jarri zuen. Txostena noiz aurkeztu zuen? Abenduan, kontuan izan Eliseo azaroaren 19an kanporatu zutela.

Urte batzuk geroago, Eliseo Gilek epaileari datazioak egitea eskatu zionean,  Espainiako makinaria martxan zegoen.  Piezak horrelako ikerketak egiteko trebatua ez zen lekura eraman zuten, “Instituto del Patrimonio Cultural”era hain zuzen ere, piezen gainazaleko ikerketa egin eta zer espero duzu irakurle horrek? Eliseoren errugabetasuna baieztatuko duen frogarik espero ahal duzu? Espero bezala metal modernoak agertu ziren. Munduko aztarnategietako pieza guztiek izango luketena agertu zen. Epaiketan Mikel Albisu geologoak agertutako metal kantitate nimiñoak kanpoko eragileengatik kutsatu direla fisikoki demostratu du, faltsutuz gero puntzoi batek hondar kantitate gehiago utziko lukeela alegia. Arkeologia munduan ohikoa den bezala piezak garbitzeko sarrantzia edo zepiloa pasatu eta gero zer nahi duzu ba? Nire irudimenaren baitan Martin Almagro Gorbea “Espainiako Real Academia de la Historiako” burua “Aceros Españoles”eko lantegitik hartutako metal zatiak piezen gainera botatzen ikusten dut. Ikerketa penagarri hura lan talde batek sinatu beharrean pertsona batek soilik sinatu zuen. Datazioak egitea barrunbeen ikerketa serioa burutzea da, hori Eliseogatik aurpegia eman ez duten euskal arkeologo guztiek badakite, baina hobeto isilik zertarako nire lanbidea jokoan jarri. Enpatia falta horrek itsutu egin ditu eta ez dira ohartu egunen batean Eliseori gertatutakoa eurei gerta dakiekeela. Ikerketa asko egin direla diote baina gezurra da, Eliseoren lagun talde batek 12.000€  jartzeko prest egon da baina ez dituzte grafitoak Europara eraman nahi izan eta gai zientifikoa judizializatu dute, dena estali nahi dutenek bertan boterea daukatelako, horrela uste dut nik bederen.

"Euskal Herrian ezagutu dugun instrukzio faserik luzeena dela hau, herritar batek hamika urteko itxaronaldia egin behar izan du bere lanbidea burutu ezinik eta denbora luze horretan bere kontra aurkeztutako froga fisiko bat bera ere mahai gainean jarri barik. Hamaika urte?"

Laugarrenik, hedabideek gai honekiko daukaten jarrera aztertuko dugu. El Correon, gure artean gehien irakurtzen den egunkarian, “ustezko” hitza oraindik euren hiztegietara ez dela heldu ikus dezakegu. Deiak, hobeto izena aldatu eta “Llamamiento” jartzen badio bere egunkariari. Baina penagarriena da espainiarrek gupida barik egurtu dituzten “Gara” eta “Berria” bezalako egunkarietatik hain gai larria eta garrantzitsua den honetan izan duten jarrera pasibo eta batzuetan aurkarien aldekoa ikustea. Batez ere, oraindik errugabea den herritar baten inguruan Zaldi Erok sarritan egindako txiste eta harrokeriaz YouTuben egindako adierazpen mingarriak. Epaiketa honen jarraipenean EITB bezalako hedabide publikoren zentsura eta manipulazioa onartezina eta salagarria da. Epaiketa egunetan Eliseo egurtu baino ez zuten egin, nahi izan zuten informazioa emanez eta nahi izan zuten bezala. Oskarren onarpena bonbazoa legez saldu ziguten. Gorrochateguik ere ezustean harrapatu zuela esan zuen hedabideetan eta hara! Oskarrek arkeologoen artean ohikoa den txantxa 2005ean onartu zuen eta ez du inoiz ezkutatu. Gure kazetariak despistatuta daude eta Gorrochateguik altzaimerra du antza. Gaia pil-pilean dagoen garai honetan Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan 3 solasaldi eraman eta denak oso adituak eta faltsutasunaren aldekoak. Benetakotasunaren alde ez dago inor ala? Dena dela aditu batek  ere ez zuen hondeamakinarena komentatu. Hedabideek Eliseoren aldeko testigantza bat ere ez dute eman, “RIP” famatua ikertutako AFAko zaharberritzaileek horrelakorik ez duela jartzen baieztatu dute, horren harira zerbait esan dute? Faltsutasunaren alde presiopean sinatu zutenek euren testigantzak utzi dizkigute. Duela gutxi Gorka Knörrek, bere anaia Henrikek, hil arte benetakotasunaren alde egin zuen euskal filologoak, azken hatsa bota arte faltsukeriaren alde sinatzeko UPVko bi pertsonen presioak jaso zituela Twiterren birritan publiko egin du? Hedabide edo kazetariren batek guzti horren inguruan zerbait esan du? Nire irudipena da epaia duela 11 urtetik idatzita dagoela, orain hedabideen laguntzarekin herritarrak engainatu eta ganorazko frogak egin barik faltsuak direla sinestaraztea soilik falta da. Azken helburua lortzeko gutxi falta denaren susmoa daukat.

Azkenik, euskeraren eta euskal kulturaren kontra daudenak eskuak nola igurtzen dabiltzan aztertuko dugu. Guzti honen atzean erlijioaren negozioarekin aspalditik dabiltzanak eta Espainiako historia sortzen dutenak dabiltzala susma dezakegu. Izan ere, saltsan daudenak banan-banan aztertuz gero bi zutabe horiekin erlazioa daukatela ikus dezakegu. Horrez gain Iruña-Veleian agertutakoa bi zutabe horiei bete betean eragiten die, alde batetik urteetan saldu diguten kristautasunaren historia jokoan dago eta Espainiatik euskera kanpotik datorrela esaten duen teoria kolokan dago. Inongo oinarririk ez duen teoria ETB eta Alberto Santanaren bitartez gure etxera heltzea lortu dute. Nahiz eta horren helburu bakarra gure kultura, historia eta hizkuntza gutxiestea eta gure nortasuna zalantzan jartzea den gure hedabide publikoak teoria hori babestu eta sustatu egiten du. Teoria horrek zinez diotsuet euskeraren etorkizunean eta asimilazio prozesuan eragin zuzena daukala. Bestela sustatzaileek ez zioten horrenbesteko arreta jarriko. Ez duzu uste?

Gure euskal politikari, euskal kazetari, euskal erakunde, euskal filologo, euskal arkeologo eta Euskaltzaindia euren zikinkeriak estaltzearren isilik eta argitzearen kontra dauden bitartean Espainiako historia idazten dutenekin ikuskizun penagarri hau eta ETBk behin eta berriz emititzen duen Euskalduntze Berantiarra dokumentala palomitekin edo “artotxoekin” (ezta Euskaltzaindia?) ikusten jarraituko dut.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude