Nafarroa Arenan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, azaroaren 29an

  • “Urrats kuantitatibo eta kualitatiboa” eman du antolakuntzak, finala lekuz aldatuko du, inoizko finalik “handiena” egiteko. Zortzi saiok osatuko dute txapelketa. Sarrerak udazkenean jarriko dituzte salgai.


2025eko uztailaren 3an - 09:31
Azken eguneraketa: 11:02
2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela. Nafarroako Bertsozale Elkartea.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurkeztu berri du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Aurtengo udazkenean jokatuko da, urriaren 4an Auritzen hasi eta azaroaren 29an Nafarroa Arenako final handian amaitu arte. Datak dagoeneko publiko badira ere, sarrerak irailean jarriko dituzte salgai, txapelketaren aurkezpen jaiarekin batera.

Aurtengo txapelketak urrats bat aurrera emateko aukera eman dio Nafarroako Bertsozale Elkarteari. Herrialdean bertsolaritza gorakada izaten ari da, hori dio antolakuntzak, eta horrek bultzatuta erabaki dute salto “kuantitatibo eta kualitatiboa” ematea. Izan ere, lehen aldiz finala Nafarroa Arenan jokatuko da, eta horrek aukera emango die “txapelketak izan duen finalik handiena” egiteko, bai ikusle aldetik, baita baliabide aldetik ere.

2023ko parte hartzaile kopuru bera izango du txapelketak irailetik aurrera: 24 bertsolari. Maiatzean jokatu dira udazkenerako sailkatzeko saioak, eta horietan 30 bertsolari aritu dira. Sailkapena lortu duten 24 bertsolari horiek lehen faseko lau saiotan jokatuko dute sailkapena, eta horietatik hamazortzi bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetara: hiru saio izango dira fase horretan. Finalera, ohiko legez, zortzi bertsolari pasatuko dira.

Antolakutzak parte hartzaileen arteko aniztasuna azpimarratu du. Izan ere, txapelketan parte hartuko dute Kattin Madariagak, 2025eko Nafarroako eskolarteko txapelketako txapeldunak, baina baita txapelketan urte luzez aritutako bertsolariak ere, tartean hiru txapeldun: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.

Zortzi herri hauetan jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioak:

Urriak 4, Auritz - Auritzeko Kultur Etxea

Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxea

Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunea

Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxea

Azaroak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxea

Azaroak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoa

Azaroak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunea

Azaroak 29, Iruñea – Nafarroa Arena


Bertsolaritza kanalean gehiago
2026ko otsailaren 9
Arabako Bertsolari Txapelketa 2026
Aroa Arrizubietak irabazi du Oiongo lehen saioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.