Gazte ikaragarriak

  • Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.

Argazkia: Enea Pagola

2019ko martxoaren 13an - 15:29
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Publikoa ez zen ikaratu, nonbait, gaztetxea lepo bete baitzen bertsolariak entzuteko. Entzule gehien-gehienak gazteak ziren, eta hainbat euskalki zebiltzan airean (ai, ikasleen ostegunak!). Bilbon ez dela euskararik entzuten? Hori dioena ez zen Bertso Errondako publikoaren artean egon.

Eta zer esan saioaren inguruan, txapelketa serioagoen zurruntasunetik ihesi irudimenaren eta freskotasunaren gorazarrea izan zen. Bederatzi bertsolari gazte (hamar sailkatu ziren, baina Ane Peñagarikanok huts egin zuen), albokoei ziria sartzeko prest beti, bertsoaren mugak apurtu eta ondo pasatzeko asmoz. Ia hiru orduko saioa ziztu bizian pasatu zen.

BERTSO ERRONDAKO FINALA
Noiz: otsailak 28
Non: Bilboko 7Katu gaztetxean

Hasteko, agurrak binaka abestu zituzten, kanta ezagunetako doinuak erabilita, bertsotik baino performance-tik gehiago zuen estiloan. Ondoren, binaka berriz, kanporaketak hasi ziren. Ariketa arraroak agindu zizkioten bikote bakoitzari, eta huts egiten zuena, hilobira. Hitz debekatuak, errima amaiezinak, beste norbait belarrira hizketan zutela kantatu beharra... denetariko trabak gainditu behar izan zituzten.

Ofizioka ere aritu ziren gero, adar-jotze giroari eta umoreari uko egin gabe. Nor da nor jokoan, aldiz, entzuleak protagonista bihurtu ziren, baten baino gehiagoren lotsagarri. Izuaren gau hartan ezin ziren berpiztutako hildakoak falta, eta epaileek Iraitz Mateori eta Ander Anakaberi beste aukera bat eman zieten. Azken hori, gainera, buruz burukora heldu zen. Publikoaren idolo bihurtu zen Anakabe, batez ere kopletan Chanquete-ren doinua atera ezinik aritu zenean.

Buruz burukoan, komunean eserita kantatu zuten Unai Mendiburuk eta Ander Anakabek. Algara eta irrietarako zegoen giroa, bertsotarako baino gehiago. Baina Mendiburuk ondo eutsi zion presioari. Merezita irabazi zuen Bertso Errondako finala. Ariketa guztietan eroso, zorrotz egon zen, eta besteek baino bertso biribilagoak bota zituen. Hala ere, gainerako finalisten lana ere gogoratu behar dugu: Paule Loizaga, Urko Arregi, Aissa Intxausti, Kerman Diaz, Asier Alcedo, Iraitz Mateo, Ander Ucelay eta Ander Anakabe.

7Katu gaztetxeko izuaren gauak ezusteko atsegina ekarri zigun: bertsolari gazteak euskaraz sortzen eta publiko gaztea euskaraz ondo pasatzen. Mozorroak eta dekorazioa beldurgarriak izan ziren, bai; baina gazteen lana bai ikaragarria!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

2025eko abenduaren 1
"Ilargia eta Landareak" agendaren aurkezpena Biriatuko Arbolaren Bestan
"Fruta arbolak bermatzen du zer jana izango dugula"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!